Urbiako Andre Mari ermitaren inauguraziora 5.000 lagun inguru bildu ziren, 1924ko irailaren 28an. Aurreko hilabeteetan eraikia, ponpa handiz bedeinkatu eta ireki zuten. Arabako eta Gipuzkoako Partzuergoak eta Euskal Mendizale Federazioak antolatu zuten eguna.
Arantzazutik 08:00etan abiatu ziren prozesioan, ermita berrian jarriko zuten amabirjinaren irudia hartuta. Zulaika anaiek, Miguel Urretak eta Benito Mokoroak eraman zuten andan. Bezperan, Arantzazun bedeinkatu zuen irudia Mateo Mujika gotzain idiazabaldarrak. Aurretik, Oñatiko dantzariak joan ziren, eta eskolta modura lau mikelete. Atzetik, probintziako diputatuak (Pagoaga, Barriola, Aginaga, Larreta eta Segura).
10:00etan, Urbia gainera iritsia, harrera egin zieten Mateo Mujika gotzainak –lehenago igoa zen– eta Arantzazuko frantziskotarren komunitateak, eta beste prozesio batean iritsi ziren eliza berrira. 10:30ean, Mateo Mujika gotzainak ermita bedeinkatu, eta lehenengo meza eman zuen barruan, agintarien eta goi karguen aurrean.
Ondoren, meza nagusia ermitaren atarian, kanpoan eman zuten, «aingeru-meza herri guztiak abesturik». Victor Garitaonandia apaizak zuzendutako koru jendetsu batek abestu zuen, eta Jose Antonio de Urkiola apaizak abestu zuen kanpainako meza. Mateo Mujika gotzaina artzainen seme eta biloba zen. Homilia eta hitzaldi osoa euskaraz egin zuen; Arantzazuko Andre Mariari ongietorria eman ondoren, Urbiako artzainen onbideak agertu zituen. Prentsak idatzi zuen 5.000 edo 6.000 lagun izan zirela. Mendiko juntadizoetan, ordu arteko jendetzarik handiena zen. Arabatik, Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Bizkaitik joan zen jendea. Eguraldi paregabea egin zuen, aurreko egunetako kaxkarraren bestelakoa.
Sokadantza, bazkaria eta erromeria
Eguerdian, antzinako eran, agintariek sokadantza eta aurreskua dantzatu zuten, Segurako txistulariek jota. Diputatu arabarrak eta gipuzkoarrak, alkateak eta zinegotziak, eta mendizale elkarteetakoak jarri ziren sokan; aurresku Periko Lekuona donostiarra (Segurako alkatearen alaba Claudia atera zuen) eta atzesku Anton Bandres izan ziren. Partzuergoko lehendakaria eta Segurako alkatea Ignacio Aranburu Gorosabel segurarra zen. Lau euskal diputazioetako ordezkariak izan ziren. Biribilketa bat egin zuten gero, Bandres buru zela.
Egun hartan, ermitaz gain, Urbiako telefono publiko berria bedeinkatu eta Urbiako aterpetxearen lehen harria jarri zuten. Partzuergoak agintariak gonbidatu zituen bazkari ofizialera, zelaian mahai luzeak jarrita, 85 lagunentzat. Arantzazuko Hospederiak zerbitzatu zuen. Postreen garaian Segurako txistulariek jo zuten, tartean San Inazioren martxa eta Gernikako Arbola, denek zutik abestu zutena. Graziano Anduaga Gesaltzako bertsolariak egunaren 22 bertso berriko sorta jarri zuen.
Milaka lagunek zelaietan zabalduta bazkaldu zuten. Arratsaldean, euskal jaia edo erromeria, Segurako eta Oñatiko dantzarien saioa, Kiriko eta Frantsesa bertsolariak, bi aizkolari eta ahari jokoak izan ziren, 17:00etan beherako bidea hartu arte. ■