Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Aspaldi-aspaldi, esnezko hortzak kolokan jartzen zitzaizkigun edozein egunetan. Bat-batean konturatzen ginen ebakortzaren ondoko hortz txikia ez zegoela firme-firme, eta atzamarrekin mugiarazten genuen, dantza gehiago egin ahal izan zezan. Lagunei erakustera joaten ginen korrika gero. Eta hortik aurrera, itxaron egin behar zen; hots, mingainaren puntarekin eragin hortzari aurrera eta atzera, hortzaren eta hortzoien artean saiatu mingain punta sartzen, bultza egin hortzari fuerte, aspertu bitartean. Itxaronaldiak batzuetan tardatzen zituen hiru egun eta besteetan zazpi; nahiko genukeena baino gehixeago beti. Eguna iristen zen, eta orduan, lortzen genuen ahotik kanporatzea hortza, gordetzen genuen dentistaren batek noizbait eskaini zigun kutxatxo txikian, begiratzen genion hortz-faltari egunean hamabost aldiz, eta aldatzen genuen irribarre egiteko modua, guaia zelako erakustea nola hor hortz bat falta zitzaigun. Eta hori dena eta gero, Perez delako sagutxo bat enteratzen omen zen non galdu zen hortz bat, eta, zortea alde zuten etxeetan, opariren bat uzten zuen hortz galduaren oheko burkoaren pean. Gure burkopetik ere igaro zen, lehenengo hiru-lau-bost hortzak eroritakoan.
Pasatu zen denbora, utzi zioten hortzek edozein egunetan kolokan jartzeari, eta poztu ginen hortz-faltarik ez genuelako ahoan. Baina dentistak ez baititu beti kutxatxo politak oparitzen, berri itsusiak eman ditzake, zortea alde ez duten etxeetan. Eta ‘juizioko haginak’ dedikatzen baitira dena ondo dagoen edozein egunetan nornahiri mina eragitera, batzuetan erauzi egiten dizkigute, mingain puntarekin bultza eginda baino prezisio handixeagoarekin. Bada, nahiz eta ez izan esnezkoak, nahiz eta ez izan lehenengo hiru-lau-bostak, lagun masail-hazia zaintzeko modu polit bat da gauez Perez sagutxoaz mozorrotu eta misiotxoa egitea. ■