Edurne Huesa Otegi • Landarlan Ingurumen Elkartea
Apirilean 30 urte bete ziren Aralar mendilerroko Gipuzkoako aldea Parke Naturala izendatu zela. Guztira 10.971 hektareako eremua hartzen du, Abaltzisketa, Amezketa, Ataun, Lazkao, Tolosa, Zaldibia zein Enirio-Aralar Mankomunitatean. Parke osoaren % 72 publikoa da, Ataungo udalerri eta Enirio-Aralar Mankomunitatearen jabetzakoa, Enirio-Aralarko lurrak herena izanda.
Parke naturalaren helburuak honakoak dira:
- Flora, fauna, geologia, paisaia eta ekosistemak babestea, kontserbatzea eta, hala dagokionean, leheneratzea.
- Gizarte eta ekonomi alderdiak sustatzea, natur baliabideen arrazoizko erabileran oinarriturik.
- Ingurune fisikoa zaindu eta babesteko nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza jarduera tradizionalak sustatzea, berreskura eta ezar daitezen suspertzea.
- Natur balioen ezagutza eta gozamena suspertzea.
- Ikerketa zientifikoa suspertzea.
Aralarren baso naturalek eta sail landatuek eremuaren % 55 hartzen dute, eta zelai eta larreek % 36, horien barne pagadiek eremu osoaren %25 hartuz. Badira baita gailurrak, harkaiztiak eta sakanak, errekak eta iturburuak, eta geologia-alderdi bikainak. Naturari buruz, azpimarratzekoak dira harrapariak, okilak, ugaztun haragijaleak eta saguzarrak, baita ornogabe espezie batzuk, eta goi-mendietako berezko landareak ere, horietako batzuk galtzeko zorian: ugatza, bisoi europarra (oso egoera kritikoan), saguzarrak, Nigritella gabasiana, Lathyrus vivantii eta Cicerbita plumieri landareak… Erdialdean eta ekialde garaian, larreak nagusi dira, eta ia ez dago basorik. Hegoaldean, Ataunen bereziki, pagadi zabalak daude, eta interes nabarmena duen artadi kantauriarrez osaturiko zuhaizti masa bat ere.
Bestalde, 2015etik Aralar Europako Natura 2000 Sareko guneetako bat da. Eta Jaurlaritzak EAEko natur kontserbaziorako legediaren baitan sortutako sare horren kudeaketarako plangintzak egokitze-fasean daude oraindik Foru Aldundian. Hori bakarrik ez, Aldundia Aralar zehar AHTko lotura egitea bultzatzen ari da. Zertarako orduan orain 30 urte Aralar babesteko erabakia?
Berriki, Aldundiak eta Mankomunitateak legealdi osorako akordioa sinatu dute. Gure ustez, natur kontserbazioaren mesedetan askoz eraginkorragoa izan beharko luke eta ez abeltzaintza natur kontserbazioaren gainetik lehenesten jarraitzea. Gainera behar beharrezkoa da Aldundiak AHTa behingoz gelditu eta biodibertsitatearen azterketa, zaintza eta berreskurapenerako aurrekontu nahikoa eta estrategia zehaztea. ■