Azken urteotan, auzolanaren filosofia berpiztu da; auzolanak, elkartasun eta parte-hartzearen baloreak bultzatuz, indarra hartu du komunitatean, eta proiektu berritzaileak sortzeko oinarri bilakatu da.
Toki edo behar material bat konpondu, txukundu eta zaintzeaz harago, parte hartzea, komunitatearen harremanak indartzea eta bizitza soziala biziberritzea ere funtsezko elementuak dira auzolanean. Goierrin, auzolanerako sentsibilitatea badagoen arren, hori mantentzeko eta transmititzeko beharra ikusten dute eragileek.
Arriarango Elkarteko kultura taldeko kidea den Iker Sancho Insaustirentzat, herritarrak elkarrekin bildu, ekitaldiak antolatu eta horien bidez ideiak eta iritziak trukatzea ere auzolana izan daiteke. Funtsean, auzolana ez litzateke ingurunea zaintzea bakarrik izango, baizik eta elkarrekin bizitzeko eta ingurukoekin interakzioa izateko aukera bat: «Gauza erraza eta naturala da auzolana, norbanakoen eta komunitatearen helburuek bat egiten duten egoera».
Gorka Sasieta Barrenetxea Itsasoko udal batzorde buruak, berriz, komunitate izaerarekin lotzen du: «Auzolana komunitate batean bizitzeagatik dugun konpromiso morala da». Alegia, komunitateari orduak eskaintzea, «izan auzolanetan parte hartuz, izan festen antolakuntzan edo herri mugimenduetan parte hartuz…» Modu batera zein bestera, Goierriko eskualdea horren lekuko izan da urte luzeetan zehar, eta gaur-gaurkoz, oraindik ere sen horri eusten jarraitzen dio.
Goierritik Errigorara
Errigoraren udazkeneko kanpainan, esaterako, ustez Euskal Herrian egiten den auzolan handiena, subjektu aktibo izaten ari dira Goierriko herriak. Nafarroa hegoaldeko produktuz osaturiko saskia eskatu eta aldi berean bertako euskalgintzari ekarpena egiteko kanpaina da, eta behar-beharrezkoa dute honen bidez jasotzen duten ekarpen ekonomikoa; ezinbesteko funtzioa betetzen dute eremu ez-euskaldunean euskara biziberritzeko. Zentzu horretan, saskia eskatzeko jasotze-puntu asko errotu dira aurten Goierrin; handienak diren herriez gain, herri txikiek ere finkatu dituzte bertako saltoki, ikastola zein bestelako komertzio jasotze-punturako gune gisa.
Errekak garbitzeko auzolanak
Komunitatearen kohesioa indartzeko eta herritarrak ingurumenaren garrantziaz sentsibilizatzeko bestelako auzolanetan oinarritutako ekimenak ere egiten dira urtez urte Goierriko ibai eta erreken garbiketa lana aurrera eramateko, izan egun solteetako auzolanen bitartez edo erreka egunak antolatuz. Oria ibaiaren garbiketa lanetan, esaterako, Beasaingo herritarrek etengabe parte hartu dute, eta antzeko ekimenak gauzatu izan dira Ordizian ere. Bertan, Oria ibaiaz harago, Amundarain eta Mariarats erreken garbiketak ere burutu izan dituzte, herritarrek naturarekin duten konpromisoa indartuz.
Ormaiztegin, berriz, noizean behin, Eztanda erreka garbitzeko auzolanak antolatzen dira, eta Segurako herritarrek ere erreka garbitzeko auzolanak egin izan dituzte. Legazpin, irailean antolatzen da erreka eguna, Urola ibaiaren inguruko lanak egiteko, eta bertako bizilagunek kolektiboki parte hartzen dute erreken hobekuntzan: egindako erreka egunetako batean, bildutako zabor guztia herriko plazan utzi zuten astebetez, herritarrak sentsibilizatzeko. Azkenik, Urretxu-Zumarragako herrietan ere ibai zein erreken garbiketak egiten dira urtero, noizean behin erreka egunak ospatuz.
Ekimen hauen helburua ez da soilik naturaren egoera hobetzea, baizik eta herritarrak sentsibilizatzea, ingurumenarekiko ardura hartzera gonbidatzea eta komunitatearen arteko lankidetza indartzea. Auzo-elkarte, talde eta eragile ezberdinen artean egindako lankidetza eta partaidetzaren bidez, Goierriko eskualdeko erreka egunek zein auzolan ezberdinek gizartean aldaketa positiboak sortzen jarraitzen dute.
