Aloña Jauregi • Lanarlan Ingurumen Elkartea
Ibiliz egiten omen da bidea, zehazki oinez esan dezagun. Ezagutzen dut bide eta xendetatik kanpo ibiltzea nahiago duen jendea, basati edo libreago sentitzen omen delako, baina ezin da ukatu, pausoa lasai eta nora zoazen jakinda ibiltzeak, askotan lasaitasuna eman dezakeela. Oinez ibiltzeko sortua da gizakia, hankabikoak gara izatez, zorte hori suertatu zaigunak behintzat. Kotxez geroz eta gehiago gabiltzan honetan, errepide sare zabal eta inbaditzaile baten esklabu bihurtu gara, etengabeko bezero eta menpeko izateraino.
Bada ordea beste sare zabal bat, lehenagotik datorrena, azkoz lehenagotik, ziur aski gizakia gizaki, edo animaliak animali direnetik eratua. Herri bide edo bidexkena da hori. Azken urteetan, galera izugarria izaten ari den sare lurtarra. Oinezkoen bide sarea, herri bide izan daitezke asko, erabilera publikokoak, bertatik edozein oinezkok oinez pasatzeko eskubidea dutenak, edo beste batzuk lur sail pribatutan barrena doazenak, baina oinez pasatzeko arazorik izaten ez dena, normalean.
Goierri landa eremuko herriz osatua da gehienbat, eta herri bide hauen galera hainbestekoa izanik, sasiak janda, itxiturekin itxita, pribatizatuta eta abar, garaiz gabiltzala esango nuke hauen errekuperazio baterako, eta kaleko aparkaleku, errepide, jardin eta taberna terrazak hainbeste apaindu eta zaindu ordez, gure eskualderi dagozkion landa eremuko politiketan, herri bide sarearen aldeko apustua egitea ona litzateke.
Lehentasunak non jarri nahi ditugun da kontua, eta agian, aulkitik altxa eta oinez ibiltzeko ohitura bultzatuko luke, herri bide sarea berreskuratzeak. ■