Iker Markinez • Beasain
Urte mordoxka pasa diren arren, gaur egun elkarte edo herriko festetako edozein ekintza izan daiteke argazkikoa. Poza ematen dit horrelako ekintzak ez direla galdu ikusteak. Sukaldaritzaren bueltan, hainbat eta hainbat ekitaldi ospatzen baitira gaur egun ere; izan odolki, mondeju edo bestelako platerak kozinatu eta sukaldean eta mahaiaren bueltan elkartu eta gozatzeko asmoz antolatzen direnak.
Hamalau urte eta bi hilabete pasa dira ordutik. Argazkia 2010eko irailekoa da, Beasaingo jubilatuen elkartean. Zehazki, eskualdeko jubilatu elkarteen arteko gastronomia lehiaketako argazkia da. Goierri beheko bost elkartek parte hartu zuten lehiaketan urte hartan: Ataungoak, Beasaingoak, Lazkaokoak, Olaberrikoak eta Segurakoak. Buztana saltsan prestatu behar izan zuten partaideek, eta nik neuk eta Iñigo Sanchezek izan genuen plater horiek epaitzeko ardura, baita sariak banatzekoa ere. Gazte-gazte geunden orduan, hamalau urte ez baitira inorentzat nolanahi igarotzen. Gainontzean, argazkiak ez du iradokitzen aldaketa handirik: soziedadeetako mahaiak, lapikoak, aulkiak, itxura orokorra… ez dira horrenbeste zahartu.
Irabazleak Ataungo Atseden Toki egoitzako Olatz Guridi eta Jose Ignazio Irastorza izan ziren. Oroitzapen asko eta politak ditut horrelako ekintzetatik. Maiz egiten ziren, jendea parte hartzeko prest zegoen eta gu, berriz, laguntzeko prest ere!
Argazkian Iñigo eta biok agertzen gara lehen planoan, jubilatuek prestatutako buztanak plateretan jartzen, dastatzeko, eta atzean, elkarteetako ordezkariak, gure epaiaren zain!
Sukaldearen eta mahaiaren bueltan bizi izan ditugu eta oraindik ere bizi ditugu momentu eder eta ahaztezinak. ■