Iñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa
Isaias Berlin filosofoak aspaldi idatzi zuen historialariek aurkituak zituztela gutxienez 200 modu ezberdin «askatasun» hitza ulertzeko. Gaur egun, gizabanakoaren bizitzan eragozpenik-eza bezala definitzen du askatasuna teoria nagusiak. Bakoitzak dauzkan ondasunekin nahi duena egiteko ahalmen ideiarekin hertsiki lotuta dagoela ematen du batez ere askatasun liberal horrek.
Baina gogoratu askatasuna menpekotasun-eza bezala ere ulertzen zutela iraganeko teoria batzuek. Kontua ez da norbait zure bizitzan tartean sartzen den ala ez, baizik eta edonork kontrolik gabe eta era bidegabean zure bizitza eragotzi dezakeen ala ez.
XIX. mendean Estatu Batuetan oso ohikoa omen zen langileak ez zirela askeak esatea, soldatapekoak ziren heinean. Langile bezala enplegatzaileen nahietara lotuta baitzeuden. Errepublika batean edozein hiritarrek izan beharreko askatasunaren urraketa sakona izatea leporatzen zioten askatasun gabezia honi. Aldiz, benetako hiritarrek burujabetasun ekonomiko egoera bat izan behar zutela eta ez mendekotasunezko bat.
1869an Uriah Stephens jostunak eta ehungintzako langile talde txiki batek Lanaren Zaldunak izeneko erakunde bat sortu zuten. Zeregina: ekoizpen-balioa, morala eta gizarte-balioa pertsona eta estatuaren handitasuna neurtzeko egiazko irizpide bihurtzea aberastasunaren ordez. Izugarrizko ospea, indarra eta hazkunde azkarra eman zioten mugimenduari hainbat greba eta lan ekimen arrakastatsuk, adibidez kooperatibak sortuz. Afiliazioa aparra bezala hazi zen, 1886an erpinera, 700.000 kide izatera arte. 1880 amaierarako barne nahaste-borrastearen eta kanpo errepresioaren eraginez gainbehera azkar batean amildu ziren. 1890 erdi aldera ez ziren jada estatu mailako indar ezagun bat ere.
Beraien menpekotasun-ezaren argudioak eraman zituen produkzio kooperatibez osatutako eta langileen kontrolpean koordinatutako Errepublika Kooperatibista baten alde borrokatzera. Burujabetza, lorpen kolektibo bezala irudikatzen zuten, elkartasuna izanik bere oinarria. Baina badirudi mundu guztia ez zegoela berez prestatuta Zaldunek eskatzen zuten engaiamendu mailara iristeko. Batzuk arnegatu, beste batzuk traizionatu, eta beste asko balantza nola inklinatzen ikusi arte, ezer egin gabe zain egon ziren beti bezala.
Zaldunek ez zuten lortu nahi zuten guztia. Historiak suntsituak? Galdera ez da huts egin zuten ala ez, baizik eta zergatik gu ere ez gauden gaur eta hemen, kale egiteko zorian beraiek bezala, haiek epaitu baino gehiago gure buruari gehiago eskatuz. ■