Jon Enrike • Ormaiztegi
Horrelako erretratuei egindako lehen bistadizoak tristura punttu bat dakarkit: zuri beltzak, balkoian zintzilikatutako bandera ahaztuak, bertan ageri diren pertsona guztiak hilda egongo direnaren errezeloak, edo argazkia egin zeneko hurrengo urte gordinez dakigunak ez didate biderik ematen bestelakorik sentitzeko.
Begirada zertxobait zorroztean, ordea, umetan lehen aldiz edozein huskeria lortzean senti nezakeen pareko pozak harrapatzen nau: orduan jotzen dut begiz herriak izan duen bilakaera, eta hango eta hemengo soroen gainean eraikitakoak irudikatzen ditut; argazkia egin zen urte bereko azaroan deitutako hauteskundeetan udaletxeari so eginez ikusten ditugun emakumeek lehen aldiz boto eskubidea izan zutenaz ohartzen naiz, edo irribarrea marrazten dit umeren baten igandetako mozorroa ikusita nire txikitako peripeziak oroitzean. Nola aldatu garen!
Badakigu hala ere, aiztoa gehiegi zorroztean ahuldu egiten dela, eta horrelaxe kamustu zait poza erretratuaren gaiari erreparatzean. Argazkiaren izenburuak Serapio Mujikari bere izenez kalea inauguratu zenekoa dela esan arren, zalantzan jartzen dut ez ote zen zendutako bere semea Gregorioren izenez kalea inauguratu, udaletxeko horman egun horretan jarritako plakan ikus zitekeenaren arabera: «Muxikatar Gregori Egurastokija – Avenida de Gregorio Mugica» (egun berdinean ateratako beste argazkietan argi ikusten da). Baina gutxienekoa da, biak izan baitziren bere garaian aitzindari, eta segur aski gure herriko kale batek haien izena eramatea ondo merezitakoa litzateke. Horregatik, 1998ko irailaren 26an gaur egun udaletxe atzean dagoen plaka jarri zen, bien omenez Muxika Egurastokia plaza izendatuz.
Niri, ostera, eta badirudi orduko agintariei ere, bietan Gregorio gailendu zait bere idazle eta euskaltzale izaeran, agian gazte garaiko ikasketetan sarri izan nuelako aztergai. Gogora etorri zait Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkariko lehen alean berak argitaratutako artikulu zalapartatsu bat eta bereziki mamia jasotzen duen ondorengo pasartea:
Eta guk, euskaldun gazteak, arnasa eta otsarearen adiñetan gauden euskaldun gazteak, egon bear degu geldi, ixilik eta besoak gurutzetuta gure izkuntza nola galtzen dan ikusiaz? Itxi egin bear ditugu begiak eta utzi kanpoko jendeari, guk geiena maite bear degun gauza izkutatzen? Euskaldun gazteak, badegu biotzik ala ez? Maite degu euskera edo ez?
Eta gogoeta honek hasierako tristura punttura itzuli nau. Ez dakit horrenbeste aldatu garen, igandetako mozorroak alde batera utzita, noski. Muxika Egurastokian jolasean dabiltzan gazte eta umeak entzunda ezezkoa esango nuke. ■