Herri bide eta mendietako auzolanak
Auzolanek, era berean, herri txikietan eta mendialdeko inguruetan, beti izan dute garrantzia berezia. Herri bakoitzean, auzolanak modu ezberdinean garatu izan dira, baina guztietan ikus daiteke natura eta jasangarritasunarekiko kontzientzia. Ataun, Gabiria, Zaldibia, Itsaso, zein Brinkolan, esaterako, hainbat ekimen eta proiektu garatu dituzte, bertako bizilagunek naturaren eta ingurumenaren baliozkotasuna aitortzen dutelarik.
Ataunen, Otsotarrak elkarteak eta herriko udalak azken mendi garbiketako auzolanetan parte hartu dute, non artile zakukadak bildu diren. Horrez gain, hamabost eguneko auzolandegia antolatu da, non gazte talde batek Ataun eta Urdiain lotzen zituen Erdi Aroko bide zaharra garbitu eta berreskuratu zuen. Auzolan hauen helburua ez zen soilik bideak mantentzea, baizik eta herriguneen eta mendiko inguruneen arteko lotura berreskuratzea, eta, bide batez, gazteen inplikazioa sustatzea. Hiru hilero deitutako auzolanak ere jarraipena izan du, non herriguneetako eta mendiko lanak uztartzen diren.
Bi deialdi Itsason
Itsason, Gorka Sasietaren arabera, «historikoki beharren arabera antolatu» izan dira auzolanak, izan herri bideak garbitzeko edota Kizkitzako berreraikitze lanetan laguntzeko. «Duela hamar urtetik, ordea, sistematikoki bi auzolan» antolatzen jardun dira bertako herritarrak, bata udazkenean eta bestea udaberrian. Sasietak, hiru helburu nagusi aipatu ditu: «Herri bide zein gune eta eraikin publikoak txukuntzea eta ondare horren mantenu egoki bat egitea; herrigintzan eta elkartasunean sakontzea, alegia, auzolanek ematen duten topagune izaera hori aprobetxatuta komunitatea indartzeko aukerak sortzea; eta, azkenik, daukagun ondare publikoa geure sentitzea».
Zaldibian, Arruegi auzoko bizilagunek urtean behin bide bazterrak garbitzeko auzolana antolatzen dute, auzolanaren tradizioari eutsiz. Igirua mendian, berriz, Zaldibiako Udalak mendiko itxitura konpontzeko deialdi bat egin zuen, ingurumenaren zaintzaren garrantzia azpimarratuz. Guraso taldeek ere auzolanak antolatu izan dituzte; Olaldeko basoko sasitza garbitu zuten, ingurua eskola umeen jolas eta lan eremu egoki bihurtzeko.
Brinkolan, berriz, auzolanak burutu ziren 2021ean, Arriurdin auzo elkartearen eskutik. Txoko txikiak txukuntzeko egindako lan hauetan helburua izan zen auzotarrak auzoko parte sentitzea eta, horrela, komunitatearen kohesioa indartzea. Gaur egun, ordea, ez dira elkartzen.
Oiduiegiko leizeak
Aralarko Oiduiegiko leizea garbitzeko auzolanak ere antolatzen dira maiz, eta 2023ko urriaren 27an, Enirio Aralarko Mankomunitateak beste bat deitu zuen. Iaz lehen aldiz egin zuten garbiketa, baina zabor gehiago aurkitu zutenez, aurten lanak jende gehiagorekin amaitu nahi izan dituzte.
Egindako auzolan horietan, besteak beste, 800 kilo zabor atera izan dituzte Oiduiegiko leizeetatik; errefusa izan zen gehien atera zuten hondakin mota, baina baita beira, plastikoa eta txatarra ere. Garbiketa auzolanean parte hartzen duten herritarrek, Aralarko ingurunea zaindu eta babestea dute helburu, baita leizearen osasuna berreskuratzea ere, zaborrak kalteak eragin baititzake naturako ekosistemetan.
Sentsibilitatea handitzeko beharra
Sanchok dioenez, goierritarren artean bada sentsibilitate bat gai honen inguruan, nahiz eta askotan ez den nahikoa zabaltzen eta transmititzen; alegia, askok ez dute jakin ere egiten inguruan egiten diren ekintzaz: «Horrek adierazten du informazioa transmititzeko bideak eta kanalak hobetzeko beharra dagoela». Hori dela eta, uste du «beharrezkoa» dela «tokiko hedabideen inguruko sentsibilitatea handitzea», jendearen kontzientzia zabalduz eta horiek prozesuan inplikatuz.
Sasietak ere azpimarratu du Goierrin auzolan asko egiten badira ere, kolektibotasuna albo batean utzi eta gero eta indibidualistagoa den gizarte batean, «kosta» egingo dela hainbat ekintza auzolanean aurrera eramatea: «Horretarako ezinbestekoa da auzolanak duen esentzia eta izaera ez galtzea». ■
Iker Iriarte: «Tresna politiko eta sozial gisa funtzionatzeko aukera ematen du auzolanak»