Lazkaon jaio zen Marian Garrancho, 1989an, eta bertan eman zituen bere lehen zazpi urteak. Ondoren, Irunera joan ziren bizitzera: «Aldaketa hura oso gogorra izan zen niretzat». Duela hamar urtetik Legorretan bizi da, eta bertan eraiki du familia, «etxean bi izatetik bost izatera pasatu» dira. Haurrekin parkean pasatzen dituzten arratsaldeetan bururatu zitzaien, Eneko Garmendia eta Nagore Sanchezekin batera, Gau Beltza, Oriar jauregiko misterioa liburua idaztea. «Misterioa Legorretako baserri batean gertatzen da eta lau protagonistek gure seme-alaben izenak dituzte». Oso gustura daude liburuak izan duen harrerarekin, eta azken hiru urteetan Legorretan antolatzen duten Gau Beltzak duen arrakastarekin.
Txikitatik da kirolaria. «Esan daiteke pista batean jaio nintzela. Gurasoak atletak izan dira eta baita nire entrenatzaileak ere. Atletismoak naizen pertsona izatera eraman nau. Asko bidaiatu dut eta Euskal Herriko, Espainiako, Europako eta Munduko txapelketetan lehiatzeko aukera izan dut». Orain Crossfitean dabil buru belarri, lehiaketetan ere parte hartuz.
Zer da kirola zuretzat?
Bizitzeko modu bat da. Ez dut imajinatzen nire egunerokotasuna kirolik gabe. Bere neurrian osasuna da.
Ze zaletasun dituzu?
Familian egotea eta kirola. Baita ordenagailuan gauzak sortzea ere.
Pelikula bat edo telesail bat.
Mulan.
Liburu bat.
Xabi Terronesen La noche del 19 eta La bella easo.
Musika talde edo abeslari bat.
Mikel Urdangarinek asko baretzen nau eta BTS Kpop-en estiloa gustuko dut.
Abesti bat.
Zetak eta Neomaken Eguzkilore.
Oporretarako leku bat.
Txikitatik joaten naizen Salamankako Ituero de la Azaba.
Zer gosaltzen duzu?
Kaputxinoa eta nik egindako olo eta txokolatezko opiltxoak.
Kolore bat.
Urdin turkesa.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Amonaren eraztun bat. Momentu berezietan jartzen dut.
Amets bat.
Japoniara bidaia egiteko daukat.
Bizitzako plazer txiki bat.
Gure seme alabekin lo egitea.
Legorretan biziko ez bazina…
Euskal Herriko txokoren batean. ■