Madrildarrak dira Laura Arroyo Del Rio (Madril, 1987) eta Pedro Pablo Santana De Francisco (Madril, 1983). Duela hiru urte hiria utzi eta Itsasondora etorri ziren bizitzera, lasaitasun bila. Haien «bizitzako erabakirik onena» izan dela azaldu dute.
Jakina da hirietan trafiko hotsa, kutsadura, bizimoduaren azkartasuna… zurrunbiloa, finean, herri txikietan baino handiagoa dela. Are gehiago, Madril bezalako hiriburu batean. Duela hiru urte, 2021ean, zurrunbilo horretatik aldentzeko erabakia hartu zuten Laura Arroyo Del Riok (Madril, 1987) eta Pedro Pablo Santana De Franciscok (Madril, 1983). Espainiako estatuko iparraldera joatea zuten buruan, eta pandemia betean, bizimoduz aldatzeko momentua iritsi zela erabaki zuten. Euskal Herriarekin harremana zutenez, bertan aukerak bilatzen hasi ziren, eta Itsasondora iritsi ziren.
Izan ere, Santanak autonomo gisa egiten du lan Tough Ain’t Enough diskoetxean. Besteak beste, Kaleko Urdangak edo Rotten XIII taldeen diskoak kaleratzen dituzte eta ezagunak zituen Euskal Herriko Oi!-punk musika eszenan. Hainbat aldiz egonda ziren aurretik Gipuzkoan, kontzertuetan eta bestelako lan kontuetan, baina Goierri, dena den, ez zuten ezagutzen. «Benetan pentsatzeko momentua zen, eta egoera ekonomikoak eta lan-egoerak lagundu egin zuten aldaketa egiteko erabakia hartzerakoan», azaldu du Arroyok. Pedrok etxetik egin zezakeen lan, eta Laurari kontratua bukatu zitzaion. Hala, alokairuak bilatzen hasi ziren, eta Itsasondon aurkitu zuten aukerarik egokiena. «Aste batean etorri ginen, gustatu egin zitzaigun eta horrela izan zen», gehitu du Santanak.
Bi seme-alabaren guraso dira. Zaharrena, Madrilen jaio zen eta han eman zituen aurreneko urteak; gazteena, berriz, hemen jaio zen, etorri eta bi hilabetera. Haien hitzetan, «salto egin» zuten, eta azkenean, «ondo atera» zitzaien: «Bagenekien zaila izan zitekeela bertara egokitzea, baina jendeak oso ondo hartu gaitu, eta erraztasunak jarri dizkigute». Bazuten, noski, euskararen eta euskal kulturaren berri, baina azaleko ezagutza zen, nolabait. Bertara iritsi eta erditu ondoren, urtebete egokitzeko eta edoskitzeko denbora hartu zuen Arroyok, eta euskara ikasten hasi zen, «argi» zutelako Euskal Herrira etorrita, hizkuntza hitz egin edo behintzat ahalegina egin behar zutela pixkanaka gai izateko. Beasaingo euskaltegian eman zuen izena: «Oso esperientzia positiboa izan zen, eta kontziente izan nintzen denbora dedikatu behar niola». A2 titulua atera zuen.
Gerora, baina, lana lortu zuen eta egun Donostian egiten du lan, Gurutze Gorriko asilo eskatzaileen programan. Gizarte hezitzailea da. Lana, euskara klaseak eta familia kontziliazioa uztartzea ezinezkoa zitzaien, eta euskaltegiko ikasketak utzi behar izan zituzten. Santanak ere jaso baitzituen klaseak denbora batez, baina arrazoi berdinagatik utzi egin behar izan zuen: «Familia ez daukagunez hemen, ezin genion inori eskatu ordubetez-edo haurrekin geratzeko, gu euskaltegira joan gintezen».
Eskolako jarduna
Herri txikia eta euskalduna da Itsasondo, eta horrek eta guraso izateak integrazioan eragina du, Santanak azaldu bezala: «Arratsaldeetan haurrekin plazara jaitsi eta nahi eta nahi ez erlazionatzen zara gainontzeko gurasoekin». Diotenez, «harrigarriki erraza» egin zaie herrian haien lekua topatzea: «Haur asko daude herrian, eta umeak badituzu, errazagoa da integratzea».
Eskolan ere, txostenak, dokumentuak, bilerak… euskaraz badira ere, erraztasunak eskaintzen dizkiete hizkuntza menperatzen ez dutenei. Itsasondora, gainera, pertsona asko joan dira atzerritik bizitzera azken urteetan, eta hizkuntza eta kultura aniztasuna dauka herriak. Eustaten 2024ko urtarrilaren 1eko datuen arabera, nazionalitateari dagokionean, Ekialde Europako 25 lagun bizi dira bertan, Europako gainontzeko herrialdeetako 7, Magrebeko Herrialdeetako 19, Afrikako gainontzeko herrialdeetako 23, Hego Ameriketako 9, Ameriketako gainontzeko herrialdeetako 12 eta Asia eta Ozeaniako herrialdeetako 4. Horren harira, eskolan ere egoerara moldatzeko lanketa egiten ari direla azaldu dute madrildarrek: «Duela urtebete ingurutik, bileretan aldibereko itzulpen zerbitzua eskaintzen dute, gaztelaniaz eta ingelesez; betiere euskara mantenduta, eta hori da gure ustez egin behar dena».
Guraso Elkartean sartu berri dira, eta «ekintza kolektibo eta komunitario asko» antolatzen dituzte gurasoek elkarlanean. Horrek etengabe harremanetan egotea ahalbidetzen die, hizkuntzarekiko, kulturarekiko eta harreman sozialekiko kontaktuan egoteko bide emanez.
Durangoko Azoka
Santanak, aurrez aipatu bezala, Euskal Herriarekin harremana zeukan bertara bizitzera etorri baino lehen, bertako musika eszenan ezagunak zituelako diskoetxeko lana zela eta. Aurten, abenduaren 5etik 8ra egingo da Durangoko Azoka, Euskal Liburu eta Disko Azokarik handiena eta garrantzitsuena dena. Bertan izango da Santana Tough Ain’t Enough-en stand-ean. Laugarren urtea izango da berarentzat.
Erabakiarekin pozik
2021eko ekainean etorrita, jada hiru urte pasatu dituzte Itsasondon bizitzen Arroyok eta Santanak, bi seme-alabekin batera. Madrilgo hiriburutik iheska, berdeguneen eta baretasunaren bila, Itsasondon aurkitu zuen familiak bizimodu berri eta lasaiago bati hasiera emateko aukera eta modua. Pozik daude hartutako erabakiarekin: «Gure bizitzako erabakirik onena izan dela uste dugu. Naturarekin kontaktua, masifikaziorik ez, zerbitzu guztiak ditugu baina zurrunbilotik kanpo… bizi kalitate hobea daukagu orain, oso pozik gaude». ■