Hamar urte dira, orduan nagusi zen Etxegarate-ren ordez, Etzegarate forma arautu eta ofizialdu zela. Hautsak (batzuk behintzat) harrotu zituen erabaki hark. Uste dut merezi duela orduan eta ondorengo urteetan gai honek utzitakoaz burutazioren bat egin eta gure hizkuntza-ohiturak pixka bat aztertzea. Aurren-aurrena, goazen muinera. Zergatik erabaki hura?
Funtsean, bi arrazoi egon ziren. Inguruko hiztunek –Idiazabalen, batez ere– bere aurrekoengandik jasotako izena tz-duna zen; aitortu behar, edozein moduz ere, azkenetan zela joera hori, erabilera ofizial edo instituzionalizatuaren ondorioz.
Bigarren, idatzizko tradizioari kasu eginez gero, -tz- ahoskatzeko joera hori ondo txertatzeko eta esplikatzeko modukoa zen paperetako erregistroetan ikusten zenaren bitartez. Izan ere, izenaren lehen agerpenetik hasita (Eicagaratea, 1208) -z- grafia ageri da mende askoan; bukaerako -a artikulua galduta, azkenik, Eizagarate forma egonkortu eta nabarmendu zen, harik eta XIX. mendeko aipamenetan Ecegarate/Etcegarate bihurtu zen arte.
XVIII. mendean azaldu, hurrengoan zabaldu eta XX.ean nagusitu egin zen Etxegarate forma dokumentazioan, besterik ez erabiltzeraino nagusitu ere.
Gaurko egunean, ahozkoari erreparatuta, ikusiko duzu batzuek «zuzentasunaren beharrez-edo, baina, itxuraz behintzat, ondo kostata» Etzegarate esaten dutela. Beste batzuek «mingaina korapilatuta ia, konturatzen baitira zuzentasunari izkintxo egiten ari direla» Etxegarate esango dizute. Eta beste batzuei Etxegarate irtengo zaie, berez… Zertarako konplikazioak!
‘Etxe’-rik ez, ‘haitz’ baizik
Hala ikusten dut nik. Azken batean, ia denek pentsatzen dute (eta hori ere nire ustea da, ez gehiago): “etxe” baldin bada izenaren osagai nagusia, zertarako hainbeste buelta!
Jakingo balute ezetz, izenaren sorburuan etxe ez, baina (h)aitz dagoela (aitz + -aga + garate elkarketa eginez), bestela jokatuko al lukete?
Honaino etorrita, azaldu behar nire burutazioak. Lehenik, etimologia zale(egi)ak garen ustea; eta zuzenzale(egi)ak. Izen bereziek ez dute zertan esanahia izan. Diren bezala dira, eta kito.
Eta bigarren oharra, hona ekarri nahi nuen kontua. Gure ahozko eta idatzizko erregistroen artean nahaste handi samarra ikusten dut. “Aralar”, “Legazpi”, “Legorreta” “Zegama” eta “Zumarraga” nagusitzen ari dira, baina, gero «Zegamara etorri gea» esateko (zegamarrek, hori bai, “etorri gaa”), izen bereziak gure hizketa jarioan aparteko artefaktuak balira bezala sartuta.
Iruditzen zait aberasgarriagoa litzatekeela hiztunarentzat ikastea gure hizkeran bokal arteko kontsonanteak batzuetan erori egin ohi direla eta berak jasotako Zeama-k, Aalar-ek, Leazpi-k, Leorreta-k edo Zumarraa-k badituztela beste forma batzuk ere, zein bere testuinguruan erabiltzekoak.
Alegia, gure ahozko ondareak asko balio duela hizkuntza aberasgarria osatzeko. Horrela, guk jasotako Etzeaate gehixeago estimatu, ezagutu eta erabiliko bagenu, normalago hitz egingo genuke. ■