Joxepa Madariaga • Lazkao
Lazkaon 2005eko irailean, Mintzalaguna abiatzeko eman genuen prentsaurrekoko argazkia da ondokoa. Froga egiten hasi ginen eta… oraindik hor jarraitzen dugu ekinean eta froga berriak egiten.
Lazkaon mintzapraktika egiteko gunea aspaldikoa da, ez izen horrekin, ez Mintzalaguna deituta, baina 1980ko hamarkadatik Goierriko Euskal Eskolako euskara-ikasleak herriko euskaldun zaharrekin elkartzen ziren, bota zuten Pax Etxean lehenengo eta Gerriko Txokoan ondoren. Joxemari Soroa, Andrex Barandiaran, Patxi Altuna, Joxeantonio Luengo eta konpainia, baxoerdia eta mokadutxoa aurrean, euskaraz hizketan, musean jokatzen… aritzen ziren, lagunartean, gozo. Gero sortu zen, Donostia aldean, Mintzalagun izenarekin gaur egun ezagutzen dugun egitasmoa.
Lazkaon 2005eko irailean, Mintzalaguna abiatzeko eman genuen prentsaurrekoko argazkia da goikoa. Froga egiten hasi ginen eta… oraindik hor jarraitzen dugu ekinean eta froga berriak egiten. Zenbat urte elkarlanean! Udala, Euskaltegia, Ikastola eta Gerriko Elkartea.
Argazkiko batzuek euskara irakasten jarraitzen dute, beste batzuek euskarazko ekintzak antolatzen, dinamizatzen, Ordizia eta Beasaingo mintzalagunekin elkarlanean… euskaraz hitz egiten, euskaraz eginarazten, mingaina askatzen, euskarazko kultur ekintzetan parte hartzen. Ez dugu uste inork baztertu duenik, erabat, euskara bere bizitzatik.
Zenbat ‘maizpidetar’ pasatu ote dira Lazkaoko Mintzalagunetik? Asko! Eta zenbat herritar? Guk nahi baino gutxiago, gutxiegi… Lazkaoko kalea ez dute euskaldunduko Maizpideko ikasleek, ez. Kalterik ez diote egingo eta, Lazkaon dauden bitartean dena mesede, noski, baina horiek beren herrietara joaten dira eta han jarraituko dute beren bizimodua, batzuek euskaraz, Euskal Herria euskalduntzen, beste batzuek gazteleraz.
Hemen bizi garenok, lazkaotarrok, euskaldundu behar dugu herria, geuk izan behar dugu, han eta hemen, orain eta gero, mintzalagun, euskal hiztun. Mintzalagunen ikasten da hizketan, hor ematen zaio lekua ikasitakoari, hori da ohiturak aldatzeko lekua, euskaraz bizitzen hastekoa edota jarraitzekoa. Euskaraldia badator, baina erne! Mintzalaguna ere bada-eta Euskaraldia, edota Euskaraldia Mintzalaguna, nahiago duzuen bezala.
Konpromisoaren beharraz
Astean behin hirukote bat elkartu eta euskaraz hitz egitea, horixe da Mintzalagunak eskatzen duen konpromisoa. Hori bakarrik, eta hori guztia. Zergatik ez da lazkaotar gehiago apuntatzen, doan delako ala konpromisorik hartu nahi ez dugulako? Ba… konpromisorik gabe, ez dugu herria euskaldunduko.
Argazkian agertzen direnak: Lorea Egurza, Joanito Barreros, Jon Mikel Galparsoro, Xabier Arrasate, Marian Bidegain, Joxemai Ormazabal eta ni neu, Joxepa Madariaga, Mintzalaguna ezagutzera emateko egunean. ■