Judit garcia Llorens • Baserritarra
Planetako mugak gainditzen ari gara: nitrogenoen isurketak, atmosferako CO2 kontzentrazioa eta tenperaturaren igoera, urteko espezieen galera ratio oso altua… Alarmak piztuta daude eta hala ere, COP 29an nabarmen geratzen ari da egoera bideratzeko ahalmen handiena dutenek beste lehentasun batzuk dituztela eta aldaketa klimatikoaren kontrako borrokak lehentasun horiekin talka egiten duela. Ekintza politiken asmoa behin eta berriz puntu berdinetik abiatzen da baina gero eta larriagoa den egoera bideratzeko. Eskuin muturraren indartzeak egoera bideratzea are eta gehiago urrutiratzen du.
Europan nekazaritza politikak diseinatzeko garaian ere, errepikapena ikusten dugu: ingurumenarekiko diagnostiko oso kezkagarriak, baina erronka handiak zein hasierako anbiziodun planteamenduak, beherapen izugarriarekin ixten dira bukaeran. Adostutakoa, agrokimiko, energia fosilen lobbiek eta nekazarien elkarte korporatibistek baldintzatuta, orain arteko eredu eta ordena bidegabeari eustera etorri ohi dira behin eta berriz.
Elikagaien ekoizpen eredu industrialari mugak jartzen hasi zaizkionean nekazari sektore batzuk asaldatu dira eta ikusten ari garenez, zenbait sektorek eskuin muturrarekin konektatu dute herrialde askotan: Europan (Holanda, Austria, Frantzia…) zein Amerikan (Brasil, Argentina, AEB, Kanada…). Lehenengo sektorearen eskuin muturrerako deribaren arriskua lurralde guztietan dugu, eta zentzu horretan, lurra urrutiegi duen kultura bateratzaile- burokrata hiri zentristak bere alea jartzen du norabide horretan. Bide beretik, administrazioek gehiegitan korporazio handien interes eta hauek ezarritako kalitate komertziala, elikagaien kalitate errealaren gainetik jartzen baitute. Estatu Batuetako hauteskundeetan adibide partikular bat ikusi dugu Trumpen aldeko Amishen bozka masiboarekin, Demokratek esne gordinarekin lan egiten zuen baserritar bat jezarri ostean.
Gurean, Gipuzkoan, teknologia maila oso altua eskatzen duten haragi sintetikoa edo indoor vertical farming bezalako proiektuak, inbertsio publiko ikaragarriak jasotzen ari dira. Batere argitu gabe proiektu horien bideragarritasun ekonomikoa, soziala eta ekologikoa zein izango den. Aldaketa klimatikoaren kontrako borrokarako neurriak lehentasunezkoak dira, kontsumoa murriztetik hasita, eta ekoizpen ereduari dagokionez, denon eskura dauden alternatibak bultzatuz, gazteengandik hasita, naturaren zaintzarekin bat datozenak, behetik gorakoak, lurrari lotuak eta burujabetasuna areagotzen dutenak. ■