Adituen esanetan, klima aldaketaren eraginez, pasa den astean Valentzian gertatu diren bezalako uholdeak ohikoagoak izango dira. Klima aldaketaren mehatxuari erantzuteko gai den trantsizio energetiko eraldatzailea bultzatzeko legea onartu du legebiltzarrak. Goierri prestatzen ari da.
Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearen 2023ko ebaluazioaren inguruan argitaratu den seigarren txostenak azpimarratzen du klima-aldaketak planeta guztiari eragiten diola, eta bizkortzen eta areagotzen ari dela. Eta ez du inongo zalantzarik, aldaketa klimatikoa hainbat giza jardueraren ondorioz atmosferan berotegi-efektuko gasak metatzearen ondorio dela, batez ere erregai fosilak (petrolioa, ikatza eta gas naturala) erretzearen eta baso-soiltzearen ondoriozkoak.
Bestalde, Munduko Meteorologia Erakundeak urtero argitaratzen duen txostenaren arabera, beste urte batez inoiz baino handiagoa izan zen berotegi gasen kontzentrazioa iaz. Azken bi hamarkadetan, %11 areagotu da atmosferan pilatutako CO2a. Baso sute handien eta erregai fosilek sortutako isurien ondorioz, inoiz baino berotegi gas gehiago pilatu zen iaz atmosferan. Pasa den astean Valentzian DANAren eraginez gertatu diren bezalako uholdeak, adibidez, gero eta ohikoagoak izango direla diote adituek.
Egoera horren aurrean, Eusko Legebiltzarrak EAEko Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko 1/2024 legea onartu zuen otsailaren 8an. Energia jasangarritasunaren buruzko 4/2019 legearen osagarria da. 2050erako klima neutraltasuna, erresilientzia eta trantsizio zuzena lortzea dira helburuak, «gaur egun gure planetak jasaten duen klima-aldaketa baita espezie gisa aurre egin behar diogun erronka nagusia». Emisioak murriztea, energia berriztagarria sortu eta kontsumitzea, eta energia-efizientziaren aldeko jarduerez gain, klima aldaketaren aurrean egokitzeko apustua egin dute.
Murriztu
Zenbakietan ere jarri ditu legeak helburuak: 2030erako emisioak %45 murriztea (2005ekoekin alderatuta), energiaren azken kontsumoan gutxienez %12 aurreztea 2030erako eta %37 2050erako, eta 2030. urtean azken energia kontsumoaren %32, gutxienez, energia berriztagarrietatik etortzea dira lortu nahi diren helburuak. Honela legeak, «klima aldaketaren mehatxuari erantzuteko gai den trantsizio energetiko benetan eraldatzailea bultzatzeko erantzun sendoak behar-beharrezkoak izango ditu, ekintza eraginkorrak eta inbertsio oso handiak». Udalei eta jarduera ekonomiko guztiei (lehen, bigarren eta hirugarren sektoreak) eragiten die legeak, eta gizarte oso baten konpromisoa azpimarratzen du.
Udalei dagokienez, 5.000 biztanletik gorako udalak buru-belarri ari dira (txikiagoek eskualdeko planak dituzte) formazioa jasotzen, eta trantsizio energetikoari eta klima aldaketari buruzko planak egiten, klima neutraltasuna lortzeko helburuarekin. «2019ko legean energia planak zehazten ziren eta 2024ko otsailekoan, energia eta klima planak. Hau da, giza jardueragatik klima eragileen isuriak gutxitzeaz gain, egokitzeko ekintzak ere kontuan hartu behar dira, erresilientzia bidezko ekintzak. Aurre hartu behar diegu arrisku eta inpaktu horiei», dio, Laia ingurumen zerbitzuak kooperatibako Leire Garmendiak.
Klima aldaketa eragiten ari diren berotegi efektuko gasen kontsumoa eta isuriak murriztu ahal izateko, inbentarioak eta auditoriak egitea beharrezkoa da lehendabizi, kontsumoa neurtu eta ondoren neurriak hartzeko. Udalen kasuan, udal eraikinetako, kale argiteriako eta udal flotako azterketak egitera behartuak daude ondorioak atera eta irtenbideak bilatzeko. Zaldibiako eta Ataungo udalen webguneetan adibidez, energia kontsumo eta sorkuntza datuak jartzen dituzte. Eraikin berriak egin beharreko kasuan, passive house eredukoak izatea derrigortzen ditu legeak: «Neutralitatea da baldintza, zero kontsumoa».
