Hausnarketa baten ondoren, izena aldatuta itzuli dira lanera Goierriko Gazte Feministak. Larunbatean aurkeztuko dute talde berria. «Beldurraren kulturari aurre egiten» lanean jarraituko dutela azaldu dute.
Goierriko Gazte Feministak konfinamendu aurretik sortutako taldea izan zen, Goierriko Neska* Gazteak”izenpean, baina hainbat hausnarketaren eta belaunaldi aldaketa baten ondoren, Goierriko Gazte Feministak «indartsu» eta «eskualdea gaztetasunetik feminismoz bustitzeko prest» datoz. Joan den ikasturtean hasi ziren berriz ere antolatzen, grebaren testuinguruan. Ekintza solteak egin dituzte, izena ere aldatu dute, eta larunbatean aurkeztuko dute talde berria. Ondoren, bertso-afari feminista izango dute. Tiketak eskualdeko hainbat tabernatan daude salgai. Bertara gerturatzeko deia egin die gazte feministei.
«Intersekzionalitatearen logikari jarraiki», uste dute «asko direla gazte feministak zeharkatzen dituzten ardatzak», gaztea eta euskal herritarra izatea eta ez gizona izatea aipatu dituzte, besteak beste. «Bitartasuna, hetero araua eta patriarkatua bere forma guztietan ditugu aurrean». Beraz, hau hala izanik, «gazte, feminista, bollera, trans, ez bitar, langile, euskal herritar gisa» munduratzen dira, zapaltzen dituen sistema horri aurre egiteko haien ardatz eta borroka horietatik.
Horrez gain, azken urteetan «jarrera faxisten gorakadak matxismoaren forma berriak ekarri dituela» diote. 14-15 urte inguruko gizonen jarrerak jarri dituzte adibide: haien jarrera eta praktikak «duela urte batzuk izan zitezkeenak baino larriagoak direla» ondorioztatu dute. Eta eraikitzen duten gizontasunak «gizontasunetik baino gizonkeriatik gehiago duela» argi dute. Testuinguru honetan «ezinbestekotzat» jo dute gazteak diren heinean feministak izatea, eta matxismoaren olatuari aurre egiteko «saretzera eta antolatzera» dei egiten dute. Gainera, gazteen espazio askotan «matxismoak forma zehatza hartzen du» eta «horietan eragiteko garaia iritsi» dela diote.
Saretu, ez baztertu
Taldearen izen aldaketa ez da soilik eskualdean egindako hausnarketa bat izan, «dimentsio askoz handiagoa hartu duen» hausnarketa baizik. Euskal Herri mailan saretuta daude, Euskal Herriko Gazte Feministen eta Mugimendu Feministaren barruan, eta «mugimendu bezala egindako hausnarketa» izan da. Azken finean, neska* kontzeptua erabili dute urte askoan zehar «gizona ez zen orori» erreferentzia egiteko, baina «zapaltzen dituen bitartasunean bertan erortzea» zela azaldu dute: «Genero auzia bitartasunetik kanpo ulertzen bagenuen hau aldatu beharrean geunden». Honekin, mugimendua bere tokia zen jendea «deseroso sentiarazi zitekeen», eta ohartu ziren «ateak itxi ahal zitzaizkiela konturatu gabe». Bi urte inguruko hausnarketaren ondoren, izena aldatu dute.
«Beharrak identifikatzen»
Eskualdean dauden «beharrak identifikatzen» dabiltza, zehazki «deseroso sentiarazten dituzten espazio eta jarreretan» erreparatuta. Horrez gain, «elkartzeko, aliantza feministak sortzeko eta elkarrekin hausnartzeko espazio seguruak» sortu nahi dituzte, «gaztetasunetik eta feminismotik Goierri feministago bat eraikitzeko». Argi dute «beldurraren kultura oso zabaldua dagoela azken urteetan» Goierrin ere, eta horri «aurre egiteko» hautua egingo dute aurtengo ikasturtean, lanketa desberdinen bitartez. ■