Miriam inza • Artista eta ikertzailea
Gaztetan asko idazten nuen, edonora neraman koaderno bat eta orduak ematen nituen idazten. Bizitzaz, anekdota txikiez, denetariko hausnarketaz egiten nuen testigantza. Batzuetan pozik geratzen nintzen idatzitakoekin, eta noizbehinka amari irakurtzen nizkion. Hark askotan esan dit: «Miriam, idatzi egin behar duzu, nonbait argitaratu, ondo egiten duzu». Badakizue nolakoak diren amak, euren alaba beti da onena egiten duen guztian.
Behin irakurri nion, bere amak onena zela esaten zion idazle bati, idazten duen ororen desira dela irakurria izatea. Bada, nik idaztea izan dut ofizio azken urteotan eta idatzi dut bi toki oso ezberdinetan. Bata astero irakurtzen duzuen aldizkaria da, bestea orain arte ezkutuan egon den doktorego ikerketa. Lehena da halabeharrez testu laburra, gai aniztuna eta iritzi sortzailea; kontu beraren inguruko hausnarketa luze eta sakona bestea. Bata berehala ikusten dut argitaratuta eta bestea amaitzeko neureak ikusi ditut. Lehena askok irakurtzen duzue etxean, lanean… baita nigana jo eta hausnarketa bide izan duzuela aitortu ere. Bestea ez dago kioskorik salduko duenik, unibertsitateko gordailuan dago, guztion eskura, baina ez du apenas inork irakurriko.
Tipo amazulo hari irakurri nion beste gauza bat ere: idazle onenak omen direla irakurleen idazteko grina pizten dutenak.
Konturatu naiz, 1800 karakteretan sartzen den karamelu honekin, ez dela idazlerik irakurlerik gabe, iritzi zutabe hau beti dagoela irakurlearen esperoan. Tesiaz, ordea, ohartu naiz basoaren erdian eroritako arbolak egiten duen hotsa bezalako idazlerik badela. Batarekin edo bestearekin, ez dut uste idazteko gogorik sortuko zaion inori, baina besteen grina pizteko bide bakarra da egiten duguna pasioz eta gogoz egitea. Nik guztia idatzi nahi dut noizbait nire amari irakurtzeko moduan.■