Etorkizuneko erronkei aurre egiteko, Urola Garaiko lehiakortasun estrategia berria lantzen ari da UGGASA garapen agentzia. Bi oinarri ezarri dituzte: eragile sozioekonomikoen parte-hartze aktiboa eta lankidetza-mekanismo eraginkorrak.
Urola Garaiko lehiakortasun-estrategia berria diseinatzeko atarian, bi elementu garrantzitsu daude eskualdearen etorkizun erresilienteago eta oparoago baterako oinarriak ezarri dezaketenak: Batetik, eraikiko den estrategian eragile sozioekonomiko guztiak parte aktiboa izatea eta, bestetik, eragile guztiek batera lan egitea ahalbidetuko duten lankidetza-mekanismo eraginkorrak ezartzea.
Eta oinarri horiek ezartzea ez da batere lan samurra, konpromiso, konstantzia eta dedikazio handia eskatzen baitute, baina emaitzak beti merezi du. Geroz eta gizarte eta ekonomia interdependenteago honetan, ez dago aurrera egiteko beste modurik. Eragile bakar batek ezingo dio arazo sozioekonomikoei erantzun, eta saiatuko balitz, ziur inpaktua eta epe luzeko eraginkortasuna ez litzatekeela nahikoa izango.
Horregatik, lankidetzazko gobernantza ez da joera soil bat, baizik eta behar estrategiko bat, garapen jasangarri eta inklusibo bat lortzeko bidean nahitaezko estrategia horizontala. Estrategien sorkuntzan eta inplementazioaren ardura konpartituan oinarritzen da, eskualdeko eragileen arteko elkarrizketa jarraitua eta moldagarria sustatuz.
Askotariko lidergoak, ezagutzak, gaitasunak eta baliabideak behar dira etengabe eboluzionatzen ari diren erronka ekonomiko, teknologiko, sozial eta ingurumenekoei arrakastaz aurre egiteko. Eta horiek guztiak partekaturiko erronken zerbitzura jartzean egin beharko genituzke ahalegin handiagoak; eskualdeko ekosistema dinamikoago eta erresilienteago bat sustatzean, alegia.
Baina ez da nahikoa lankidetzazko-mekanismoak eskualde mailan soilik ezartzea. Urola Garaiak baditu bere berezitasunak eta berariazko beharrak, baina hainbat erronka partekatzen ditu beste udalerri, eskualde, lurraldeekin eta erkidegoarekin ere: digitalizazioa, talentua, energia, ekonomia zirkularra, inklusioa, edo zaintza dira oro har guztiok ditugun erronkak. Honek esan nahi du, administrazioko beste maila batzuekin ere (Foru Aldundia edota Eusko Jaurlaritza) lankidetzazko gobernantza sustatu behar dugula eskualdeetatik, ezagutza eta baliabide ezberdinak gurera erakarriz.
Digitalizazioa ortzi-mugan
Industria da oraindik ere Urola Garaiaren bihotz ekonomikoa. Azken urteetan industria-enpresen kopuruak behera egin badu ere, enpresa horien tamainak gora egin du. Enpresa askok egungo garaietara egokitzen jakin dutela erakusten du horrek. Hala ere, eraldaketa digitala da orain aldaketaren benetako hauspoa, agertoki globalean lehiatzeko egiturazko beharra bihurtu den heinean. Zibersegurtasunak eta adimen artifizialak eman ditzaketen aukerak dira orain enpresa askoren kezka.
Azken urteotan, eskualdeko industria-enpresa askok parte hartu dute agentziak bultzatutako digitalizazio-programetan. Horien ondorioz, gehiengo handi batek handitu egin du eraginkortasun operatiboa, eta teknologia berriak barneratzen joan gara eskualdeko funtsezko sektoreetan. 2024an programa amaitu duten 5 enpresak, beren prozesuen eraginkortasunean eta optimizazioan lan egin dute, fokua errentagarritasunean jarriz. Gainera, horietako 3 enpresak merkatuarekiko beren balio proposamena hobetu dute, eta beste hiruk merkatu berriekiko aukerak landu dituzte posizionamendu digital berria garatuz. Beraien heldutasun digitalaren maila diagnostikatzetik hasi eta barne-hobekuntza eta merkatu aukera berriak identifikatzera heldu dira enpresa hauek, bai eta horiek gaitzeko teknologiak ezagutzera ere.
Kasu esanguratsuenen arrakastaren gakoa aholkularitza aditua eta etengabeko prestakuntza uztartzea izan da, enpresak teknologiak hartzeaz gain, berrikuntzarako jarrera ere garatu dezan.
Ekosistemaren garrantzia
Eta lankidetzak ere badu hemen bere tokia. Lurralde mailan, Foru Aldundiarekin eta beste eskualdeekin batera diseinatutako programa bat garatzen dugu, non elkarrengandik ikasteko aukera dugun. Eskualde mailan, digitalizazioarekin lortutako esperientziak eta emaitzak partekatuko dituen komunitate digitala sortzea ere garrantzitsua da, arriskuak, oztopoak eta erreakzio-denborak murrizteko balio dezakeena.
Azken finean, Urola Garaiko lehiakortasun estrategiaren arrakasta, bere iragan industrialaren onena hartuta, jasangarritasuna eta berrikuntza etorkizuneko eskaerekin integratzeko duen gaitasunaren araberakoa izango da. Eta gaitasun hori, esponentzialki haziko da lankidetzazko gobernantzarako esparru sendo bat eraikitzen badugu, estrategia partekatuak artikulatzeko, eta tartean dagoen komunitatearen ahaleginak bateratzeko aukera emango du.
Komunitatea eraikitzea ez da ahalegin puntual bat, baizik eta epe luzeko prozesu bat. Baina eskualdeko udal, elkarte eta bestelako eragile publikoen eta pribatuen arteko elkarlanaren alde egiteak, egungo erronkei erantzuteaz gain, hazkunde iraunkorreko eredu baterako oinarriak ezartzen ditu, non berrikuntza irekia eta lankidetza garapen ekonomikoaren elementu nagusi bihurtzen diren. ■