Oiangu Pilota Elkarteak Emakumezkoen Ordizia Saria 2024 larruzko pala txapelketa antolatu du lehenengo aldiz. Zortzi bikotek hasiko dute gaur ibilbidea, abenduaren 14ko finala helburu dutela.
Gomazko pilotarekin palan jokatzen duten neskak badira, baina larruzko pilotarekin aritzen direnak gutxi. Ordiziako Oiangu Pilota Elkarteari kosta egiten zaio neskak erakartzea, eta apustua egin du Ordizia Saria antolatuta. Gaur, azaroaren 15ean hasi eta abenduaren 14ra bitartean, Hego Euskal Herriko hamasei pilotari lehiatuko dira, bi hilabetetan entrenamenduetan aritu ondoren. Oianguk hazia erein du, eta Gipuzkoako Federazioarengan eragin nahi dute, herrialdeko txapelketa ofiziala antolatzeko.
Txapelketa bakarrik ez, larruzko pilotan ikasteko entrenamenduak ere antolatu ditu Oiangu Pilota Elkarteak, hamasei pilotarirentzat. Klubean neskarik ez dute, nahiz eta eskola baduten. «Ez da normala neska bakar bat ere ez hastea», dio Oianguko Aitor Otegik. «Gomazko pilotarekin dabiltzan palariak badaude, baina larruzkoan ez». Zergati zehatzik ez daki Otegik. «Larruak inpaktatu egiten du agian. Pilotak hotsa ateratzen du, azkarra da, kaskoarekin eta betaurrekoekin aritzen gara… Estralurtar itxura hartu dezake agian pilotari batek. Horregatik nahi genuen txapelketa bat egin, neskek ere egin dezaketela erakusteko. Probatu duten neskek jokatu egin nahi dute».
Materiala egokitu
Palariei asmoak azaldu, oniritzia jaso eta behin txapelketa bat jokatzeko adina neska aurkitu ondoren, eta Ordiziako Udalaren diru laguntzarekin abiatu zuen Oianguk entrenamenduen eta txapelketaren ibilbidea. Materiala lortzea eta egokitzea izan da beste lanetako bat: palak zein pilotak egokitu dituzte nesken ezaugarrietara. Palei dagokienean, trinketeko gizonezkoen palekin ari dira. «Gizonezkoak gomaz 500ko [gramo] palekin ibiltzen gara eta larruzkoan 600ekoarekin. Neskentzat 600enekoa astun samarra izan daiteke. Trinketeko gizonezkoen palak arinagoak dira, 500-550 gramo tartekoak». Pilotetan ere, trinketekoarekin probatzen ari dira, motelxeagoak direlako. «Materialetan ez dago irizpiderik nesketan», nabarmendu du ordiziarrak.
Hamasei pilotari
Hamasei pilotarik hartuko dute parte, eta bikoteak Oianguk berak egin ditu, pilotari bakoitzaren «disponibilitatearen eta mailaren arabera». Lauko bi multzo egin dituzte. Beti Alai pilotalekuan ostiral iluntzeetan (19:30ean), Aroa Torres-Irati Alaba, Garbiñe Lopez-Amaia Irazustabarrena, Naroa Otxoa-Garazi Eizmendi eta Nahia Eizmendi-Nagore Murua lehiatuko dira. Larunbat iluntzeetan, berriz, Amaia Zubeltzu-Leire Galdos, Anne Agirre-Ane Kerejeta, Enara Mazizior-Ekhine Balerdi, eta Amaia Aizpuru-Uxue Olano.
Hiruna partida jokatuko dituzte. Multzo bakoitzeko lehenengo bi bikoteek jokatuko dituzte final erdiak. Dohainik dira partidak. Garazi Eizmendi eta Uxue Olano pozik daude Ordizian larruz jokatzeko eman dieten aukerarekin. Izan ere, bata zein bestea gomarekin aritzen dira, baina argi dute: «Larruak ez dauka zerikusirik. Beste mundu bat da». Eizmendiren esanetan, «desberdina» da, batez ere abiadura. «Askoz ere azkarrago dator pilota. Jarri ere ezberdin jarri behar zara paretatik desberdin ateratzen delako pilota. Baina gustura nabil. Atzelari ibiltzen naiz, eta ondo emandakoan eta gozatzen dudanean asko ateratzen da pilota. Eta poza ematen du horrek». Olanoren kasuan, beti aurretik jokatu du gomaz. «Hemen atzetik ari naiz. Oso diferente ateratzen da pilota, biziagoa da. Gustatu zait. Gozatzen duzunean, pilota ateratzen den bezala aterata, askoz ere gozagarriagoa da».
Eizmendik eta Olanok nabarmendu nahi izan dutenez, txapelketaz gain, entrenamenduak antolatzea ere aberasgarria izan da oso: «Ez da txapelketa soil bat. Txapelketa hori ondo joan ahal izateko aurretik entrenamenduak edukitzea izugarria da. Ni [Eizmendi] hasi nintzen inguruan beste pare bat pilotari nituelako entrenatzeko moduan. Baina inoiz ez dut eduki entrenatzailerik esateko nola jokatu behar den. Pozgarria da gurekin entrenamenduetan pasatzen dituzten orduak txapelketa polit bat ateratzeko, eta Gipuzkoako herri batean guri jokatzeko aukera emateagatik».
Txapelketa honi esker, neska gehiago hurbiltzea nahiko lukete. «Ea gu ikusita inguruko neskak animatzen diren», dio Olanok. «Momentu ona da gainera, probatzeko, ia denak hasiberriak garelako».
Hazia erein
Oiangu Pilota Elkarteak «hazia erein» du, eta Otegirentzat helburua, larruzko txapelketa ofiziala Gipuzkoako Federazioak antolatzea da. «Txapelketaren helburu nagusia gure klubera neskak erakartzea da. Baina batez ere, Gipuzkoako Federazioa bustitzea, eta txapelketa ofizial bat antolatzea, datak finkatuta, eta pilotariek garrantzia emateko».
Beti Alai pilotalekura hurbiltzeko dei egin die Otegik goierritarrei, «joko azkar eta bizia» ikusiko dutelako. «Frontoi osoan eta abiadura handian» jokatzen dute, «ikuskizun ederra» eskainiz. Gainera, Ordiziako Udalaren laguntzari esker, sarrera doakoa izango da. Joan ezin dutenek, Youtube-n zuzenean ikusteko aukera izango dute.
Hasteko lau partida
Gaur, hilak 15, hiru partida jokatuko dira: Aroa Torres-Irati Alaba / Garbiñe Lopez-Amaia Irazustabarrena; Naroa Otxoa-Garazi Eizmendi / Nahia Eizmendi-Nagore Murua; eta Amaia Zubelzu-Leire Galdos / Amaia Aizpuru-Uxue Olano. Bihar, berriz, Enara Mazizior-Ekhine Balerdi / Anne Agirre – Ane Kerejeta.
Ikuskizuna hastera doa. ■