Artearen Historia ikasi nahi zuen Mertxe Urteagak (Lazkao, 1960). Valladolidera joan zen Geografia eta Historia ikastera, eta arkeologiaren munduak txundituta itzuli zen. Diziplina hori profesionalizatzea eta bere lanbide bihurtzea lortu zuen. Arkeologoen lana ez da albistegietan askotan azaltzen, baina irailean Donostiako Ondarreta hondartzan antzinako itsasontzi baten aurkikuntzak eman zuen horretarako bidea. Foru Aldundiko arkeologoa den Urteagak koordinatu zituen lan horiek. Ibilbide luzea du arkeologiaren munduan.
Goierritarra zara, ala…
Lazkaon jaio nintzen, baina Beasainen bizi nintzen aiton-amonekin, erdi beasaindarra naiz. Oso gazte atera nintzen handik, ikastera, eta itzuli nintzenean Donostiara joan nintzen, eta azkenik, Hondarribira. Nahiago dut esatea Gipuzkoan 1960an jaiotakoa naizela. Ni erabat gipuzkoarra sentitzen naiz, nire herria Gipuzkoa da.
Zer gogoratzen duzu Goierritik?
Lazkaoko sarreran bizi ginen, baina ama beasaindarra zen, eta beti jotzen genuen Beasain aldera. Kuadrilla, Beasaingoa dut, eta mantentzen dut.
Gaztetan alde egin zenuela esan duzu.
Mojetan ikasi nuen lehenik, eta ondoren institutuan. 1977an, 17 urterekin, Valladolidera joan nintzen, unibertsitatean Geografia eta Historia ikastera.
Zergatik aukeratu zenuen Valladolid?
Garai hartan Gipuzkoa Valladolideko unibertsitate distrituaren barruan zegoen, eta karrera hura unibertsitate publiko batean egiteko aukera bakarra zen, gertukoena behintzat.
Drama handia izan al zen hara joatea?
Etxetik 17 urterekin irtetea eta pisu batean neure kasa bizitzera joatea, ez. Gure osaba Lorentxok etxea zuen han, bere alabarentzat, gero beste senideok bata bestearen ondoren han ikasiko genuelakoan, eta ni han egon nintzen, lehengusuarekin eta beste bi lagunekin. Drama izan zena paisaiarena izan zen, pentsa zer aldaketa. Hiria ere hondamendi urbanistiko hutsa zen. Lehen danbateko hura sekulakoa izan zen.
Hura Espainia zen, gainera.
Bai. Espainiako banderak, militar asko, haiei zuzendutako jostundegiak, eta beste eta beste. Egundoko talka izan zen, ez genuelako horrelakorik ezagutzen hemen. Baina beste alde batetik, 3.000 inguru euskal ikasle ginen, euskara ikasteko aukera, Benito Lertxundi edo Oskorri kontzertuetan, Santa Ageda koruak… Euskal ikasleena lagunarte handi bat zen.
Zergatik ikasi zenuen Historia?
Marrazteko zaletasuna nuen, baina Arte Ederrak egin ordez, Artearen Historia ikastea pentsatu nuen. Lehen eta bigarren ikasturteetan, ordea, Opuseko irakasle bat izan nuen, erlijio artea bakarrik erakusten ziguna, eta hark zapuztu zidan nire asmo polit hura. Zein aspergarria zen! Zorte oso txarra izan nuen.
Edo zorte ona, azkenean arkeologo izatera eraman zintuelako.
Egia esan, nik ez nuen arkeologia ikasteko asmorik, baina beste irakasle bat ere izan nuen, oso ona, Historiaurrekoa. German Delibes zen, Delibes idazlearen semea, eta harekin oso nota ona atera nuen. Bigarren ikasturtea hastean, bi klase kide oso lagunak etorri zitzaizkidan esanez arkeologia laborategian praktikak egin nahi zituztela, eta han sartzeko, Historiaurrean nota ona zuen norbait behar zutela. Nik, bakarrik astebeteko kontua izango zelakoan, baiezkoa eman nien. Aste hura igarotakoan, lagunek alde egin zuten, eta ni geratu egin nintzen.
Nolako praktikak ziren?
