Monica Leiva • Kazetaria
Azkenaldian dinamizatzen ditudan irakurketa klubetan, liburu «politak» eskatzen dizkidate. Ez heriotzarik, ez gerrarik, ezer gogorrik. Mariana Enriquez, Vonegut, Kristof, Dubravka Ugresic, Gómez Arcos, baita azken Nobel saria ere Han Kang, kanpora, mesedez. Ez dugu estres gehiago kontsumitu nahi, esaten didate. Eta egia esan, gertatzen ari den guztiarekin, nik ere ihes egin nahiko nuke, neure burua engainatuz: gora delulu aroa!
Hain zuzen ere, Martin Amisen eleberri baten gai nagusia beste alde batera begiratzea da. 2023an Jonathan Glazerrek zinemara arrakasta handiz egokitu zuena: La zona de interes. Hoss familia idilikoari jarraitzen dio istorioak, Auschwitzeko kontzentrazio-esparruko hesiaren beste aldean paradisu batean bizi dira, Bigarren Mundu Gerran. Aita maitekorra eta senar dohakabeaz gain, gerra-kriminal nazi esanguratsu bat da eta bere lana arduraz egiten duena. Eszena bat bada oso ondo laburbiltzen duena: emakumeak gela batean, gatibuen ondasunekin zer egin erabakitzen daude; aldameneko gelan berriz, gizonak labeen eraginkortasuna nola hobetu hitz egiten ari dira.
Kamerak ez du inoiz paradisu hori uzten, baina ke-zutabe nonahikoa iristen da haiengana, baita soinu kezkagarri batzuk ere. Belarriak ezin dira begiak bezala itxi (Javier Mariasen Corazon tan blanco irakurri ezazue). Filmean, musika kezkagarriak jakin nahi ez dena sinbolizatzen du, ilunpe morala. Poliki-poliki paradisuak usteltzen du. Hainbesteraino, non familiak errekan bainu bat hartzen duenean eraildakoen hezur eta errautsak heltzen zaizkien.
Historiak zerbait irakasten badigu, zera da: gaitz erradikalak ongia kutsatzea bilatzen duela. Zirkunstantzia normaletan noblea eta gaiztoa, errukia eta ankerkeria, heroismoa eta gorrotoa argi eta garbi bereizteko aukera ematen duen ezberdintasun zalantzarik gabeko hori ezabatuz. Totalitarismoak pertsonok, guk, ‘jakiteari’ uko egiten diogunean eraikitzen dira. Izan ere, gure paradisuan jarraitzeko, telebista itzali eta irakurketa «politak» aukera ditzakegu, baina zer egingo dugu errealitatearekin?
La zona de interes-en bada pertsonaia inspiratzaile bat: kontzientziaz hezia izan den neskato bat, errukia motor gisa jarduteko erabiltzen duena. Gauez ezarian joaten da, eta presoen lantokietan sagarrak ezkutatzen ditu. Ahal duenaren arabera jokatzen du. Egin dezakeen apurra, egin egiten du. Berak ordezkatzen du ‘dakiena’ eta izugarrikeriari aurre egiten dio. Bizi ditugun garai nahasi hauetan, agian itxaropena, ihes egin beharrean, jakin nahi izatea da.■