Saioa Etxezarreta (Gabiria, 2003) komunikazio bitartekaritzako ikaslea da, Madrilen. Aurten bigarren urtea du eta ikasketa hauetan zenbait mito deseraiki, ekintza edo boluntariotza desberdinetan parte hartu eta gustatzen zaion horretan sakontzeko aukera izan du.
Zer da komunikazio bitartekaritza?
Komunikazio bitartekaritza desgaitasuna duten pertsonekin erlazionatzean oinarritzen da, sinpleki esanda. Gainera, gure ikastetxean badira desgaitasunekin loturiko beste hainbat ikasketa eta eskola bera elebiduna da, gaztelania eta zeinu hizkuntza ditu bertako hizkuntzak. Beraz, esan daiteke eredu inklusibo nahiko integrala duela. Horrez gain, bertan daudenetako pertsona asko gorrak dira eta honek, zuzenean lehen egunetik haiekin kontaktua izateko aukera ematen digu bertako ikasleei, ikasketetara begirako sentsibilizazio eta praktika hobetuz. Bitartekaria eta interpretea kontzeptuak askotan nahastu izan dira gizartean baina ez da gauza bera. Interpretearen lana telebistan zein zuzenean entzuten duguna zeinu hizkuntzara ekartzea da; eta bitartekariarena, aldiz, egokitzapen orokorrera bideratua da, hau da, itzulpenaz haratago doa, bakoitzaren desgaitasuna kontuan izanda. Horren adibide dira pertsona gor-itsuak, itzulpenetik haratago doan egokitzapena behar baitute haien komunikazio praktiketan, ukimenaren bidezkoak, kasu. Oso gustura nago bertan, baina Euskal Herrian halako ikasketak egiteko aukera izatea gustatuko litzaidake. Hala ere, oso pozik nago Madrilen, lagun ugari egin ditut eta gustura nago.
Duela gutxi asteburu batez pertsona gor-itsuekin izan zara asteburuan lanean. Nola iritsi zitzaizun eskaintza hau eta nolakoa izan da esperientzia?
Irailaren hasieran FASOCIDE elkartearekin joateko aukera izan nuen asteburu batez. FASOCIDE Espainia mailako pertsona gor-itsuen elkartearen federazioa da. Irakasleak idatzi zidan bera lanera zihoala eta boluntario bat eraman zezakeela. Ikasleren bat eramatea bururatu zitzaion eta niri proposatu zidan, aukera bikaina izan zitekeelakoan niretzat. Espainia mailako topaketa gisakoa izan zen eta bertan Espainiako estatu osoko pertsona gor-itsuekin elkartu ginen. Hor konturatu nintzen benetan betetzen nauen lan bat dela. Asteburu intentsoa izan zen baina asko ikasi nuen eta oso baliagarria izan da nire ikasketa prozesuan. Beste aukera bat Apascide elkartearekin joatekoa izan dut. Jaiotzetiko pertsona gor-itsuen elkartea da Apascide eta familietara bideratutako asteburua izan zen. Bertan parte hartu zuten pertsonak jaiotzatiko gor-itsuak edota gor-itsuak izateaz gain desgaitasunen bat daukaten pertsonak izan ziren, baita ezohiko sindromeak dituzten pertsonak ere. Oso gustura ibili nintzen bertan, izan ere, irakasleek gonbidatzen eta eramaten gaituzten boluntariotzetan asko ikasten dugu eta haiekin batera joatea ere berezia da, babes handia sentitu baitut horrelako proiektuetan bidelagun izan ditudan irakasleen partetik eta esperientzia oso aberasgarriak bizitzen ari naiz.
Horrez gain zenbait boluntariotza ere egin dituzu edo egiten ari zara.