Sorian egindako indusketa batean ateratako zeramika zatiak garbitu, pieza bakoitzari marka bat jarri, ontziak osatzen saiatu… gustura egon nintzen. Ikasturtea amaitzean, arduradunak indusketa batera eramango ninduela esan zidan. 1978ko udazkenean joan ginen, Soriara, indusketan lan egitera. Horrela harrapatu ninduen arkeologiak. Arkeologiak amua bota zidan, eta nik amua irentsi nuen.
Arkeologian espezializatu al zinen?
Historia bost urteko ikasketak ziren, eta hirugarren mailan argi neukan Erdi Aroko historiaren espezializazioa egin nahi nuela, amaitzean Euskal Herrira itzuli eta hemen, arkeologian lan egiteko, eremu egokia iruditzen zitzaidalako. Zorte ona izan nuen, eta bi espezializazio batera egiteko aukera izan nuen. Erdi Aroko Historia egin nuen batetik, eta hor artxiboetan murgiltzeko baliabideak ikasi nituen, paleografia bezala, eta Arkeologia bestetik.
Eta berehala lanean hasi zinen.
Ikasketak amaitu, etxera itzuli eta Foru Aldundian hasi nintzen lanean, artxiboen antolaketan. Oiartzungo udal artxiboan egon nintzen, eta aldi berean, arkeologiaren munduan murgiltzen hasi nintzen, Oiartzunen bertan, Arkale mendiko Beloaga Erdi Aroko gazteluan.
Aranzadi zientzia elkartearen eskutik?
Bai. Aranzadin Historiaurreko sailak ospe handia zuen orduan, baina arkeologiakoa ezerezean zegoen oraindik. Arkaleko gaztelua industen hasi ginenean sail hartako buru zen Jaime Rodriguez eta biok departamentua indartzea lortu genuen.
Unibertsitate ikerlaria ere izan zinen.
Sei hilabeteko lan kontratu hura amaitzean, ikerketarako unibertsitate beka bat lortu nuen, eta Valladolidera itzuli nintzen. Beka haren ondotik, Londresera joan nintzen ikasten jarraitzeko, eta hantxe jaso nuen arkeologia alorreko formakuntzarik onena. Valladoliden nengoela eta Erdi Aroko Arkeologia eginda nuenez, Gormazeko gazteluko indusketan lan egin nuen, Sorian. Nire lankideetako bat Londreseko Museoko kontserbadorea zen, eta Londresera joandakoan, haren bidez lortu nuen museo horretako Hiri Arkeologia departamentuan lan egitea, boluntario gisa, Europako alor horretako departamentu onenean, hain zuzen.
Zergatik zen Europako onena?
Ni hemendik atera nintzenean, arkeologia uda sasoian egiten zen bakarrik, oporraldiak indusketak egiteko aprobetxatuz. Londresen modu profesionalean egiten zuten. Egunkarietan ere iragartzen zituzten arkeologo lanpostuak! Shock ederra izan zen!
Hango eredua ekarri zenuen hona.
Lehenbizi, haiek bezala, topografia mapak osatu genituen; Londreseko City-aren azpian, adibidez, erromatarren garaiko Londinium zegoen, eta haren mapa egina zuten. Hasteko, Irunen eta Eskoriatzan erromatarren garaiko aztarnak zeudenez, mapa egin zitekeela ikusi nuen, baita Gipuzkoako 25-27 Erdi Aroko hiribildurenak ere. Hiribildu baten berezitasunetako bat harresia zen, eta harresi lerroa topatuz gero, pentsatu nuen posible izango zela gune horiek babestea. Asmo horrekin hasi nintzen, hiribilduen plano edo mapekin, topografia arkeologikoa egitearen alde.
Bakarrik egin al zenuen lan hura, ala Aranzadirekin?
Aranzadin dena Historiaurrera zegoen bideratuta. Erdi Aroko arkeologia eta hiribilduen guneak babesteko asmoa iraultza bat izan zen, eta emakumea nintzen gainera.
Aro Ilunaz hitz egin zenuen.
Nik hala izendatu nuen, bai. Gipuzkoako lehen aipamena datorren urtean ospatuko da, 1000 urte izango dira. Eta lehenago, ez zegoen ezer? Arkeologiaren bidez jakin daiteke bakarrik, ez dago beste biderik. Aro Ilunera iristeko, pentsatu nuen hiribilduak ezagututa, posible izango zela atzera egitea eta, beste aldetik, erromatarren garaiko okupazioen aztarnategiak bilatuta, hortik aurrera.
