Natale Armendariz (Ordizia, 2002) Industria diseinu eta produktu garapeneko ingeniaria da eta joan den ikasturtean bere Gradu Amaierako Lan gisa desgaitasun fisikoa duten pertsonentzako jostailu sexualak diseinatu zituen. Bere lana dela eta, Mondragon saria jaso zuen joan den asteburuan, Pertsonetan Oinarritutako Eraldaketa arloan, talentua, aniztasuna eta inklusioa atalean.
Zerk eraman zaitu gai hau lantzera?
Joan den ikasturtean Euskal Herritik kanpora irteteko aukera izan nuen eta aukera hau aprobetxatuz, Istanbulera joan nintzen, Turkiara. Bertako unibertsitatean diseinu inklusiboaren gaia ezarri zidaten eta nik lehen momentutik argi izan nuen gurpildun aulkiak eta antzerako tresnak diseinatzetik haratago joan nahi nuela inklusioa gai izanik; zerbait sakonagoa egin nahi nuen, nire buruari eta gizarteari hausnarrarazteko moduko zerbait egin nahi nuen, erronka anbiziotsu eta motibatzaile bat izan. Ondoren, Telmo Irureta aktorearen hitzak entzun nituen gai honen inguruan eta sentipenak piztu zizkidan honek, gehiago jakiteko gogoa. Gaiaren inguruan hausnartzen hasi eta Irureta inspiraziotzat hartuta, gehiago ikertzen hasi nintzen desgaitasun fisikoa duten pertsonen desira sexualaren inguruan eta hauek praktikara eramatean dituzten oztopoen inguruan. Gai oso interesgarria iruditu zitzaidan eta momentu horretan bilatzen nuen hausnarketa motarako bikaina zen.
Zein tresna sortu duzu eta zein dira hauen diseinuaren berezitasunak?
Egindako diseinuak merkatuan topa daitezkeen horietatik haratago doaz, nahiz eta egun dauden tresna horietan oinarritu, izan ere, egun merkatuan dauden tresna sexualek eskuen erabilera exijitzen die erabiltzaileei eta ondorioz, ez eskuragarri bilakatzen ditu desgaitasun fisikoa duten pertsonentzat, batez ere, gerritik gorako gorputz-adarretan mugimendu mugatua dutenen kasuan. Beraz, ideia horretatik abiatuta egun emakumeentzako sexu tresnen artean oso ezaguna den eta merkatu honetan iraultzailea izan den Satisfyerra hartu dut oinarri eta hau nire targetaren beharretara egokitu dut, hala, haientzat eskuragarria den tresna bat sortuz.
Zein dira ikerketa honetan atera dituzun ondorio nagusiak?
Ikerketa honetan ondorioak beharrean, hausnarketa nagusi bat atera dudala esango nuke. Normalean sexuan pentsatzean desgaitasunak dituzten pertsonak, izan desgaitasun fisiko zein intelektualak, ez ditugu kontuan hartzen eta alor honetan baliogabetuta daude gizartearen begietara. Baina kontuan izan behar dugu pertsona hauek ere desirak dituztela, desiragarri izan daitezkeela eta desira horiek nahi bezala bizitzeko eskubidea dutela; eskubidea baita sexuan askatasuna izatea pertsona orok bere sexualitatea nahi bezala bizitzeko, mugak alde batera utzita. Uste dut gizarte bezala egin beharreko hausnarketa bat dela hau eta presente izan behar dugun zerbait.
Mondragon saria jaso duzu. Zer izan da sari hau zuretzat?
Niretzat sari hau nahiko garrantzitsua izan da arlo pertsonalari zein sozialari begiratuz. Sari honekin denbora honetan guztian egin dudan lan hori balioan jarri dela uste dut eta honek norbanako gisa asko pozten nau. Bestalde, esango nuke epaimahaiak gizarteari egindako ekarpen positibo gisa hartu duela aukeraketa egiterakoan, gaia bera gizartearentzat garrantzizkotzat jo dutela, ikusgarritasuna emateaz gain. Beraz, uste dut hausnarketarako balio dezakeela sari honek, kontzientzia hartzeko eta eskuragarritasunera begira, baliabideak eskaintzeko bidean pausoak emateko. ■