Oroitzapen gazi-gozoak dakarzkit argazki honexek. Hogeita zazpi urte bete dira atera nuenetik, 1997ko ekainaren 27 hartatik. Denbora ez da alferrik pasatzen eta egun hartan Zumarragan bildu ziren euskal kulturaren izen handi batzuek utzi gaituzte dagoeneko.
Jorge Oteiza bera 2003an hil zen. Barkatuko didazue baina karga-karga eginda nago dagoeneko ‘joan da’ edo ‘dimentsio berri batean dago orain’ edo ‘hango izar hura izango da’ eta horrelakoez. Jendea jaio, bizi eta hil egiten da, ez dago eufemismotan ibili beharrik. Jose Antonio Sistiaga 2023an hil zen eta Nestor Basterretxea aurten bertan.
Baina nik beste izen bat aipatu nahi nuke, beharbada sona gutxiagokoa, baina itzal handikoa zumarragarron artean: Angel Cruz Jaka. Kultur zale amorratua, langile nekaezina (bai eskuekin -gogoan daukat haren petoa- eta bai buruarekin). Behin izan nintzen haren etxean: «Aranburu, badauzkat ba nik zuri interesatuko zaizkizun paper batzuk» esan zidan eta hala ireki zidan bere etxearen eta artxiboaren atea.
Hala zen, bai, gure arbasoek eskatutako odol garbitasunaren espedienteak zeuzkan, txukun asko fotokopiatuta eta ordenatuta. Gaur egun ez du ondo ematen, badakit, baina duela lauzpabost mende ezinbestekoa zen delako agiri horiek aurkeztea hainbat lan postu edo kargu eskuratzeko. Ehun bat orrialde izango ziren, eskuz idatziak, jakina, eta nago denak irakurri nituela. Oraindik ere jasota dauzkat eta etxekoei erakutsi izan dizkiet…
Etxeko horietako batek bi urte eta erdi zeuzkan orduan eta ez zuen inondik inora mutur haserreko gizon makuludun eta galtzerdi gorridun haren ondoan jarri nahi argazkia ateratzeko. Ni berriz, tematuta, baietz eta baietz, noizbait eskertuko zidala. Pozik bueltatu nintzen etxera, irudi hura kameran izanda. Ez daukagu saltzeko orain diapositiba hura.
PD: bide batez, eskerrak hemendik gure herrian Oteiza handiaren eskultura hau izan dezagun ahalbidetu zutenei. Hori ere esan nahi nuen. ■