Lan horrekin hasi zinenean sortu zenuten Arkeolan?
Hiribilduak babesteko lanean hasi nintzen, eta Londreseko ereduarekin, arkeologia lan profesionala bihurtzeko ere bai. Ateak jo, eta Foru Aldundiaren laguntza lortu nuen. Europako programa bati esker, 25 laguneko talde bat osatu genuen, arkeologo, dokumentalista, geografo eta abarrekin, eta ikasten ari ziren bitartean, Gipuzkoako 25 hiribilduen eta Eskoriatzako eta Irungo erromatarren eremuen mugaketan lan egin zuten. Burdinolak ere aztertu genituen. Bi urte egon ginen, 1987tik 1989ra. Hura bukatzean, egitura profesional bat osatzea lortu nuen, Arkeolan. Baina horretarako Aranzadiko arkeologia sailetik atera ginen. Aranzadik Historiaurrearekin jarraitu zuen, eta arkeologia guretzat geratu zen.
Lan asko egin ditu Arkeolanek.
Bai, eta lanean jarraitzen du. Une honetan Espainian dagoen dendrokronologia laborategi bakarra du, egurraren adina ezagutzeko. Arkeolan sortu berritan meatzaritzaren inguruko lan ederra egin genuen Oiartzungo Arditurrin. Agorregi burdinola martxan jartzea eta burdina egitea ere lortu genuen. Arkeologia esperimentala egin genuen, erromatarren garaiko arkeologia, Urbian zenbat lan ere bai artzaintzarekin lotutako aztarnategietan… Hura dena ez zen existitzen, eta ondare hori eraikitzen joan ginen.
Eta Oiasso.
Arkeolan eratu eta berehala, Irungo topografia arkeologikoa egin genuen, eta indusketa bat gero, erromatarren garaiko Oiasso hiriko aztarnen bila. Udalak baimena eman zigun, eta aztarnategi bat aurkitu genuen, erromatar portuarena. Gero indusketa gehiago egin genituen eta jasotako zeramika bilduma bakarrik kontuan hartuta, 125.000 zati jaso genituen, baita zurezko jostorratzak, melokotoi hezurrak… Lan hori egin aurretik, Gipuzkoan 200 ontzi baino gutxiago zeuden. Aurkitutako guztia erakustea etorri zen gero, eta urteetan nirekin lan egin zuen Jaime Rodriguez irundarrarekin batera, erakusketa bat antolatu genuen. Gero, museoa sortzeko asmoa sortu zen.
Eta asmoa errealitate bihurtu zen.
Udalak utzitako eraikin batean, Juncal eskola publikoak izandako eraikinean. Justu horren ondoan egindako indusketetan terma batzuk aurkitu genituen, eta argi izan genuen han kokatu behar zela. 2006an ireki genuen museoa.
Zeu zuzendari zinela.
Hamar urtez izan nintzen zuzendaria. Aurretik, 2001ean, museoaren proiektua zabaltzeko eta gizartean arkeologia ezagutzera emateko, Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa sortu genuen [FICAB, Festival Internacional de Cine Arqueologico del Bidasoa]. Aurten 24. edizioa beteko du eta azaroaren 11tik 16ra egingo da.
Nola dago orain Oiasso museoa?
Hor dago, nahiko sendotutako proiektua da. Bere momentuan ezarritako ardatzak jarraitu ditu, eta zabaltzen joan da bere lana.
Oiassotik Diputaziora etorri zinen. Zein da hemen zure kargua?
Kultura Zuzendaritzako Ondare Historiko-Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuko arkeologoa naiz. Arkitektoak eta aparejadoreak ere badaude zerbitzuan.
Zein lan egiten duzu?
Ondarea kaleratzen eta zabaltzen saiatzen gara, eta ondarearen inguruan goi mailako lanak egiten ditugu. Arkitektura eskolarekin, baserrien inguruko jendearekin, Aranzadirekin, Arkeolanekin, Suhar elkartearekin… sareak osatzen ere lan egiten dugu. Proiektuak lantzeko eta bultzatzeko aukera ere izan dugu, diru laguntzen aldetik gauzak onera egin dutelako azkenaldian. Ez gara aspertzen.
