Joxe Mari Arizmendi Amondarainek (Arama, 1961) Beasaingo Indar enpresan lan egin zuen. Duela bi urte aurrejubilatu egin zen. Orain, bere jaiotetxean igarotzen du denbora gehien, anaiarekin eta osabarekin baserri lanetan. Bere zaletasun nagusiak mendian ibiltzea eta irakurtzea dira. «Aralar aldeko mendietan ibiltzen naiz, batez ere. Aizkorri-Aratzera ere joaten naiz, gutxienez urtean behin».
Pelikula edo telesail bat.
Historiaren eta naturaren inguruko dokumentalak gustatzen zaizkit, batez ere.
Musikari bat edo musika talde bat.
60 urte eta gero uztera doan Benito Lertxundi oriotarra. 2-3 urtean behin bere kontzertu batera joateko ohitura nuen. Ikusi nuen azkena Tolosan izan zen. Gehien gogoratzen dudana ere aspaldi Tolosako Leidorren egin zuen bat da.
Abesti bat.
Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean.
Liburu bat.
Orain El iceberg Navarro irakurtzen ari naiz, Peio Monteanorena. Euskarak XVI. mendeko Nafarroan bizi zuen egoera kontatzen du.
Oporretarako toki bat.
Kanariar uharteak, neguan.
Kolore bat.
Udaberriko berdea.
Jaso duzun opari bereziena.
Alabaren jaiotza egunean, lehen aldiz eskuetan hartu nuen unea.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Ezkontza eguna.
Zer gosaltzen duzu?
Limoi zukua urarekin, kiwi bat, jogurt bat, ogi xigortua olioarekin eta kafe huts bat.
Amets bat.
Euskal Herria euskaldun eta aske bat ezagutzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Etxe atzeko jardinean etxekoekin meriendatxo bat egitea.
Goierriko txoko bat.
Altzagako Bostaitzeta.
Araman biziko ez bazina…
Hondarribian. Emaztea oiartzuarra da eta gaztetan askotan joaten ginen Hondarribira. Oso oroitzapen onak ditut.■