Amerikako Estatu Batuetan bakarrik ez, Euskal Herrian ere ospatu izan da Santu Guztien Egunaren bezperan, urriaren 31n, Gau Beltza, Arimen Gaua edo Hildakoen eguna. Aurreko mendean ohitura zen kuiak edo kalabazak, erremolatxak edo arbiak hustu eta kandelak jartzea, eta baserrietan gaztaina erre janak egiteko elkartzea edo umeak eskean ibiltzea. Ohitura horiek berreskuratzen hasi dira herrietan. Izan ere, badira urte batzuk AEBetako Halloween festa Euskal Herrira ere iristen hasi zela, batez ere ume eta gaztetxoen eskutik, erositako mozorroak jantzita eta saria edo ziria egiten etxez etxe edo dendaz denda. Kezka sortu zuen horrek gurasoen eta aisialdi taldeen artean.
Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek Itzalitako kalabazen berpiztea (2018) lan etnografikoaren laguntzarekin, herrietan Gau Beltza berrasmatzen ari dira, batez ere, euskara elkarteak eta guraso elkarteak, beti ere antzinako ohituretan oinarrituta eta garai berrietara egokituta. Euskaltzaleen Topaguneak Gaubeltza.eus webgunean ditu pilatuta Gau Beltza antolatzeko ideiak eta proposamenak.
Goierrin gero eta herri gehiagotan
Urtetik urtera, Goierrin ere gero eta herri gehiagotan ospatzen dute Gau Beltza. Ordizia, Itsasondo eta Legorreta dira horren adibide. Ezberdinak dira hiru herrietako Gau Beltzak, baina ezaugarri amankomunak badituzte: kanpoko erreferentziei aurre egitea, eta osagai nagusiak iluntasuna, beldurra, gozokiak, mozorroak dituztela.
Ordizian hilabeteko lanketa
Hirugarren urtea da Hitzaro Euskara Elkarteak Gau Beltza antolatu duela. Hitzaroko Aintzine Anduagaren esanetan, «gure helburua litzateke, herriko elkarte desberdinak ere parte hartzen hastea. Guraso Elkarteak, ikastetxeak gehiago inplikatzea, Musika Eskola gure beldurraren ibilbidea musikaz girotzeko… edo gaztaina jana plazan egitea gurasoek umeak beste ekintza batzuk egiten ari direnean…». Gipuzkoako hiru herriren adibidea aipatu du: «Oiartzunen, Eibarren eta Aretxabaletan festa handiak egiten dituzte. Plazan biltzen dira eta gaztaina jana, sagardo dastaketa…egiten dituzte. Herri mailako festa giroa sortzen dute».
Ordizian urtetik urtera aurrerapausoak egiten ari dira, eta aurten, aurreikuspen guztiak hautsita, inoiz baino jende gehiagok hartu du parte Gau Beltzean. Hilabeteko lanketa egin dute astez aste auzo ludotekan. «Umeekin hastea da errazena. Gure etorkizuna umeak direnez eta umeak euskaldundu nahi ditugunez, Topaguneak bere helburutzat hori du. Halloween hainbeste gustatzen zaienez, gure oinarriak begiratu eta berrasmatu ditugu. Guk ere ospatzen genuen. Beste era batera. Umeak asko erakartzen dituenez, goazen sustraietara jo eta euskalduntzera».
Urriaren 25ean adibidez, Argi Berri elkartean elkartu ziren haurrak eta gurasoak kalabazak husteko, eta haurrentzako ipuin kontaketa bereziak ere egin dituzte. Atzo, berriz, Gau Beltzeko beldurraren ibilbidean inoiz baino jende gehiagok hartu du parte. «Beldurraren ibilbidea deitzen diogu mozorrotuta ibiltzen direlako eta beldurra sortzen joaten direlako herrian zehar».
Xanduli, Manduli / Eman gaztainak niri kantatu eta Ordizian elkarteko hamabi saltokitan gozokiak jaso dituzte opari. Mozorroari dagokionean ere, lanketa berezia egin dute hilabete osoan, irizpide batzuk proposatu eta zehaztuta. «Guk proposatu diegu aurpegia zuriz margotzea edo zapi zuri batekin tapatzea, begi inguruak belztuta beldur puntu bat emateko. Arropa edozer izan dadila, etxean duten edozein trapu zahar. Erositakoak ez, eta genero bereizketarik gabekoak».
Itsasondon, antzerki-jolasa
Itsasondon bosgarren urtea dute aurten, Urkipe herri eskolako Guraso Elkarteak Gau Beltza antolatuko duena. Aitziber Irazustaren esanetan, Itsasondon «Gau Beltza argitu nahian» ibiltzen dira. «Lema da, Argitu daigun Gau Beltza, argitu daigun hildakoen bidea, argitu daigun beraiek gugan utzi duten hutsunea. Plazan esaldi hori esandakoan, plazan dagoen argia, kandela gorri bat, eramaten dute. Hor hasten da antzerki-jolasa. Bi ibilbide prestatu ditugu aurten». Azken batean, Gau Beltzaren zentzua horixe da, argia bilatzea: «Ez dugu iluntasunean galduta ibili nahi. Nahi izan duguna argi bilaketa antzerki-jolas bat egitea da, intriga askorekin, pertsonaiekin eta istorio politekin».
Hogei-bat pertsonaia azaltzen dira ibilbidean. Batzuk, Itsasondoko garai batekoak, eta beste batzuk asmatutakoak. «Pertsonaia eta istorio gehienak asmatuak dira, baina beti ere Itsasondoko garai bateko kontuak eta bitxikeriak erakutsiz modu batera edo bestera». Irazustak nabarmendu duenez, «festa xumea» da. «Baina gurea, eta herrian oso ondo funtzionatzen duena. Antzerkian 30 bat lagun bueltaka, gurasoak, gazteak, umeak… ederra izaten da. Herriko festa bihurtu da Itsasondon». Jantziei dagokionean, «arropa zaharrekin mozorrotzeko» eskatzen diete. «Aurpegia zikinduta, zurituta, makillatuta… tapatuta ere bai… Txapelak… Aurten arropa zaharren txoko bat jarri dugu, mozorrotuta ez zetorrena gainetik trapuren bat jartzera gonbidatzeko».
Legorretan txikitik handira
Legorretan iaz hasi ziren Gau Beltza antolatzen guraso talde baten ekimenez, kanpoko erreferentziak herrira iristen hasi zirenean. Ez da egun bakarreko kontua izaten ordea. Aurten urriaren 26tik 31ra artekoa izan da. Herri antzokian, ihes-gela bat antolatzea da Legorretako Gau Beltzaren ezaugarri nabarmenena. Adin ezberdinetako herritarrek parte hartzen dute.
Aurten urrats bat gehiago egin dute: Eneko Garmendia, Maria Angeles Garrancho eta Nagore Sanchez legorretarrek Gau Beltza liburua argitaratu berri dute, Legorretako Gau Beltza inspirazio iturri hartuta, eta aitona-amonen garai bateko ohituretan oinarrituta. Ihes-gela baten egitura du liburuak, eta Jare, Maren, Lier eta Aner gazteak Oriar Jauregi zaharrean giltzapetu ditu norbaitek! Jauregitik atera ahal izateko, hainbat proba gainditu beharko dituzte. Amaia Torres ilustratzaileak Legorretako toki desberdinak marraztu ditu. Misterio eta intriga liburua da, 6-14 urteko irakurleei zuzendua.
Transmisio lanerako lan tresna bat gehiago bada beraz, euskaraz sortua eta euskal jatorrietan oinarritua. ■