Irati Goikoetxea Asurabarrena • Idazlea
Paula pailazoari eskatu zioten oso triste bizi ziren auzo bateko bizilagunak alaitzeko. Negar egiten dute, kontatu zioten Paulari, uholdeka egiten dute negar. Masailak lokatzez beteak zituztela esan zioten, ezpainetan urak gainez egiten ziela. Ahoa ireki eta ur parrastek eztarria itoko zieten beldurrez, auzo hartan inork ez zuela hitz egiten. Mesedez eta mesedez, eskatu zioten Paulari, mesedez eta mesedez, egiteko zerbait. Baietz, saiatu zirela jolas, txiste eta festekin, egin zizkietela kilimak, opariak eta espero gabeko otordu goxoak. Baina alferrik. Azken urte luzeetan inork ez zuela irribarrerik ikusi auzoko kaleetan, are gutxiago barrerik, algararik eta tripa-dantzarik. Sudur gorrien jolasak ere ez zuela balio izan. Saiatu zirela. Etxe bakoitzaren atarian sudur gorriak utzi zituztela. Asko. Hamabi, hogeita zazpi, ehun eta lau. Inork ez zuela, ordea, sudur gorririk jantzi.
Paula horiek guztiak entzunda, beldurtu egin zen. Zer egin behar zuen berak berezi bestela lortu ez zutena lortzeko? Triste pasa zuen gaua Paulak. Negarrez. Erdi ahaztuan, erdi galduta zuen argazki bilduma hartu eta argazkiak eta argazkiak ikusiz etsi zuen gaua eta tristura. Hortxe zegoen Paula ttikia hamabost zentimetroko diametroa zuen piruleta gorri, erraldoia eskuetan hartuta. Irribarrea piruleta bera baino handiagoa zuen. Hortxe zegoen Paula ttikia kaleko katu bat beso artean hartuta, irribarrea katuaren bibote artean luze-luze. Hortxe zegoen Paula ttikia aiton-amonen etxeko beheko suari begira, irribarrea epel-epel. Hortxe zegoen Paula ttikia saskibaloi taldeko lagunekin txapelketako garaikurra irribarrean gora-gora altxatuta. Hortxe zegoen Paula ttikia zilipurdi oker baten erdian lepoa edonora zuzendua irribarrea betileetan.
Triste pasa zuen gaua Paulak horiek denak ikusiz. Negarrez. Horiekin denekin zer egin erabaki bitartean, ispilu aurrean jarri, arkatza hartu eta ispiluan bertan bere irribarre propioa marraztu zuen. Ez zitzaion kabitu. Ispiluan. Orduan erabaki zuen. Argazkietan ikusitako irribarre guztiak bata bestearen segidan kateatu eta harresi luze eta sendo bat egingo zuen. Irribarrezkoa. Harresia. Auzo hartako bizilagunen tristurak ez zezan ihes egin kanpora.
Beren tristuraren muga irribarrea zela ohartu zirenean utzi zioten negar egiteari. Auzotarrek. Paula pailazoari esker. Biba eta biba esan zioten Paulari eta etxe atarietan abandonatuta zituzten sudur gorri guztiak oparitu zizkioten esker onez. Orain ez du inork negar egiten eta ai ama! ■