Sortu
Murriztearekin batera, 2030erako udalek energia hornikuntzaren %32a ere sortu beharko dute. «Ez du esan nahi, udalak erosten duen energia berdea izan behar duenik. Gaur egun udal gehienek energia berdea erosten dute, baina ez da hori. Beraiek sortu behar dute», argitu du Garmendiak. «Beraiek sortzen ez badute ere, sortzaile direnekin elkartu daitezke egiten diren instalazioetan parte hartuz». Energia sortu ahal izateko, eguzki plakak jartzen ari dira herrietako eraikinen sabaietan, baina «dauden eraikinak daude eta duen espazio dute. Zaila da eremuak topatzea. Eta udal askoren helburua da, berez nekazaritzarako egokiak diren lursailak ez hartzea horretarako». Herritarren eta administrazioaren arteko energia komunitateak sortu dira dagoeneko Goierrin.
Eolikoak ere energia berriztagarrien sortzaileak dira. Goierriren kasuan, Capital Energy multinazionalak Irimo mendian zentral eolikoa sortu nahi du. Lau aerosorgailu jarri nahi ditu Azkoitia, Zumarraga eta Ezkio-Itsaso artean [Meaka-Irimo herri plataforma egitasmoaren aurka azaldu da]. «Eolikoak dakarzkien kalteak ezagutzen ditugu, instalazioak jartzeko pistak egin behar direla eta abar. Baina baloratu beharra dago. Daukagun espazioa daukagu. Adibidez, Itsasondon egin zuten azterlan bat eta eoliko ertain bakar batek herri guztia hornituko luke. Balantzan jarri behar da askotan».
Energia berriztagarrien kanonak
Lege berriak energia berriztagarrien kanona sortu du. «Landa edo hiri eremu bat hartzen denean eolikoak edo eguzki plaken instalazio bat jartzeko, beti ere 5 MWtik gorako instalazioetan, kanon bat ordaindu beharko zaio Eusko Jaurlaritzari, instalazio tamainaren eta potentziaren arabera. Zehaztuta daude prezioak». Kanonaren helburua da eremu horretan egiten den kaltea ordaintzea: «Diru hori erabiliko da batik bat kaltea egin den eremu hori berreskuratzeko. Demagun eolikoa jartzeko pistak egiten direla. Pista hori berreskuratzeko erabiliko da. EVEk administratuko eta kudeatuko du dirua».
Aurre egin, egokitu
Lege berriak klima aldaketarako egokitzapena eta murriztea maila berean jarri ditu, eta EAE lurralde erresiliente bihurtzeko neurri zehatzak jasotzen ditu. Klima aldaketak eragingo dituen uholdeei, bero boladei eta lehorteari aurre egiteko konponbideak aurkeztu beharko dituzte udalerriek. «Zer egina badago», dio Garmendiak. Eskualdeek eta toki erakundeek bere gain hartu beharko dute klima aldaketaren inpaktua arintzeko neurrien %70 baino gehiago eta egokitze neurrien %90 baino gehiago. Naturan oinarritutako konponbideak aurkitzen ari dira udalerrietan.
Uholdeen aurrean adibidez, uholde arriskuei aurre hartzea da konponbideetako bat. «Beasainen adibidez, Oria ibaia egokitu dute CAFeko eremuan. Bestetik, ibaiak naturalizatzea, lehengoratzea ere eskatzen da. Garrantzi handikoa da erreken ondoko landaredia mantentzea, urari eta inguruko lurrei eusten dielako. Garrantzitsua da baita ere bertan ez eraikitzea, eta eraikita dauden tokiak ahalik eta naturalen uztea».
Bero boladei aurre egiteko, «itzalak eta gune freskoak» behar dira. «Helduentzat eta haurrentzat batik bat, herrian eroso egoteko guneak behar ditugu. Hiri eta herri asko ez daude egokitua. Porlana eta porlana, ez dago berdegunerik. Plaza askotan itzalik ez daukagu, eta egin berri ditugun tokietan ere ez. Plaza eta eremu asko egokitu beharrean daude». Horren harira, udalerri asko mapa termikoak egiten ari direla zehaztu du Garmendiak. «Hor ikusten da, herrigunean zein diren gune beroenak eta gune freskoenak. Horren arabera, aterpe edo babesleku klimatikoak identifikatzen dira, eta sortu behar badira, sortu».
