Zaldibiakoa zuria, baina Ataungo mondejua beltza da. Hala ezagutu izan dute belaunaldiz belaunaldi ataundarrek haien jakia. Gaurdaino iraun duen nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritutako bizimodu baten adierazgarri da. Transmisioa hauspotzeko ahaleginean, Ataungo Mondeju Lehiaketa antolatzen dute. 2006an izan zen lehendabizikoa.
Negu garaian, ardia hiltzen zutenean, dena aprobetxatzen zuten baserritarrek, eta aprobetxamendu horretatik sortutako jakia da mondeju beltza. Ardiaren odol eta hesteekin eta baratzeko porru eta tipulekin ontzen zuten, eta San Martingo jaietan, azaroan, ohikoa izaten zen hura prestatu eta dastatzea, etxean zein tabernetan.
Tabernariek leihoetan ardi-larrua jarri ohi zuten, eta hori izaten zen mondejua zutenaren seinale. Hala, herritarrek bazekiten mondejua eta mondeju-zopak dastatzeko aukera zutela bertan.
Ikastaroak
Jentilbaratza Kultur Elkartea, jaki hori egiteko ohitura geroz eta urriagoa dela ohartuta, eta desagertzea saihesteko ahaleginean, mondeju beltzari lotutako ekitaldiak antolatu ohi ditu, transmisioa bermatuz. Elkartearen hitzetan, «garaiak aldatu egin dira eta janari hau egiteko ohitura galtzen ari denez, bizimodutik ia desagertzeraino, berriro erakutsi, suspertu eta zabaldu nahian antolatzen du lehiaketa». Lehiaketaz gain, urri partean, mondeju beltza egiten ikasteko ikastaroa antolatzen du 2015etik, belaunaldi berriek ere jakituri hori ikasi eta gorde dezaten. ■
Mondeju lehiaketako irabazleak
- 2006. Saioa Aranburu.
- 2007, 2012 eta 2013. Pili Barandiaran.
- 2008. Maria Dolores Agirrebengoa eta Nekane Aldasoro.
- 2016. Kontxi Ganboa.
- 2017. Troskaeta Taberna.
- 2018. Xabier Antza.
- 2019 eta 2022. Leire Morea.
- 2023. Mikel Morea.