Osagaiak
- 20 piper gorri
- 200 gr otarrainxka zuritu
- Tipula bat
- Oliba olio birjina
- Gurina
- 4 koilarakada irin
- ¾ litro baserriko esne
- Kalabaza puska
- Esne gaina basokada
- Piper hauts beltza eta gatza
Bi eguneko prestaketa
Lehenengo egunean tipula zati txikietan moztu eta lapiko batean olio pixka bat eta gurin koilarakada batekin erregosi 20 bat minutuz. 4 koilarakada irin gehitu, nahastu eta pixka bat egin ondoren, esnea beroa gehitzen joan poliki-poliki guztia bukatu arte. Ondo nahastu eta bexamel krematsua lortuko dugu. Otarrainxkak xehatu eta zartagin batean oliba olioarekin su oso motelean bost minutuz eduki estalita. Ondoren bexamelari gehitu eta ongi nahastu. Bexamela hurrengo egunera arte hozkailuan gorde.
Bigarren egunean, piperrak (pikillo piper freskoak eta aurrez etxean erretakoak badira hobeto, baina, kontserbakoekin ere goxoa aterako zaigu) banan-banan aurreko egunean prestatua dugun bexamelaz bete. Labeko erretiluan jarri bata bestearen ondoan eta oliba olio zorrotada fin bat bota gainetik. Bost edo zazpi minutu inguruz bertan eduki eta atera.
Kuia zuritu eta laukitxoetan moztu. Oliba olio pixka bat gehitu lapiko batean, kuia gehitu, eta 3 edo 4 bat minutuz erregosten mantendu. Ondoren esne gaina gehitu, piper hauts eta gatz pittin batekin. Guztia su motelean eduki 10 minutuz. Kuia krema lortu arte. Garrantzitsua da kuia krema turmisetik ez pasatzea, kuiaren testura nabarmentzeko.
Aurkezpena
Piperrak plateretan banatu eta gainetik kuia kremarekin estali. ■
Sukaldaritzako ibilbide oparoa du Iker Markinez Munduatek, inguruko zein urrutiko jatetxe ezagunetan formatua, azken 21 urteetan Ormaiztegiko Kuko jatetxeko nagusia eta sukaldaria izan da. Gaur egun Beasaingo Kaxolan du ardura eta zeregina.
Kaxolaren proiektuak, kalitatezko sukaldaritza eta etxera prestatuta eramateko jakiak lotzen ditu, bertako obradore edo sukaldean mimo handiz landuak denak ere.
Garaiko eta ahalik eta gertueneko lehengaiak dira abiapuntua. Lehen sektorearekiko konpromisoa ere bai. Ekonomia zirkularra sustatuz, gaurko gizarte erritmoan, etxeko egunerokotasuna erraztea ere badute helburu. Asmoa sinplea da: etxera eraman, jan eta gozatu. Baina produktu bakoitzak bere atzean, eskulana eta sorkuntza ditu.