Indarkeria matxistaren adierazleetako bat dira tratu txarrak eta sexu-askatasunaren aurkako delituak. Yolanda Cervero psikologoak urteak daramatza biktimekin lanean.
Aurrerapausorik eman al da indarkeria matxistaren inguruan?
Geroz eta kontzientzia gehiago dago, eta indarkeria salatzeko pausoa ematen duten emakumeek gizartearen babes handiagoa dute. Ondo bereizten da zein den erasoa jasan duena eta zein den erasotzailea, baina oraindik zalantzan jartzen da biktima, eta erasotzailearen jarrera justifikatu egiten da.
Biktimak hasi dira aurpegia ematen
Bai. Duela urte batzuk, adibidez, Txiletik mundu osora zabaldu zen Bortxatzailea zu zara performancea, fokua horretan jartzeko. Aurten, hor dugu Frantziako Gisele Pelicot, bere senarraren ekimenez konorterik gabe zegoela 72 gizonek bortxatu zuten emakumea. Epaiketan esan zuen bezala, ez dagokio berari lotsa sentitzea, baizik eta bortxatzaileei, eta animatu egin zituen bortxatutako emakumeak aurpegia ematera. Ze gertakari gogorra, izugarria izan da, senarrak egindakoa eta bortxatu zuten gizonena. Bortxatzailea ez da gaixorik dagoen gizona, baizik eta desio bat izan eta boterea duelako eta inpunitatearekin aurrera egiten duen gizona. Gizon arrunta da, egunero kalean, portalean, dendan, lanean… ikusten duguna, ez da hori ahaztu behar.
Inpunitatea diozu.
Bai, kasu askoren atzean inpunitate handia dago, pentsatzen dute ez zaiela ezer gertatuko, emakumea ez dutela sinistuko. Lotsa emakumeengan erortzen da. Delitu sexualak dira biktima zalantzan jartzen duten delitu bakarrak, ez da antzekorik ezer gertatzen lapurreta batean, adibidez.
Hainbeste babesten al da erasotzailea?
Pelicoten kasura itzulita, epaileak ez zuen nahi izan bortxaketen irudiak ematea epaiketan. Nor ari zen babesten? Biktima ez, biktimak aurpegia emana zuelako, bortxatzaileak baizik.
Zer dago horren atzean?
Sexu eraso guztien atzean, desioa baino, boterea dago, dominazioa. Gizarte matxista eta patriarkatu honek zerbait lortu badu, indarkeria erotizatzea izan da, eta oso zabalduta dago indarkeria.
Urte asko daramatzazu lanean arlo honetan.
Bai, Gipuzkoako Psikologoen Elkargoak eta Aldundiak 1993an martxan jarritako programa baten barruan batez ere, baina ordurako ari nintzen lanean indarkeriaren biktima ziren emakumeekin.
Aldaketarik sumatu al duzu?
Emakume autoktono gutxiago etortzen dira, eta migratzaile gehiago. Kanpokoak egoera zaurgarriagoan daude, eta bertakoei, bai lehen eta bai orain, gehiago kostatzen zaie salatzea askotan 20 urtetik gora senarra izan duten gizona. Bestalde, niregana etorritako 60 urtetik gorako emakume guztiak autoktonoak dira. Baina emakume bakoitzaren egoera, tipologia… desberdina da, eta adibidez, ezin da tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeen profilik egin, edozeini gerta dakiokeelako.
Eta indarkeria motari dagokionez?
Bikote gazteen artean geroz eta indarkeria kasu gehiago dago, 15-16-17 urteko gazteez ari naiz. Horretan zineman, serieetan eta abestietan hain zabalduta dauden mezuek dute errua, kontrola, zeloak eta nagusitasuna amodioarekin lotzen dituztenak, adibidez. Niri etorri zaizkit mutil gazteak kezkatuta bikote harremanarekin, besteak zeloak ez dituelako!
Zer egin daiteke hau aldatzeko?
Lehenik eta behin, ez dugu etsi behar, batez ere orain, eskuin muturra sortzen ari den negazionismo mezuen aurrean. Horretarako daude azaroaren 25a bezalako egunak. Aipatzen ez dena, ez da existitzen, eta indarkeria matxistaz ez bada hitz egiten, ez dela existitzen dirudi. Salatzen jarraitu behar dugu.■
Azaroak 25, borrokak ez du etenik izan behar