Goierriko Energia Bulegoak urtebeteko bidea osatu du dagoeneko. Arreta eta aholkularitza zerbitzua ematea, eta goierritarrek energiaren arloan izan ditzaketen zalantzak argitzea du helburu. Balorazioa baikorra da.
Lehenengo urtea izateak sor dezakeen ezinegon hori kezkak uxatuz eta argibideak emanez gainditu du Goierriko Energia Bulegoak. Abenduan urtea beteko da zerbitzua ematen hasi zenetik, eta haren sorreran parte hartu duten eragileek egindako lana onesten dute .
Goieki garapen agentziak, Goierriko 18 udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako proiektua kudeatzeaz Sara Irastorza (Zegama, 1998) arduratu da. «Jendeak zerbitzuari zer harrera egiten dion ikusi nahi genuen lehen urte honetan, eta ikusi duguna da jende dezente etorri dela eta jasotako laguntzarekin gustura dagoela».
Teknikariaren esanetan, «ezjakintasun handia» dago energiari lotutako gaietan, eta sentitu du erabiltzaileek «gako batzuk ulertuta» atera direla bulegotik. «Zer kontratu daukaten, zertan hobetu dezaketen, hori alde batetik; eta bestetik, uste dut goierritarrek asko eskertzen dutela zerbitzua bera edukitzea, jakitea zalantza baten aurrean hemen gaudela eta laguntzeko gaudela. Jendea gustura dago, eta jendearen harrera hori ikusita gu ere bai».
Faktura ulertzeko nahia
Zerbitzu honen berezitasunetako bat da ez dela Beasain, Lazkao eta Ordiziako bulego finkoetara mugatzen, herri ertain eta txikiek hala eskatzen badute teknikaria haietara joaten baita. «Udalek zein herritarrek egin dezakete eskaria, eta eguna eta ordutegia zehaztuta, zerbitzua herrian bertan izateko aukera dute».
Urtebetean 288 kontsulta eta 430 hitzordu –pertsona bera behin baino gehiagotan– izan ditu energia bulegoak. Kontsulta gehienak argindar eta gasaren fakturari lotutakoak izan dira (%75), %23 bonu sozialari buruzkoak eta gainerakoak energia berriztagarrien gainekoak. «Azken hilabeteetan antzeman dut jende asko etorri dela bonu sozialaren inguruan galdezka udaletako gizarte langileek bideratuta. Konexio horiek egitea aberatsa da».
Kontsulta egin duten goierritarren artean «denetarik» dagoela dio Irastorzak. «Normalean jendea itsuan etortzen da. Batzuk espero ez zuten faktura bat iritsi zaielako, eta zer gertatu den jakin nahi dutelako. Hori da arrazoi nagusia. Baina bestetik, badago informatuta etortzen dena, eta informazio gehiago nahi duena. Erabiltzaileek ulertu nahi dute zer den etxera iristen zaien faktura, ez bakarrik prezioa. Zeri erreparatu jakin nahi dute».
Aholkatu bai, erabaki ez
Teknikariak, beste batzuen artean, bi irizpide erabiltzen ditu faktura aztertzeko. Kontratatuta dagoen potentzia edo termino finkoa norberaren erabilera ohituretara egokituta dagoen ala ez da bata. Bestea kontsumoa eta kontsumitutako horren prezioa. «Hori ondo baldin badago, normalean, faktura hori zuzen etorri beharko litzateke». Irastorzak aipatu du fakturan aurreztea lortu izan dutela erabiltzaile batzuek –«gehienetan aurreztutako kopurua txikia izaten da»–, baina bikoitza edo gehiago aurreztea lortu dutenen kasuak ere badaudela nabarmendu du.
Aholkurako zerbitzu bat da energia bulegoa. «Jakin behar dugun lehenengo gauza da zer daukan bakoitzak kontratatuta. Behin hori aztertuta, norberak dituen ohiturei begiratu behar zaie». Beste «praktika on bat» faktura urtero-edo errebisatzea dela dio. «Horretarako zeri erreparatu behar dion jakin behar du erabiltzaileak. Gu laguntzeko gaude, baina gure helburua da herritarrek pixkanaka beren kabuz faktura ulertzen ikastea».
Izan da erabiltzailerik galdetu duenik zer konpainiarekin egin beharko lukeen kontratua. «Hor ez gara sartzen. Guk informazioa eta aukera desberdinak proposatzen ditugu, baina erabakia norberarena da. Guk erabiltzen dugun erreminta konparatzaile bat da, eta horrek merkaturatzaile hainbaten zenbakiak ematen dizkigu». Zerbitzuak «merezi» duela adierazi dio. «Horretarako astia hartzea da kontua. Ordubetek faktura ondo aztertu eta ulertzeko denbora ematen du». ■
Bulegoen ordutegiak
843 739 988
energia.goieki@goierri.eus
- Lazkao. Astelehena. Udaletxea (10:00-14:00)
- Beasain. Asteazkena. Martina Maiz, 3 (10:00-14:00)
- Ordizia. Ostirala. Udaletxeko arreta bulegoa (09:00-13:00)
- Goieki. Astelehenetik ostegunera. Arranomendia, 5. NBF Eraikina (15:00-17:30)
- Herri ertain eta txikiak. Zerbitzua aurrez aurre emateko aukera dago.