Aitor Artza • Musika zalea
Badira lau hilabete ez dudala zutabe honetan hitzik dantzan jarri eta aurrekoan egin nuenean gure Lazkaoko herrian udazkenari agur esateko antolatutako kontzertuaz aritu nintzan, Aho Lehor jaialdiaz, alegia. Borobila joan zen gaua baina izan dira beste asko ordutik hona. Ordiziarrock, Beasaingo Dolor de Muelasekoek atondutako gau zenbait, Eitzako ermitan Gaizkak antolatutako TUK Smith eta Petti hala nola Zarraparraz jaialdia Anari tartean zela, Pettiren disko grabaketa Ataunen, Legazpiko gaztetxean Orreaga 778 eta Kaleko Urdangak…. luzea da zerrenda.
Aipatu Motz tabernako Gaizkaren eskutik, Galder Izagirre izango dugula Labeaga Aretoan azaroaren 30ean. Galderrek bateria jo izan du Dut taldearekin, Berri Txarrakekin, Kuraiarekin, besteren artean, baina oraingoan bere diskoa aurkeztera dator Urretxura. Kutsu ezberdineko abestiak daude bertan eta eszenatokian erakargarri dirudien formatuan ari da aurkezpen kontzertuak egiten, bi bateria, baxua, gitarra eta teklatuez osatutako talde batekin batera. Iazko Durangoko Azokan argitaratu zuen ESC bere lehen lana Forbidden Colors argitaletxearen eskutik.
Hitz eta Musikek bere 2024ko zikloa abiatu du aurten ere. Gurutz Bikuñarekin hasi ginen, Roberto Mosorekin jarraitu dugu asteon eta abenduaren 12an Maite Mursego izango dugu. Azken hau Lisabörekin aritua eta gaur egun buru belarri zinemaren munduan murgilduta. Goya saria ere irabazia Akelarre filmaren musika konposatzeagatik.
Amaitzeko, Itsasondoko TAE recordsek, Bilboko Kaset ekoizpenak argitaletxearekin elkarlanean, Kaleko doinuak ekimena sortu dute eta indarrak batuta, Durangoko Azokako 51, 52 eta 53. standetan izango dira dozenaka punk-rock eta Oi! lanekin. Badakizue nondik pasa! ■