Lizarra (Fraxinus Excelsior L.)
Euskal Herrian Fraxinus generoko bi espezie autoktonok dute banaketa geografikorik zabalena: Lizar arrunta (Fraxinus excelsior L.) –kantaurialdean arrunta– eta Lizar hostotxikia (Fraxinus angustifolia Vahl.) –gehiago hedatzen da eskualde mediterranearrean– .
Deskribapena
Lizarra hostoerorkorra da. Hosto konposatuak ditu, 7-13 hostoxkaz (21-311 mm) osatuak. Hostoxkak binaka parekatuta egoten dira, eta adarraren amaieran hostoxka bakarra egoten da. Hostoxkak lantzeolatuak dira, eta puntan amaitzen dira. Haien ertzak zerradunak dira, eta azpialdeko nerbioen inguruan ileak izaten dituzte. Adarren puntetan, kimuak babesteko estalki beltzak ditu.
Landare monoiko edota hermafrodita da. Loreak aurreko urteko adarretan ateratzen zaizkio, sortaka. Petalorik gabeko loreak dira. Fruitu lehorrak (27,9-48,4 x 5,7-10,2 mm) ditu, luzangak, eta mintzezko hegala izaten dute.
Azala gaztetan leuna izaten da, eta, zahartzean, zartatu egiten da. Azal grisa du.
- Ekologia. Leku fresko eta hezeetan agertzen da, lurzoru aberatsetan.
- Banaketa. Eurosiberiarra.
- Loraldia. Martxoa-Maiatza.
- Tamaina. 10-40 m.
- Altitudea. 0-1.359 m.
- Erlazionatutako habitatak. Haltzadia.
Oharra
Ez nahasi beraren ahaide lizar hostotxikiarekin (Fraxinus angustifolia), hura mediterraneoagoa baita. Lizarrak begi beltzak ditu; lizar hostotxikiak, marroiak. ■
Iturria: Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika sailak ondutako Basoak.eus webgunea.