Azkeneko proiektuetako bat Ondarretako itsasontziarena da.
Bai. Irailaren 4an azaleratu zen, eta lehenengo azterketak egin eta gero, hurrengo asteko marea hilak baliatu genituen lan egiteko. XV. mendekoa da, eta orain hondar azpira itzulita dago berriz. Han jarraituko du, hoberen kontserbatuko den tokia delako.
Lan hura bukatu, eta beste bat.
Bai, ez gara gelditzen. Baina jubilaziorako denbora asko ez zait geratzen, eta erretiroa hartzerakoan garai batean Victoriano Gandiagarekin Urbiako aztarnen inguruan egiten ari nintzen lana berreskuratuko dut. Jubilatu bai, baina ez naiz erretiratuko, arkeologo izaten jarraituko dut. Aukera paregabea izango dut horretarako, eta hurrengo belaunaldiei transmisioa egiteko prestatzen joango naiz.
Ba al badator atzetik erreleborik?
Badago belaunaldi bat orain unibertsitatean oso ondo prestatua, formakuntzaren eta metodologiaren aldetik, abangoardiako lana egiten duena. Modu profesionalean lan egingo duten ez dakigu, baina baikorrak izan behar gara. Ez da bizimodu erraza, fisikoki asko eskatzen du…
Baloratzen al da egiten duzuen lana?
Hutsune handiak ditu jendeak, Gipuzkoako gizarteak orokorrean, salbuespen batzuk kenduta. Hori gainditu arte, jai dugu. Orain XV. mendeko ontzi bat topatu dugu, baina jende askok XV. mende hori noiz den ere ez daki…
Ez al da nahikoa erakusten eskolan?
Zergatik ez da erakusten denborak dituen koordenadak ‘surfeatzen’? Gure historian zehar gertatutakoa antolatzen ez badakigu, nola gordeko dugu gure oroimena? Eskolan gutxi lantzen da gizartea, historia… Ez dago eskubiderik.
Badago zer ikertu oraindik?
Gipuzkoan bi hiri erromatar egon ziren, bata Oiasso eta bestea Menoscan, Zarautz, Getaria, Zumaia inguru horretan, eta garai hartako gauza asko daude azaleratzeko oraindik. Antzinate Berantiarra da beste garai bat, guretzat giltzarria izan zena, eta hor dena dago ikasteko eta aztertzeko. Eta gero, Goi Erdi Aroa dago. Orain Erdi Aroko dolare-baserriak topatzen ari gara, eta bolada batean 60-bat aurkitu ditugu. Hemen ez ditugu eliza erromanikoak, baina Erdi Aroko baserriak ditugu, zurezko egiturak dituztenak. Oso ondare interesantea eta garrantzitsua da.
Eta Goierrin, zer dago?
Beasainen Murumendiko Burdin Aroko herrixka eta Astigarretako Trikuaizti trikuharria eta tumulua, Idiazabalgo parrokiaren ataria, Igartzako jauregia, Olaberriko Bekoetxe txiki baserria, Gipuzkoako zaharrena, 1401. urtekoa… ■
Estropada zale amorratua
Barnealdean jaioa da, baina itsaso ondoan bizi da orain Mertxe Urteaga, Hondarribian, eta itsaso ondoan bizita, estropada zale amorratu bihurtu da, besteak beste. Hala ere, adopzioan hartu duen herriari traizio txikia egin, eta Orio du talde faboritoa. Halako estropada zale izanda, egun handia da bere familiaren baitan Kontxako banderarena. Irudia, aurtengo edizioan ateratakoa da, Kontxako badian, Aquarium inguruan, eta bere alabarekin agertzen da. Alaba bai, Hondarribiko arraunlarien jarraitzailea da, eta berdez jantzi zen egunerako; Mertxek, ordea, oriotarren zapi horia darama lepoan lotuta.
Itsasoarekiko duen lotura lagunek deitzeko erabiltzen duten Mer izenarekin ere lotzen du, frantsesez ‘mer’ itsasoa delako.
Mendizale amorratua ere bada, asko gustatzen zaio mendira joatea.
Eta Arte Ederren karrera baztertu bazuen ere, marrazteko eta margotzeko afizioarekin jarraitzen du oraindik. Akuarela koadernoa du beti ondoan. ■