Kaan Gundogdu (Mus, Turkia, 1984) unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria 2015ean iritsi zen Goierrira. Lazkaon bizi izan zen lehenengo urteetan, eta pandemia garaitik, Mutiloan bizi da.
Mutiloako Ostatuaren atarian dago Kaan Gundogdu, beste hiru mutiloarrekin, katu baten gora-beheran hizketan. «Katua hil zait, eta beste bat behar dut, bigarren katua bakarrik dagoelako», dio. Taberna barrura sartu, eta banan-banan tabernan dauden guztiak [momentu hartan denak gizonezko helduak], agurtu ditu, besarkada eta musu bana emanez. Euskaldunen artean oso ohikoa ez den jokabidea den arren, denak gustura nabari dira. Denek galdetu diote Kaani zer moduz dagoen.
Horixe da Kaan Gundogdu, Turkiatik Mutiloara bizitzera etorritako irakasle eta ikerlari kurdua. 2015ean Lazkaora iritsi zen, Turkian ezagutu zuen bikote lazkaotarrarekin. «Turkian biologia ikasi nuen. Biologia molekularrean eta genetikan master bat egin nuen. Nire ikasketak hobetzeko etorri nintzen Euskal Herrira. Hemen, bigarren masterra eta doktoretza egin nituen batera, EHUn, eta orain ikerketan ari naiz. Mikrobiologian doktorea naiz».
Aldaketa klimatikoa aztertzen ari da. «Bereziki, bakteria bat ikertzen ari naiz, Vibrio harveyi. Bakteria honi eragiten dio aldaketa klimatikoak. Uraren azidotasunari, tenperaturari eta ph-ari eragiten dio. Arrainei gaixotasunak eragiten dizkie, batez ere otarrainxkei. Asko kontsumituz gero gizakiari ere eragin diezaioke. Momentuz ez da oso larria baina, izan daiteke». Eguberri garai honetan otarrainxkak jateko ohitura handia izaten da, eta arretaz ibiltzeko gomendioa eman du: «Otarrainxkak grisak dira, baina orbain gorri edo laranja bat badu, kontuz ibili behar da. Gaixotasun bat izan daiteke». Aurretik, EHUren Leioako kanpusean aritu zen lanean, baina gaur egun Donostian ari da, EHUko Kimika fakultatean.
Euskaldunen artean gustura
Gustura bizi da euskaldunen artean: «Bai, gustatzen zait inguruan daukadan jendea. Bereziki euskaldunak gustatzen zaizkit. Oso jatorrak zarete. Nik esaten dut, mundu honetan, Euskal Herrian bakarrik bizi naitekeela». Aurretik ere bazuen Euskal Herriaren berri. «Bai, kurduek Euskal Herria ezagutzen dute, euskaldunek Kurdistan baino gehiago. Sinpatia berezia dizuegu». Mutiloan gainera, «oso ondo hartu» dutela dio: «Nire gurasoak, nire anaiak bezala dira, oso kariñosoak dira. Mutiloan oso jende atsegina dago, oso dibertigarriak dira. Gustatzen zait».
Gainera, «hemen bizi kalitatea oso altua» dela dio. «Jendea oso ondo bizi da hemen. Ez dago kutsadurarik. Ur ona dago, errekak… Lan mundua ere Europakoa baino hobea da». Alemania ezagutzeko aukera izan duelako dio hori. «Friburgon egon nintzen. Bizitza ere bizi egin behar da, ez da lana bakarrik. Leioan lan egiten nuenean denek esaten zidaten zergatik bizi nintzen Mutiloan. Ordubetera dago, baina merezi du. Mutiloara iristen naizenean, badakit toki seguruan nagoela, jende atsegina dagoela. Bilbon ez nuke inor ezagutuko. Hemen, familia handi bat gara».
Sagardotegi zalea
Argi du Kaanek: «Normalean kanpoan bizitzea ez da erraza. Inoiz ez zara ehuneko ehunean toki berriko parte sentitzen. Baina nik beti esaten dut Mutiloa paradisua dela, baina ez da nire paradisua. Nik jaio nintzen tokian hil nahi dut; jaio, hazi eta hil nire herrialdean. Baina bizitzak ez badizu uzten, ez dago besterik, beste toki bat aurkitu behar da. Euskal Herriko kultura, jende eta gastronomia asko gustatzen zaizkit».
Sagardotegiak «ikaragarri» gustatzen zaizkio. «Txotx! eta haragia. Sagardotegietako bezalako haragirik ez dut Europan ikusi. Txuleta eta bakailaoa pil-pilean ere bai! Eta sagardoa! Oso kultura interesgarria da sagardoarena. Festetan ere beti sagardoa banatzen dut».
Mutiloan antolatzen diren ekintzetan parte hartzen eta antolatzen laguntzen du. «Lagundu egin behar da. Gutxi gara hemen. Ez da lau pareten artean geratu behar. Etxean geratuta zer egiten duzu, zure herrian pentsatu eta negar egin?». Donostiako Artzain Ona katedraleko abesbatzan abesten du. «Mariaren Bihotza abesbatzan. Zeraingo abesbatzan hasi nintzen, baina lanetik Zerainera etortzeko astirik ez dit ematen, eta horregatik hasi nintzen Donostian».
Baratzea ere badu Mutiloan. «Udalak lur zati bat zozkatu du baratzea egiteko. Nik bakarrik eman nuen izena. Lekak, patata, babarruna, artoa, tomatea… Tomaterik onenak nik izan ditut. Kontserbatzen dut tomatea. Asko gustatzen zait».
Gaztelania Beasaingo Helduen Hezkuntza Iraunkorrean (EPA) ikasi zuen eta euskara Seguran ikasten ari da. «Pentsatzen ari naiz euskara ikastera Maizpidera joatea, intentsibo bat egiteko. EHUn irakasle plaza ateratzeko euskara behar dut».
Kurdistango egoera
Kurdistanen jaioa da Kaan Gundogdu, baina Turkiako Ankara hiriburuan hazi eta bizi izan da. Dena den, uda Kurdistanen pasatzen zuten. Kurdistan estaturik gabeko nazioa da, Turkiaren, Iraken, Iranen eta Siriaren artean banatua, Asiako mendebaldean. Kurduera da kurduen jatorrizko hizkuntza. «Kurdistanen jaiotzeagatik, turkiarra naiz jaiotzatik. Turkian bakarrik 24 milioi gara. Ni jaiotzetik, nire herrialdean, atzerritarra naiz. Ezin nuen nire hizkuntza hitz egin. Debekatuta dago. Turkiarra ikastera derrigortuak gaude. Etxean egiten dugu gure hizkuntza, baina publikoan ez. Adibidez, nire bikoteak nire amak baino hobeto hitz egiten du turkiarrez. Nire amak ez daki turkiarrez».
Kurdistango egoera nola dagoen galdetuta, «gaizki» dagoela erantzun du Kaanek, ezbairik gabe. «21-22 urtean pertsona berdina daukagu agintzen. Jende ona izanagatik, 20 urte asko dira. Aldatu egin behar da, beste batzuei aukera emateko. Kurduak gaizki daude. Udal hauteskundeak izan dira martxoan, Gobernuko funtzionarioa jarri dute alkate bezala. Ez dago elkarrizketarik».■