Garingoa izan zen Lide Urrestarazurentzat (Ordizia, 1999) parte hartu zuen lehen mendi lasterketa, 16 urte zituela eta aita lagun zuela. Hirugarren postuan iritsi zen. Harrezkeroztik, ez da geratu. Aurtengo urtea ez du berehalakoan ahaztuko: Zegama-Aizkorrin bosgarren izan da eta Munduko Kopan bi lasterketa irabazi eta sailkapen orokorrean zazpigarren postuan geratu da.
A zer nolako urtea izan den aurtengoa zuretzat.
Bai, asko gozatuta! Hasieratik euskal selekzioak aukera eman zidan Munduko Kopako lehenengo probara joateko [Palmara], irabazi egin nuen eta hark ireki zizkidan ateak denboraldian zehar Munduko Kopako beste proba batzuk egiteko. Asko bidaiatu dut, jende berria ezagutu dut… Asko gozatu dut.
Euskal selekzioaren izenean lehiatu zara.
Txapelketa «ofizial» batean, Munduko Txapelketan adibidez, ezin da Euskal Selekzio bezala parte hartu. Herrialde «ofizialetako» selekzioak joaten direnean, Euskal Selekzioa ezin da joan. Baina Skyrunner zirkuitu bat edo Kopa bat denez, talde bezala hartzen du parte Euskal Selekzioak. Salomon izango litzatekeen bezala.
Zenbait momentutan, Euskal Selekzioak Goierriko selekzioa ere ematen du.
Bai, egia da aurten goierritar asko ibili garela.
Munduko Kopako azken proban euskal selekzioko bederatzitik lau goierritarrak zineten. Ainhoa Intxausti segurarra, Ioseba Eskudero idiazabaldarra eta Aitor Zinkunegi legorretarra.
Bai, laurok joan ginen Castellora (Herrialde Katalanak). Eskuderorekin joan nintzen Malaysiara, Aitor Zinkunegirekin Madeirara… Selekzioan laurok ibili gara aurten. Irati Zubizarreta ere ibili izan da, baina lesioekin ibili da orain.
Goierrin maila ona dago?
Bai. Azkenean, orografia aldetik, mendia hain gertu edukita, mendirako kultura handia dago eta hori mendi lasterketetan islatzen da. Nik uste dut geroz eta zaletasun handiagoa dagoela.
Nolakoa da Merrell Skyrunner World Series zirkuitua?
Lau kontinentetan, 21 proba jokatu dira aurten, eta lau emaitza onenak eta finala hartzen dira kontuan sailkapen orokorrean. Nik sei egin ditut, zazpigarrenean erretiratu egin nintzen zaintiratua egin nuelako. Lau lasterketarik onenak eta finala (bikoitza balio du) kontatzen dira sailkapen orokorrerako. Zazpigarren postuan geratu naiz. Finala pasa den asteburuan jokatu zen, Castellon. Asteburu polita joan da, denok elkarrekin joan garelako.
Zuk bi irabazi dituzu, Palmakoa eta Malaysiakoa. Ezaugarri eta neurri desberdinetako probak izan dira?
Oso-oso ezberdinak. Luzeak, sei ordutik gorakoak, ez ditut egin, Palmakoa 30 km-koa (2.000 desnibel metatua) izan zen, eta Malaysiakoa maratoia, 2.800 metroko desnibel metatuarekin. Finala ere luzea zen, maratoia eta 3.800 metroko desnibel metatuarekin.
Aurten eman duzu saltoa mundu mailako karreretara.
Bai, batez ere selekzioak aukera eman didalako eta Medikuntzako ikasketak bukatuta, aukera gehiago izan dudalako lasai ibiltzeko.
Medikuntzako lanarekin ondo uztartzen dituzu lasterketak?
Bai, aurten ondo uztartu dut. Entrenatzeko denbora gehixeago hartuko nuke, baina tira.
Non entrenatzen duzu?
Ordizian nagoenean, Aralarren, Aizkorrin… inguruan. Egia esan, ez gaude toki txarrean. Alde horretatik zortea daukagu.
Zegama-Aizkorri mendi maratoian parte hartu duzu lehenengo aldiz. Bosgarren egin zenuen.
