Naroa Elortza • Eraldatzaile soziala
Komunikabide erdi serioetan ez da besterik: eskuin muturra boterean, sare sozialetan, kalean, pintadetan. Euskaraz, ere bai. Ez dugulako zertan joan AEBra, Italiara edota Argentinara. Pentsa ze barneratuta dugun, Donostian aterpe eta jatekorik gabekoei afari solidarioak ematea debekatu duela udalak, segurtasuna aitzaki. Kasualitatez, segurtasun neurriak pobreekiko aplikatzen dira beti.
Amorrua nagusi den garaiotan iritsi zitzaigun Ordiziara Kulturen Arteko VIII. Topaketa, kaleak elkartasunez eta elkarbizitzaz betez. Bi hitzordu ekarri nahi nituzke lerrootara: hizkuntzen arteko elkarrizketa foroa eta munduko arrozen topaketa.
Barrenako aretoa bete zitzaigun Ordizia Kolorek eta Garabidek antolatutako hizkuntza eta identitate anitzei buruzko topaketan. Tarana Karim-en hitzaldiaren ondoren, momentu magikoa bizi izan genuen. Taldetxotan bildu ginen, Ordizian dauden dozenaka hizkuntzen artean seiri buruz aritzeko. Neure taldea arabiarrarena zen. Emakume saharar eta marokoarrekin izan ginen, beraien hizkuntza eta kulturei buruz hitz egiten, Ordizian nola bizi dituzten ezagutzen. Emakume ahaldunduak, antolatuak, indartsuak. Liluragarria.
Zapatukoa ez zen hain intimoa izan. 500 lagun bildu ginen frontoian, munduko arrozekin ikaragarri gozatzen. Koloreak, zaporeak, hizkuntzak, usainak, janzkerak, ohiturak… guztiak, elkarlanean.
Urtean 2-3 alditan bihurtzen da frontoia Ordiziako aniztasunaren isla. Pena da, egunerokoan ez garela komunitateak elkarren artean nahasten.
%21eko migrazio tasarekin eta Ordizia Kolorek landutako komunitateen saretzearekin, Ordiziak elkarbizitza sustatzeko eta aniztasunaren kudeaketan eredu izateko aukera du. Izan dezagun perspektiba estrategikoa, eta bultza dezagun behar diren baliabide guztiekin komunitateen elkarlana. Oraina eta etorkizuna dugu jokoan. ■