Mikel Sarriegi • Dantzaria
Bada Japonian kontzeptu bat, pertsona edadetuek lagunekin elkartu, kantatu eta dantzatuz, elkar laguntzeko ohitura izendatzen duena: Moai. Eta horri esker, batez beste 15 urte gehiago bizi direla diote.
Hemen, mendebalde aurreratu honetan, Espainiako Saria jaso berri duen Manuel Muriel Nafarroako Unibertsitateko neurologoak aldi berean pedalei eragiteko eta kartekin solitarioan jokatzeko makina bat asmatu behar izan du, narriadura kognitiboari aurre egiteko baliagarria delakoan: bi ekintza aldi berean egiteak dakartzan onura kognitiboak goraipatu ditu.
Eta niri iruditzen zait, aspaldian asmatuta dagoena berrasmatzen aritu dela, dantza egitea ariketa mentala eta fisikoa batera egitea baita, eta bat etorriko zarete bakardadean pedalei eragin eta solitarioak egitea baino atseginagoa dela.
Gogoeta hauetan murgilduta nagoela, Ordizientzia-Lemniskatako azken hitzaldi benetan interesgarrian honako hau entzun diot Adrian Odriozola biogenetikan doktore adituari: dagoen kirolik osasuntsuena dantza da, eta inongo zalantza izpirik gabe esanez azpimarratu du, gainera!
Beste aholku bat ere bota zuen Odriozolak saioa bukatzeko: egin beti kasu amonaren esanari. Egin kasu, beraz, Moai aiton-amonei.■