Aurten niretzat Zegama-Aizkorri oso-oso berezia izan da. Lehenengoa zen, lagun eta inguruko pilo bat ikusten, karreran babes hori sentitzea oso-oso polita izan zen. Emaitza ere izugarria izan zen. Esango nuke denboraldiko onena izan zela. Nahiz eta Munduko Kopako bi proba irabazi, Zegaman beste proba horietan baina maila handiagoa dago.
Irteeran, Zegama-Aizkorri maratoi guztietan parte hartu duen Koldo [Urrestarazu] osaba izango zenuen.
Bai. Mendi lasterketekin izandako lehen harremana Zegama-Aizkorrirekin izan zen. Urtero joaten ginen osaba ikustera Andraitzera. Polita izan zen berarekin batera ateratzea.
Zu lehenago iritsi zinen.
Bai, baina berak meritu gehiago dauka hainbeste urtetan hor egoteagatik.
Lehenengo mendi lasterketa Garingoa izan zen, 16 urterekin.
Orduan krosetan nenbilen, baina krosera joan beharrean Garinera joan nintzen probatzeko. Handik, selekzioan sartzeko aukera eman ziguten Iratiri [Zubizarreta] eta bioi gazteen taldean. Horrek ere bultzadatxo bat ematen du. Espainiako Kopako proba batzuk egin genituen… Giroa gustatu zitzaigun. Horrek kateatu gintuen.
Kilometroak gehitzen pixkanaka… batzuk zuzenean maratoia egiten hasten dira.
Egia da hori. Nik uste dut gero eta distantzia luzeagoko probak ari direla modan jartzen eta jendea errazago animatzen da horretara.
Gorputz bakoitzak modu batera erantzungo du, baina nik uste dut naturalena eta gorputzari kalte gutxiena egiten diona, progresiboki joatea hobea dela. Gorputza ohitzea terreno horretara lesioak prebenitzeko… Gero joan daiteke distantziak luzatzen.
Aurten egin duzun karreretatik, zeinekin gelditzen zara?
Bat egitea zaila egiten zait. Bat esatekotan Zegama esango nuke, pertsonalki bereziena izan delako. Espektakularrena mendi aldetik, Suitzan egin nuena oso-oso polita izan zen, Zermatten. Glaziar batetik pasatu ginen, Cervino pare-parean ikusten genuen… Teknikoena ere izan zen. Palmako Acantilados ere polita izan zen selekzioarekin egindako lehenengoa izan zelako… Irabazita gainera ilusio handia egin zidan. Asiakoa ere bidaia oso polita izan da….
Korrikan zoazela paisaiaz gozatzeko aukera izaten duzue?
Bai, zerbait bai. Burua altxatu eta paisaiaz gozatzeko aukera izaten dugu.
Beti irribarrea ahoan duzula ikusten zaitugu. Gozatzen duzunaren seinale.
Disfrutatzeaz uzten duen puntuan, nik uste dut ez duela merezi hemen segitzerik. Gustatzen zaigulako egin dugun zerbait da. Nik argi daukat, gozatzen ez den momentuan zerbait gaizki doala. Jendea inguruan ikusten duzunean animatzen, horrek sortzen du irribarrea.
Hurrengo urteari begira ze asmo daukazu?
Asmo berezi-berezirik ez, baina aurtengo antzeko zerbait ateratzen bada oso pozik. Aukera baldin badaukat Munduko Kopako probaren bat egiteko, ni oso gustura, aurten asko gozatu dudalako. Eta bestela, hemen inguruko karrerak egiten segituko dut.
Ametsetako karreraren bat badaukazu?
Oraingoz ez. Alpe inguruan egiten diren teknikoagoren bat badago, binaka egiten dena ere bai… Bakarren bat badut begiz jota, baina ametsetakoa ez nuke esango. Teknikoagoren bat, elurretakoren bat egingo nuke gustura.
Zegama egin duzu, Beasainen proba luzeagoak badaude.
Horiek aurrera begira. Egia da hementxe bertan ditugula eta polita izango litzatekeela horietakoren batean parte hartzea. Baina oraindik luze gelditzen zaizkit. Horiek aurrerago. ■