Musikaren artisaua da Gurutz Bikuña Barandiaran (Ataun, 1964). Gaztetatik dabil, gitarra aldean eta umorea alde. 25 bat talderekin edo musikarirekin jo du. Berez hitz egiten du lan isilak.
Ataungo txistulari taldean izan zuen musikarako lehen hurbilpena Gurutz Bikuñak, 6-7 urterekin. Dantza taldea, txistulari banda, eta kantautoreak. Horixe zen 1970 inguruko Ataungo eta Goierriko musika-folklorea. Xiker donostiarrarekin gogoratzen da, edo Joxe Migel Barandiarani herrian egin zitzaion omenaldi batera ekarri zituzten euskal kantagintzako izen handienekin. Eta 13 bat urterekin Antzinera udalekuetara joan eta Kaki Arkarazo lazkaotarra ordurako gitarrari itsatsita zebilela. Beasaingo Alkartasuna Lizeo zaharrean, ikastolaren aire berrietan hezia da Bikuña. «Gitarra klasikoren bat beti egoten zen han ere», oroitu du Bikuñak, urriaren 22an Lazkaoko Gerrikon Hitz&Musik saioan egin zioten elkarrizketan.
Lizeotik Gasteizera bidali zuten, ikasiko zuelakoan. «Dena aprobatzen nian eta». Eta ikasi zuen: bigarren eskuko gitarra elektriko bat erosi zuen, 1970eko hamarkada amaierako Gasteiz hartan.
Lehen plaza, Beasainen izan zuen, 1982an edo 1983an, lagun bat hil ondoren haren omenez antolatu zuten Rock Gauean. «Lehenengo aldiz orduan igo nintzen agertokira, Belarra taldearekin». Kus, Jabi Iribarren… zituen alboan. Hilak dira. «Neil Young-en-eta bertsioak egiten genituen». Hamaika alternatibatan ibilia da Bikuña. Ataungo Banda Popularra ere sortu zuten. «Hiruzpalau lokaletan ibiltzen ginen entseatzen, jende asko pasatu zen hortik». Geroago etorri zen Ancha es Castilla, 1986an Beasainen sortua. Antxia, Juanra Velasco, Palli Aseginolaza… eta Bikuña tartean. «Oihuka diskoetxeak bi diskorako kontratua egin zigun. Espainian ere jotzen genuen. Mezu ironikoen musikaren boom-a izan zen, Siniestro Total, Golpes Bajos galiziarrak eta haien ildotik». Talde gehiago ere bazeuden, Beasain-Ordizia aldean. Sahats bat. «Denekin jotzen genuen».
Angel Katarainekin grabatu zuten lehen maketa, eta 1993an azkena ere bai. «Azken diskoa atera zenerako, Ancha es Castilla desegina zegoen, ez genuen aurkezpenik ere egin. Berriz ez gara elkartu, jada zaila». Olaberriko sagardotegian, Amoskategi bidean dagoen etxe zaharrean grabatu zuten lehena. «Negu Gorriak ere jota dago hor». Bikuñaren entziklopedia historikoaren beste informazio bat.
Ondo pasatzea buruan
Musika, zertarako egin? Rock Erradikala deituriko mugidatik aparte-edo ibili da Bikuña. Mezu ironikoekin hasi, eta bizitzaren ironiari eutsi nahi izan zioten. Ondo pasatzea zuten lehen eta azken helburua musikarekin. «Dibertsio purua zen guretzat. Gauza serioetarako badago jendea», dio, oraindik ironiaren melodian.
Musika, serio agian ez, baina benetan egiteko Ancha es Castillaren proiektua bukatu zenean –hiru disko eta single gehiago atera zituzten–, Iruñeko mugimenduko talde askorekin elkarbanatu zituen oholtzak. Bien bitartean, hamaika kolaborazio egin zituen. «Ezkontzetan ere jotzen genuen, Arrasto taldearekin eta Izaro Garmendia zaldibiarraren Zapotxin taldearekin». Korrikaren abesti bat ere egin zuten.
Guztira, gutxienez 25 bat talde, bakarlari, musikari, proiektu eta saltsatan parte hartu du. Federacion Belga de Piraguismo izeneko bat ere bai tartean –ironiaren uretan beti–. «Bi urte iraun zuen, ez da gutxi». Kaxkarra, Urko eta Bihotzekok, Abarlotz Olano… Goierriko musikaren izendatzaile komuna da Bikuña.
Benito Lertxundirekin 30 urte
Benito Lertxundirengana iritsi zen hurrena, «kasualitatez». Martin Irizar beasaindarra txirrinduan zebilela istripuz hil ondoren, haren anaia Pello Irizar zena –aurtengo urtarrilean hil zen– sartu zen ordez. «Pello txikitatik ezagutzen nuen, eta haren bidez hasi nintzen Benitorekin, 1995eko abuztuan. Hitaz oroit diskoa atera berria zen, eta abuztu hartan abesti guztiak ikasi behar izan nituen, izerditan ardo beltza ere botaz».
30 urte egin ditu Benito Lertxundiren gitarra jotzaile. «Aurten esan du jada kito. 82 urte dauzka. Disko bat aterako du, hala ere», aurreratu du. Musikaren «elitea» ezagutu du han, baliabide aldetik-eta beste gauza bat. Lan kontratuak ere bai, arrarokeria hutsa zena musika munduan. «Lanbide» gisa izan du musika. «Bestela, hemen dena beltzean egin da».
«Benitok asko exijitzen du, baina jende oso ona da, urte oso onak pasatu ditut harekin. 1995etik aurrera asko jo genuen, eta 2005etik jada asko jaitsi zuen erritmoa. Ez zuelako hainbeste jo nahi».
Bikuñak hatzak ez zituen geratu, beste mila proiektutan murgiltzeko arazorik ez baitu eduki. Umeei gitarra klaseak ematen ere aritu izan da. Soldadura ikastaro bat egin zuen, baina ez zen hura berea. «Zortzi hilabete iraun nuen». Gaztetan, soldadu joan aurretik, Santanderren zeramika tailer batean ere lan egin zuen, «bastante denboran».
Unidad Alavesa eta beste
Azkeneko zortzi urteetan, sorterrian bertan erne da Bikuñaren –oraingoz– azken kume kuttuna: Unidad Alavesa. «Haritz Artola etorri zitzaidan eta… Benitorekin rollo serioagoa zen. Hemen jada…». Ez du lehenengoan bukatu. «Ondo, oraindik korritzen du».
Ez du proiektu bakarra, noski. Soulanders da beste bat, Ordiziako, Lazkaoko eta Ataungo musikariek osatzen duten soul taldea. «Diskoa grabatu dugu Fredirekin [Pelaez], Gabonetarako». Eneko Dorronsororekin ere grabatu du.
Bere burua janzteaz gain – «diskoetatik ikasi dut nik, hasieran ideia zipitzik gabe»–, bi musikariren irakaspenak aipatu ditu: «Pello Irizarrek eta Joxemari Gonzalez de Galdeano Txintxo-k asko erakutsi didate. Txintxorekin, talde bat aukeratu, eta haren disko osoa jotzen genuen. Ataungo Banda Popularrean moldaketa guztiak berak egiten zituen. Akordeak-eta erakutsi zizkidan».
Lehenengo gitarra haiek ez ditu berekin, lapurtu egin zizkioten. 1980ko Fender Stratocaster bat zen. «Gero beste bat erosi nuen». Beti hasten ari baita Gurutz Bikuña, amaierarik gabe. ■