Aurtengo urrian 73 urte bete dira Txindokin lehenengo eskalada egin zutenetik. 1951ko urriaren 21ean ireki zuten mendebaldeko ertzeko bidea Jose Arrate, Jose Maria Peciña eta Antxon Saez de Basagoitia tolosarrek. Gertaera historiko hori beste baterako utzita, kirol berri baten plaza garrantzitsu bihurtu zuten Larrunarri. Harrezkero, ondare immaterial oparoa ondu dute eskalatzaileek hormatzar horietan.
1970eko aldaketa garaia eta abentura erromantikoen sukarra bete-betean iritsi zen Txindokira. Kirol eskaladaren ikur izatera iritsi diren Petrel bidea, adibidez, duela 50 urte zabaldu zuten Alberto Cabezon eta Jesus Mari Rodriguez eskalatzaile gipuzkoarrek, 1974ko ekainaren 2an. Berriki gogoratu du lorpena Xabier Mujika Smithy-k, Berria-n.
Izenaren jatorriaren misterioa egileek argitu ez zuten arren, susmoa da Julio Villar donostiar eskalatzaile loriatuak bi urte lehenago ateratako Eh, petrel! liburuak inspiratu zituela. Abenturazale erromantikoen eskuliburu izan zen argitalpen hura, Mikel Saez de Urabain eskalatzaile goierritarrak idatzi duenez: «Eskalada on batzuk egitetik aparte, munduari bira ematea lortu zuen Julio Villarrek Mistral belaontzi txikian. Hiru urteko bidai zoragarria liburu bihurtu zuen [Eh, petrel! Cuaderno de un navegante solitario]. Poesiaz eta marrazki xumez beteriko orri horiek izan ziren, eta oraindik dira, bidaiarientzat inspirazio iturri».
Goierriko ondorengo eskalatzaileentzat –eta kanpokoentzat–, trebakuntzako master moduko bat izan da Petrel igotzea, Txema bidearekin eta mendebaldeko ertzarekin batera ospetsuenetakoak. Material berezituak eta teknikoak erabiltzeko aurreneko proba izan da askorentzat, Smithy-k berak eta Josuk 2009-4-9an igo zutenean bezala; Txindokiko bigarren eskalada izan zuen han, ipar-mendebaldeko gandorraren ondoren.
Berrogei bideko santutegia
Lau luzeko bidea da Petrel, «paperaren gainean erraza». Zailtasunez IV eta V mailako parteak ditu. Denera 115 metro luze da, eta ekipatuta dago.
Urtetan zehar, erruz ugaritu dira eskalada bideak Txindokin. Iñaki Zuzak 2016ko udazkenean egindako planoan 39 bide erregistratu zituen: Amitzi-Aiznabar haitzean lau, Frontoian 13, Txema-Petrel sektorean 11, Plaka Gorriak eremuan 9, eta Puntako Haitzean bi.
Duela urte batzuk Larrunarriko eskolak indar handia izan zuen eskalada klasikoan hasten ziren mendizale gipuzkoarren artean. «Ertza, Txema bidea, Frontoia edo Fisura-diedro, betidanik izan dira inguru hauetako igoera esanguratsuak. Gaur egun, ekipamendu berriarekin, ertza bihurtu da mendi eskaladako bide klasiko bat. Ez dugu zailtasun handiko biderik aurkituko; hemen mobida beste bat da: mendi eskaladaz gozatzea», dio Txindokiko eskolako ondarean ikasle eta maisu den Smithy-k. ■