Tolosaldeko eragileekin egindako hausnarketa saio eta praktiketan oinarrituta, dokumental bat eta gida praktiko bat ondu dira, auzolanaren esperientziak eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko proposamenak biltzen dituztenak. Hala, balio kolektiboak indartuz, auzolanaren kultura egungo gizartean sustatzeko pausoak eman dituzte. Zaldibian bizi den Iker Iriarte (Alegia, 1984) da dokumentalaren egileetako bat.
Nola iritsi zitzaizun ‘Auzolangiltza’ egiteko proposamena?
2022an, Tolomendi Tolosaldeko Landa Garapenerako Agentziak Auzolangiltza proiektua martxan jarri zuen, XXI. mendean auzolanaren funtzioa aztertzeko; proiektu pilotu gisa abiatu zen, etorkizunean Euskal Herrira zabal zitekeen helburuarekin. Norbanako eta eragile ezberdinekin egindako lanketetan ateratako ondorioak jasotzeaz gain, forma berezi bat hartuko lukeen dokumental bat egitea proposatu zidaten. Horretarako, Pablo Dendaluze tolosarrarekin lan egitea erabaki nuen, eta hilabete baten ondoren, proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki genuen.
Auzolanei buruzko testigantzak bildu genituen, baita Espainian, Marokon eta Europan ere, genero ikuspegitik eta belaunaldi desberdinetatik. Dokumentalaren grabaketa 25 ordukoa izan zen, baina azken produktua 45 minutukoa izan da, 20 lagun elkarrizketatuta. Prozesua 2023ko irailean bukatu genuen, edo behintzat, abandonatu, amaiezina den dokumental bat baita, eta urrian estreinatu genuen, Alegian eta Tolosan.
Zein analisi egiten duzu egungo auzolanaren errealitateaz?
Harrituta nengoen auzolanaren inguruan Euskal Herrian egindako lan kopuruarekin; tradizio handia izan arren, Karmele Mitxeltorenaren lana salbu, oso gutxi egin delako. Auzolanak landa eremuetan gainbehera izan duen arren, tresna baliagarria izan daiteke oraindik komunitatearen beharrak asetzeko. Era berean, nire ustez, eremu urbanoetan ere merezi du lanketa bat egitea, auzolana tresna politiko eta sozial gisa funtzionatzeko aukera ematen duelako, balore kolektiboak indartuz.
Nolakoa izan da dokumentala sortzeko prozesua? Zein zailtasun izan dituzue bidean eta nola egin diozue aurre?
Hasieratik, aurreko belaunaldiei aitortza egitea eta egungo jarduerak jasotzea izan ditugu helburu. Oro har, jendearen prestutasuna zela eta, prozesu erraza izan bada ere, zailtasunik handiena 2023ko ekainean etorri zen, Dendaluzeren estudioko ekipoa hondatzean; hilabete eta erdi luze egon ginen ekipoa berreskuratzea posible zen edo ez jakin gabe. Zorionez, dokumentala ia guztiz gordeta geratu zen, baina tentsio handia bizi izan genuen.
Zure ustez, auzolanaren tendentzia honek jarraituko du aurrera begira ere?
Denboraren iraupen prozesu horretan, administrazioek, herritarrak aktibatzeko eta belaunaldiei auzolanaren ideia transmititzeko erronka politiko garrantzitsua dutela uste dut. Herri txikietan oraindik mantentzen da, baina hurrengo belaunaldiak gero eta indibidualizatuagoak dira, hala nola teknologiaren eraginaren ondorioz. Hala, hirietan, berriz, nahiz eta zailagoa izan, auzolanak auzoka edo atarika egin daitezke, baina prestutasuna izatea da horretarako erronka nagusia.
Aurrera begira zer?
2025eko udaberrian Tolosaldean DBH3ko gaztetxoekin auzolanari buruzko proiektu pilotua abian jarri nahi dugu, dokumentala aitzakiatzat hartuta gaztetxoenekin lanketak egiteko. Dokumentalean, Tolosan 13-14 urteko gazteek udan auzolandegiak egiten dituztela jasotzen da, eta beraz, eskoletara joan, dokumentala erakutsi, gidaliburua banatu eta lanketak egiteko asmoa dugu. Helburua da beharrak identifikatzea eta egindako lana Gipuzkoa eta Euskadi osora zabaltzea, ahal bada behintzat. ■
Auzolanaren senari eutsiaz Goierrin (erreportajea)