Haritz Irastorzak (Altzaga, 2005) Ordiziako Jakintza ikastolan egin zituen oinarrizko ikasketak. Egun, Datuen Zientzia ikasten ari da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. «Etorkizuna duten ikasketak dira eta badakit gustura lan egingo dudala arlo horretan». Astea Iruñean ematen du. «Hiri ederra da. Ez da Bartzelona, baina herri txiki batetik doanak eskertzen du handiagoa izatea. Nire txoko kuttuna zitadela da», aipatu du.
Ze zaletasun dituzu?
Saskibaloian jokatzen duten haur batzuk entrenatzen ditut, lagunekin egotea gustatzen zait, kirola egitea… Nik ere saskibaloian jokatu nuen, Ordiziako taldean. Pibot postuan jokatzen nuen.
Gustuko saskibaloi taldea?
Baskonia, baina gertutasunagatik bakarrik. Realarekin berbera gertatzen zait. Ez naiz kirola ikusi zalea.
Saskibaloi jokalari bat.
LeBron James.
Pelikula edo telesail bat.
The game.
Liburu bat.
Carlos Ruiz Zafonen La sombra del viento.
Musika talde edo abeslari bat.
Altxatu. Ibil Bedi taldeko abeslaria talde horretako kidea zen.
Abesti bat.
Duki-ren Troya.
Oporretarako toki bat.
Kopenhage. Iazko udan Interrail egin genuen eta bertara joan ginen. Modernoa eta ederra da.
Zer gosaltzen duzu?
Kafe beltza eta ura gatzarekin. Esna eta kontzentratuta egoten laguntzen du.
Kolore bat.
Beltza.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Graduatuko naizen eguna.
Jaso duzun opari bereziena?
Gurasoek oparitu zidaten arrainontzia. Urte bat eman nuen arrainontzia eskatzen. Etxeko egongelan dago.
Amets bat.
Mediterraneo itsasoari bira ematea, belaontzi batean.
Bizitzako plazer txiki bat.
Asteburuetan aitona-amonekin bazkaltzea.
Goierriko txoko bat.
Altzasarasola. Altzagako auzo bat da eta konfinamenduan bertara joaten nintzen korrika egitera.
Altzagan biziko ez bazina?
Araman. Altzagaren abantaila guztiak ditu eta desabantailak ez, ordea. ■