Alaine Albisu (Lazkao, 2003) diseinatzaileak Goiekiren enpresa berrien saria irabazi du. 21 urte besterik ez ditu eta, oraindik ikasketak amaitu ez dituen arren, dagoeneko denda ireki du Lazkaoko Elosegi kalean.
Ze ikasketa egin dituzu?
18 urte bete nituen arte Lazkaoko San Benito ikastolan ikasi nuen. Batxilergo zientifikoa egin nuen, teknologikoa. Iruñean Diseinu Transbertsala ikasten hasi nintzen (produktu, moda… diseinua). Baina umetatik argi nuen moda diseinua ikasi nahi nuela eta Iruñean urtebete eman ondoren, Bilbora joan nintzen moda diseinua ikastera. Lau urteko karrera da eta hirugarren mailan nago.
Nondik uste duzu datorkizula bokazioa?
Egia esan, nire familian ez dira moda zaleak. Niri, ordea, beti gustatu zait moda. Pandemia garaiko itxialdian josten hasi nintzen. Gurasoek ea horren inguruko zerbait ikasi nahi nuen galdetu zidaten eta karrera bat zegoela ikusi nuenean, ez nuen batere zalantzarik izan.
Zer moduz Bilbon?
Oso gustura nago. Nahi nuena aurkitu dut.
Nongo jendea zaudete?
Ikasle gehienak Bilbo ingurukoak dira.
Ikasketak amaitu aurretik, denda ireki duzu.
Moda munduan asko kostatzen da norberaren marka ezagun egitea. Hori dela eta, lehenbailehen hastea komeni da. Ez nuen presarik, baina udan poltsak egiten hasi nintzen eta arrakasta izan zuten. Geroz eta gehiago eskatu zizkidaten eta ordutik ez naiz gelditu. Pixkanaka hazten joan da eta azaroan denda ireki nuen.
Zergatik uste duzu izan duzula arrakasta?
Jasangarritasunari garrantzi handia ematen diot eta jendeak horri balioa ematen dio. Moda gehien kutsatzen duen bigarren industria da. Diseinatzaile berriok aldaketaren alde egin beharra dugu. Poltsak kotoiarekin egiten ditut eta arropa merino ardien artilearekin. Merino artilearekin lan egiten zuen Errenteriako enpresa batek itxi egin du eta material guztia erosi diet. Tindagaiak ere beraiei erosi nizkien. Sekulako zortea izan dut. Kotoia, berriz, Madrilgo enpresa bati erosten diot.
Ze arropa egiten duzu?
Bilduma berriko arropa aurki aurkeztuko dut. Puntuzko arropa egin behar dut. Oraingoz, neskentzat bakarrik: jertseak, gonak, nikiak… Kolore biziak izango dituzte. Webgunea ere prestatzen ari naiz. Online salduko dut gehienbat, goizetan Bilbora joaten bainaiz ikastera.
Dendarekin gustura al zaude?
Oso gustura. Denda aurreko bidegorritik jende asko pasatzen da eta bezero gehienak bidegorriaren erabiltzaileak dira. Gainera, inguru honetan etxe asko egin dituzte. Bezero gehienak 25-50 urteko emakumeak dira.
Epe luzera begira, non ikusten duzu zure burua?
Nire marka, Alaine Albisu, nazioartean zabaltzea eta jasangarritasun balioak transmititzea gustatuko litzaidake.
Goiekiren saria irabazi duzu.
Aurkeztea erabaki nuen, baina ez nuen irabaztea espero. Oso pozik nago. Oso motibagarria da. Goiekikoek gaztetasuna eta jasangarritasuna azpimarratu zituzten. Izan ere, hemengo moda industria beste era batekoa da.
Ba al duzu diseinatzaile kuttunik?
Bai. Mundu mailan, Iris Van Herpen eta Stella McCartney. Euskal Herri mailan, berriz, Kotoi, Maider Alzaga eta Ordiziako IMZ.
Zein bide jarraitu behar du gazte batek mundu horretan aurrera egiteko?
Zure estilo propioa eta zure baloreak azaleratzen badituzu, errazagoa da.
Ikasketak eta lana uztartzea ez da batere erraza izango.
Ikasketak bukatzeko gogoa dut, baina ez naiz kexu. Ni neu sartu naiz saltsa honetan. ■