Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Geure begien bistan, pagoak, astigarrak, gereziondoak… hostoz hosto azalgorritzen ari zaizkigu. Ikuskizun paregabe honek urtero harritzen gaitu, izan Iratiko basoan, izan Aralarren, izan Goierriko bazterretan, baita kale-kalean ere. Gertakari hau bostehun urtez behin gertatuko balitz, denok txora-txora eginda egongo ginateke, edonora joango ginateke paisaia miresgarri hauek ikustera eta sekulako ilarak sortuko lirateke, eklipse ikusgarriekin edo mendeko kometa baten etorrerarekin gertatzen den bezala. Baina kontua da udazkeneko kolore aldaketa ikusgarri hau urtero ikusten dugula, ohitu samartuta gaudela, eta ez gaituela behar bezala hunkitzen.
Beharbada Gorbeian eta Baia errekaren iturburuan egon berri naizelako izan dut aurreko gogoeta. Aspaldiko partez, uso pasaren ikusle izan nintzen, baina pagadiaren ikusmirak, orbela zapaldu bitartean, benetako zirrara eragin zidan. Are gehiago, adarrak hostogabetzen ikusi nituen, urtero bezala, baina kimuei ere erreparatu nien: hostoak erantzi bitartean, pagoen adarrak kimu berriez jantzirik bistatu nituen, itxuraz ñimiñoak, baina gertuko neguari aurre egiteko eta urrutiko udaberriari ongi etorria egiteko prest. Esaera zaharrarekin ere akordatu nintzen: hobeto adar okerra izatea, ohol edo egur zuzena baino; adar okerrak, adar malguak errazago jasango du ekaitz bortitza, puskatu gabe eutsiko dio; baina adar sendoa, adar zuzena laster hautsiko da eta hilkutxak egiteko erabiliko dute.
Gustuko dut Gasteizen Armentia aldera oinez joatea. Aldapa txiki bat igota, Gorbeia ikusten da, eta Anboto, eta Aizkorri… Baina bidean zeharreko astigarren gorriak kilikatzen nau gehienbat; haien hostoak biltzen ditut gero liburuen markagailu moduan erabiltzeko. Baina zuhaitzak erabat biluzten direnean, batzuetan adar gutxi batzuetako hosto bakanei erreparatzen diet. Farola baten argitan eta berotan, neguan zehar bertan goxo egoten dira, haize bafadarik zakarrenak ere ez ditu botatzen. Lanpararen argiak eta beroak bizirik eusten laguntzen diete, eta salbuespena dira astigarren adar biluzien artean.
Kontrakoa ere gertatu izan da, eta muturreko adibide bat datorkit gogora. Japonian, bonba nuklearrak jaurti zituztenean, lurrazalaren tenperatura 4.000º baino handiagoa izan zen. Eta, hala ere, epizentrotik kilometro batera, tenplu budista batean, errautsetatik zuhaitz bat ernaberritu zen: ginkgo biloba arbola! Japoniarrek, mirespenez, hibakujumoku esaten diete. Argi dago zuhaitzek begiratzen laguntzen digutela… ■