Bai, boluntariotza desberdin ugaritan nabil. Asteburu pasa hauetan FASOCIDE eta Apasciderekin lan egiteko aukera izateaz gain, orain Apascide elkartearekin abendura bitartean larunbat arratsaldeetan ekintzetan parte hartzen ari naiz. Erabiltzaile desberdinen beharrak ikusi eta hauetatik ikasteko sekulako esperientzia da, baita etorkizunera begira lankide izan daitezkeen horiekin erlazionatzekoa ere. Boluntariotza hauetako praktiketan ikasitakoa eta ikasgelan ikasitako teoria uztartuz asko ari naiz ikasten eta oso pozik nago.
Joan den ikasturtean hasi nintzen komunikazio bitartekaritza ikasten eta hilabetera jada Aspcide Madrid elkartearekin boluntariotza bat egiten nengoen, sekulako esperientzia izan zen. Orain haiekin nabilela beste boluntariotza batean Madrilgo gor-itsuek jada ezagutzen naute eta harreman oso bereziak sortu ditugu guztiok, boluntario zein erabiltzaile. Ekintza espezifikoetan hasi nintzen hasieran; batean Burgosko bodega batera joan ginen; beste batean, berriz, ONCE-k antolatutako bazkari batera. Bestalde, asteartetan ekintza zehatzetarako deitzen digute. Boluntariotzaz boluntariotza nire burua trebatzen ari naiz eta honek asko pozten nau.
Asko dira arlo honen inguruan gizartean dauden mitoak. Nola ikusten dituzu zuk hauek? Hauek deseraikitzera ausartuko zinateke?
Gizartean hainbat akarts egiten dira arlo honen inguruan ditugun ezjakintasunak direla eta. Mundu honetan sartzen garen unean min handia ematen dute azkenean horrela esaten direnean gauzak, nahiz eta ezjakintasunetik izan. Hasteko, gor-mutu hitza gaizki erabilita dago, ez dago gor-muturik, hau da, pertsona bat gorra izan daiteke, baina gor-mutu kontzeptua gaizki erabilia dago, izan ere, pertsona batzuk ez dute hitz egiteko gaitasuna garatzeko aukerarik izan, adibidez, logopediaren bitartez, baina ez dira mutuak. Beste mito bat zeinu hizkuntza internazionala delakoa da. Hau ez da hala, zeinu hizkuntzan ere badaude hizkuntzak. Espainiar Estatuaren kasuan, espainola eta katalana dira legez zeinu hizkuntzan ofizialak. Euskara ez da ofiziala zeinu hizkuntzan. Orain hizkuntza internazionala ari da baita ere lantzen eta zabaltzen, baina gor askok ingelesarekin zailtasunak dituzte eta beraz, hau ikastea ere zailtasuna da haientzat. Mitoekin jarraituz, pertsona gorrek gidatu ezin dezaketelako mitoa dago. Hau ez da hala, izan ere, pertsona gorrek gidatu dezakete. Horrez gain, badira zenbait ofizio jendearen ustetan ezin dituztenak egin, hala nola, irakaskuntza arloan, besteak beste, baina hau ez da hala, edozer izan daitezke nahi izanez gero. Horrez gain, pertsona gor batekin elkartzen garenean gizartean badago altuago hitz egiteko joera bat edota polikiago hitz egiteko joera bat,, baina hau ez da soluzioa, izan ere, pertsona gor guztiek ez dakite zeinu hizkuntza edo ez dakite ezpainak irakurtzen. Ahozko komunikazio praktikak ohi bezala eginda, hau da, beste entzule batekin bezala eginda, hobe ulertzen gaituzte zenbaitek.
Etorkizunera begira nola ikusten duzu Euskal Herrian bitartekaritza lanetarako eskaintza?
Euskal Herriko egoera ez dut gehiegi ezagutzen, izan ere, Madrilen mugitu izan naiz beti hau ikasten hasi naizenetik baina badut gogoa Euskal Herriko egoera aztertu, mundu honetan sartu eta bertan ekarpen bat egiteko. Oso gogotsu nago, egia esan, Euskal Herrira itzuli eta bertan mundu honetan murgiltzeko.■