Goierri eta Gipuzkoa aldenik alde zeharkatzen dituen errepide nagusia 1760tik 1775era bitartean eraiki zuten. Arlabandik Irunera bitartean, ibilgailuentzat errege-bide berria zabaldu zuten, «nuevo Camino Real de Coches». Aurretik beste errege-bide bat bazen, Oria eta Urola ibaien bailarak elkartzen zituena. Erdi Arotik zegoen bidea baliatu zuten berria eraikitzeko.
Hasi ondoren, 1764an trazatua eta ibilbidea aldatu zizkioten, Goierriko partean. Arrasatetik Oñatira eta Legazpira, eta handik Urretxura joan beharrean, Arrasatetik Bergarara eta Antzuolara, eta Deskarga mendatea gaindituta Urretxura bideratzea erabaki zuten. Urretxu, Zumarraga, Ormaiztegi, Igartza, Beasain, Ordizia, Itsasondo eta Legorreta zeharkatu zituen eskualdean.
Diruz inbertsio kostotsua izan zen errepidea. Gipuzkoako Diputazioak bultzatu zuen, eta Caracasko Konpainiaren akzioak erabili zituen finantziaziorako. Probintziak (%20), errepidea pasatuko zen udalerriek (%10) eta errepidetik aparte geratuko ziren udalerriek (%5) ere errentetatik ordaindu zuten. Eraikuntza 1758an onartu bazuten ere, oso motel aurreratzen ari zirela eta, 1764an diru gehiago jarri beharra ikusi zuten.
Zatika eraiki zuten, kontratista ezberdinekin. Lur desjabetze ugari egin behar izan zituzten. Francisco de Ibero maisuak ondu zuen proiektua eta eraikitze-sistema.
Ezaugarriak eta neurriak
Iberoren plegu teknikoak oso zehatzak ziren, eraikuntzari, materialei eta egiteko moduari zegokienez. Alegiako Guardia etxetik Ormaiztegirako zatia egiteko 1772ko ekainean hasi zuen prozedura Probintziak, eta han ikusten da.
Errepideak zabalean 22 oin gaztelar eduki behar zuen, bi ertzetako kantoi-harriak kontuan hartuta. Alde banatara, lurrez egindako 3 oinezko errefortzua behar zuen, kantoi-harriak babesteko (28 oin denera). Bide aldameneko zangek gutxienez 2 oineko kalibre-koadroa behar zuten. Kantoi-harriak bide osoan jarri behar ziren, 2 oin zabalekoak eta 8 ontza lodikoak. Mortero ugarirekin egonkortutako oinarrian kokatuko ziren, junturak eskuadran eginda eta «perfekzioan erantsita».
Kantoi-harrien tartean, errepidearen zorua prestatzeko, ertzetan oin bateko eta 8 ontzako sakonerako eta erdian 6 ontzako harrizko «ohea» prestatu behar zen, bizkarra sortzeko.Horren gainean, harri sendoz oin beteko lodierako galtzada sortu behar zen, eta zirrikituak bi hazbete lurrez bete. Bigarren geruza, oin erdi lodikoa, erreka-harri lodizkoa, eta hirugarren geruza hartxintxar eta harea nahasketaz botatakoa izan behar ziren. ■