Maddi Agirre Zubeldia (Ordizia, 2008) eskalatzailea da eta joan den asteburuan 18 urtez azpiko Espainiako Kopa irabazi zuen.
Nola hasi zinen eskaladan eta zein izan da zure ibilbidea?
Txikitatik gustatu izan zait parkeko uztaietatik zintzilikatzea, zuhaitzak igotzea eta halakoak egitea eta esango nuke hortik datorrela nire zaletasun hau. Ondoren, nolabait zaletasun horrek bultzatuta Tolosako kiroldegian kurtso bat egiten hasi nintzen, Iñaki Salaberriak gidaturik. Ondoren, Donostiara joaten hasi nintzen, The Factory rokodromora. Bertan Irati Zabalarekin entrenatu nuen. Orain, berriz, Zarautzen entrenatzen dut, Ester Cruzen gidaritzapean. Beraz, esan dezaket betidanik datorkidala zaletasun hau eta ondoren landu egin dudala.
Zer da gehien gustatzen zaizuna eskaladatik?
Eskaladatik gehien gustatzen zaidana, zalantzarik gabe, eskalada bera da, hau da, kirola bera. Asko disfrutatzen dut eskalatzen eta kirolaz gain, lagun ugari egiteko espazioa ere izan da eskalada niretzat. Harreman oso ona dugu bertako lagunen artean eta nahiz eta elkarren artean lehiatzen garen, beti laguntzen eta animatzen dugu elkar, hori bera ere kirol honen parte baita.
Orain 18 urtez azpiko Espainiako Kopa irabazi duzu. Nolakoa izan da prestaketa garaipen hau lortzeko?
Espainiako Koparako nire prestaketa aste osoan zehar entrenatuz egin dut. Astean hiru egunetan rokodromoan aritu naiz entrenatzen eta astean behin ariketa konpentsagarriak egiten, izan ere, ariketa hauen bitartez zeharkako gaitasunak lantzen ditut eta mugikortasun aldetik ere egun horretan egiten nuen prestaketa. Asteburuetan, berriz, harkaitzera edo rokodromora joaten nintzen txapelketara begirako entrenamenduetan sakontzera.
Nola sentitu zinen txapelketan zehar eta nola bizi izan duzu garaipena?
Txapelketa ederra izan da eta oso gustura ibili naiz. Indartsu sentitu naiz txapelketan zehar eta asko disfrutatu dut. Gainera, garaipena lortuta oso pozik nago, izan ere, uste dut egindako lanak eta esfortzuak emaitzak eman dituela eta horrek asko pozten nau, egiten dudan lan hori balioan jartzeko aukera ematen baitit neurgailu moduko honek. Finean, oso gustura nago egindako lanarekin eta ikusitako bilakaerarekin.
Zein dira zure etorkizunera begirako erronkak?
Lehen helburua kirol honetaz disfrutatzen jarraitzea da, batez ere. Hala ere, beti ditugu helburu zehatzagoak eta ametsak gustatzen zaigun horren inguruan. Beraz, disfrutatzeaz eta lagun artean ondo pasatzeaz gain noizbait absolutuetan finalera sartu eta hau borrokatzeko aukera izatea izango litzateke helburuetako bat. Horrez gain, nire ametsa harkaitzean 8b mailako bide bat kateatzea da. ■