Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Europar Batasuneko telebista publiko bateko saio entzutetsu batean gertatu zen, duela bi aste. Konpetentziako programak elkarrizketatua nor izango zen jakin eta bere boterea baliatu omen zuen, azken unean, elkarrizketaturik gabe gera zitezen. Goierriko antena arruntenen bidez ere ikus daitezke bi saioak, bai kaltetua, bai kalte eragilea. Goierriko euskaran azalduta, hau gertatu zela ulertu dugu: Nerea Elustondo, Gipuzkoako txapela irabazi eta hurrengo egunean, Goierri Telebistara joan da elkarrizketa egitera. Platora sartzeko ordu erdi falta dela, bertsozale elkarteko komunikazio arduradunak deitu dio. Ez dauka elkarrizketa hori ematerik. Esan dio Urola Telebistakoek jakin dutela Goierri Telebistara joatekoa zela eta, hurrengo egunean, eurei elkarrizketa eskaini behar diela eta, aurretik Goierriko beste inori eman ez diezaion hariak mugitu dituztela.
Ataka ederrean geratu da Elustondo. Elkarrizketa emanez gero, Goierriko bertsolaritza larriki zauritzeko neurriak hartuko omen dituzte UTBkoek. Asko sentitzen duela, beste egun batean etorriko dela, barkatzeko eta parekoak bota ondoren, elkarrizketa grabatu ahal izan dute, baina beste egun batean argitaratzeko baldintza jarrita.
Goierri TBkoek ordu erdiko elkarrizketa zeukaten aurreikusita. Gertatutakoa antenan azaldu, eta Urbiako artaldeen bideoak eta Elustondo anaia-arreben musika jarri dituzte, ordu erdiz, programa betetzeko.
Pentsatzen dut ez dela erraza izango, bat-batean, telebista saio bateko ordu erdia betetzea. Iritzi-zutabeen kasuan, berriz, dezente errazagoa da tarteak betetzea, behar adina karakteretara iritsi ezinda ibiliz gero: (bi bider lau) isil beltza, sol, do, re, mi, fa (beltzak), mi (beltza.), re (kortxea), do, sol, mi (beltzak), re, do (kortxeak), si, do (beltzak), re (luzatu lasai)… ■