Osagaiak
- Debaren odolkia
- Aramako Aza
- Patata (pertsonako bat)
- Arrautza (pertsonako bat)
- Ozpinetako piperminak
- Irina, arrautza irabiatua eta ogi birrindua
- Olioa
- Gatza
Prestaketa
Aza garbitu, zatitu eta ordu erdi inguru egosi. Patata barrutik hustu behar da. Arrautzaren gorringo eta zuringoa banatu, eta gorringoa pataren barruan sartu. Patataren bi zatiak zotz batzuekin lotu. Patata irinetatik, arrautza irabiatutik eta ogi birrindutatik pasa ondoren, oliotan frijitu.
Odolkia xerratan ebaki eta plantxan egin.
Aurkezpena
Patatari zotzak kendu, ireki eta plater baten erdian ipini. Inguruan aza eta odolki zatiak jarri.
Gainetik olio pixka bat eta zatitutako piperminak gehitu, eta zerbitzatzeko prest dago. ■
Gabiriako Korta jatetxean bista ederrak jantoki zabalean
Goierriko jatetxe klasikoa da dagoeneko Gabiriako Korta. Jose Inazio Soraluze nagusiak eta Ivanka Sevdina sukaldariak daramate bertako martxa.
Gaur egun ostiral, larunbat, igande eta astelehenetan irekitzen dituzte ateak. Bi jangela handietan ehun lagunentzako tokia dute, eta bertako beirate handietatik bista ederrez goza daiteke.
Kortan, garaiko produktuetan oinarritutako betiko sukaldaritza egiten dute. Haragiak eta arrainak egiteko garaian brasa da bertako erregea. Arrainetan erreboiloa, lupia, bisigua eta olagarroak dute harrerarik onena, denak ere parrilan eginda. Haragietan, berriz, txuleta da jendeak gehien eskatzen duena. Angus arrazako behikiarekin lan asko egiten dute.
Karta zerbitzua eta asteburuko menua eskaintzen dituzte Korta jatetxean. Eta bere jangela handiak ospakizun jendetsuak zerbitzatzeko ere egokiak dira.