Lide Egizala • Arte zalea
Duela gutxi Artea izeneko antzezlan bat ikusteko aukera izan nuen. Lehenengoz aurreko mendean taularatu bazen ere, artearen munduan bogan jarraitzen duten gaiak jorratzen dira bertan. Paradoxikoki obrako protagonista da gidoia ikasi beharrik izan ez duen bakarra, bera objektu bat baita, koadro bat. Bere berezitasuna da mihise zuri eta huts bat dela. Erosi duen pertsonaiaren ustetan, ‘maisulan’ bat da eta ez zaio axola izan 50.000 euro ordaintzea beragatik. Haren lagunek, ordea, tontotzat jotzen dute. Puntu honetan abiatzen da artearen subjektibotasunaren inguruko eztabaida amaigabea. Zenbatetan entzun ditugu «hori nik ere egin dezaket» edo «ume txiki batek egindakoa dirudi» esaldiak artelan bat ikusi orduko? Baina, benetan hain sinplea izango balitz, denok ginatekeen honezkero artista.
Artearen munduan dadaismoa eta surrealismoa izan dira arte kontzeptuala landu dituztenetako bi mugimendu. Artistek arte tradizionala suntsitzea bilatzen zuten, planteamendu arrazionalak alboratuz. Horien artean aski ezaguna da Marcel Duchampen Iturria obra: atzekoz aurrera jarritako pixaleku bat. Batzuentzat adar jotze bat izango da, beste batzuentzat, aldiz, maisulan bat. Iritziak iritzi, inork ordura arte mahai gainean jarri gabeko planteamendu bat plazaratu zuela ezin da ukatu. Arte kanonikoa desafiatu eta ohiko logika suntsitu nahi izan zuen Duchampek. Eta agian, ez al dago hor koxka? Nondik begiratzen diren gauzak. Azken batean, irizpide finko eta bakarrak al daude zerbait artea den ala ez erabakitzeko? Arteak askotan hausnarketara bultzatzea bilatzen du, ikuslearen neuronak dantzan jartzea. Horrela, obraren inguruan sortzen diren gogoetak eta ideiak bihurtzen dira askotan artelana bera. Ez dago dena ulertu beharrik obra bat estimatzeko, eta gustatzea bezain bidezkoa da ez gustatzea. Hori dela eta, beti sortuko da artea den ala ez den eztabaida. Batzuentzat pixaleku bat ‘poetikoa’ izango da, beste batzuentzat aldiz, zabor hutsa, nahiz atzekoz aurrera edo aurrekoz atzera jarri.■