Bero eta hotzerako babesleku klimatikoak sortu beharko dira. «Eremu itxiak edo irekiak» izan daitezke, baina hainbat baldintza beharko dituzte: «Doakoak izan behar dute, urte osoan irekita egon behar dute, eserlekuak izan behar dituzte, eta iturria ere bai».
Lehorteei erreparatuz, «ura eskuragarri izatea geroz eta zailagoa» izango dela aurreratu du Garmendiak: «Urte guztian prezipitazioak antzekoak izango badira ere, ura euri jasa moduan eroriko da geroz eta gehiago. Beraz, euri ura joan egingo da. Ur horri eusteko garrantzitsua da hiri zorua permeablea izatea, ura xurgatzeko eta gordetzeko gai izatea». Legazpiko Laubide parkea da horren eredu. Horrekin batera, mendeko iturriak egoera onean mantentzea garrantzitsua izango da, «urtegiek huts egiten badute ere».
Basoak «lehengoratzea» ere ezinbestekoa da Goierriko herri ugaritan egiten ari diren bezala, «bertako basoak baitira CO2 gehien xurgatu dezaketen basoak, eta aldi berean, hezetasun gehien mantentzen dutenak, lurrari eusten dietenak».
Herritarren parte hartzearekin
Erakundeei eta enpresei bakarrik ez, herritarrei ere badagokie energia eta klima aldaketa planetan parte hartzea eta konpromisoa hartzea, eguneroko jardunarekin eta legeak Herri Batzarrak eta batzordeak sortzea eskatzen baitu.
Mugikortasuna eta hondakinak
Beste bi gai ere badaude kontuan hartu beharrekoak: hondakinen kudeaketa eta mugikortasuna. «Ekonomia zirkularrari, hondakinei begira, ez dugu ahaztu behar hondakinek ere isuriak sortzen dituztela euren kudeaketagatik. Hondakinen kudeaketa egokia behar da». Eta mugikortasunari begira, oinez eta bizikletan ibiltzeko «erraztasunak eman» behar direla gogoratu du Garmendiak.
Gizarte osoaren konpromisoa beharrezkoa da beraz.■
Itsasondoko Hitzar energia komunitatea
75 eguzki plaka. Itsasondon herritarren ekimenez sortu zen 2022an lehen energia komunitatea, Hitzar kooperatiba. «Ingurumena errespetatu, eta egun arazo handi bihurtzen ari den krisi klimatikoari aurre egiteko» tresna izateko sortu zuten, «etorkizun batean herriko burujabetza energetikoa lortzeko. Gu geu izateko energia sorkuntzaren jabeak eta geure energia kudeatuko dugunak».
Oraingoz bi proiektu gauzatu dituzte. Batetik, Iraola baserriko10 KW-ko eguzki plaketatik 10 bazkidek jasotzen dute dagoeneko argia. Monotorizazioaren aplikazioarekin, momentu oro ikusten dute bazkideek zenbat energia sortzen ari den. Bestetik, Ordizia eta Itsasondo arteko San Joango Lukasaingo ustiategiko 65KW-ko (65 bazkide) instalazioa bukatzear dute.
Legazpiko Laubide haur parkea
Estalki berdea eta drainatze jasangarriko sistema hiritarra. Legazpiko haurrentzako Laubide parkea klima aldaketaren ondorioetarako prestatu dute. Batetik, estalkia jarri diote, euria edo bero handia egiten duen garaietan aprobetxatzeko eta gozatzeko. Landaredia duen teilatuarekin osatu dute azpiegitura berria, konfort termikoaren hobekuntzarako. Bestetik, euri urak biltzeko drainatze jasangarriko sistema hiritarra jarri dute zoruan. Bildutako ura garai lehorrean estalkiko landaredia ureztatzeko erabiltzen da.
Estanda fundiziotik Antzizar kiroldegira
Ur beroa. Beasaingo Antzizar kiroldegitik 200 metrora dagoen Fundiciones Estanda enpresak sortzen duen beroarekin klimatizatuko da, Antzizar kiroldegiko ura. District Heating proiektuari esker, Estandako plantaren soberako beroa berraprobetxatuko da Antzizarreko kirol-gunean. Berriz erabiliko da airea eta igerilekuak girotzeko eta guneko ur bero sanitarioaren zirkuituan. Sistema martxan jarrita, 348 MWh berreskuratuko dira, egungo kontsumoaren %60a aurreztuz eta 43 tona CO2 gutxiago isuriz atmosferara.