Beti berarekin zeraman. Zihoan lekura zihoala, betaurrekoak behar ez izanda ere. Adinaren kontuak, inoiz ez baitzuen bista arazorik izan, baina urteak pilatzen hasten diren heinean, gorputz guztiak bezala, bere bi begi urdinek ere denboraren sasoiak dakarren zama sentitu zuten halako batean. Medikuak, gogoz kontra, animatu zuen betaurrekoak erabiltzera. Seguru, gaztea balitz, lentillak nahiago izango zituela.
Betidanik bere burua asko zaindu zuen emakumea izan zen gure amona. Ez zituen ordea, jendaurrean betaurrekoak poltsikotik aterako. Nahiago zuen paperekoa irakurri gabe geratu, tramankulu handi eta zatar horiek jantzi eta orri zurietako hitz handi-mandiak patxadaz ikuskatzea baino. Nik uste, lotsa kontua zela, gazte mantendu nahi zuen eta gainerakook ere gazte ikus genezan amets egiten zuen.
Betaurrekorik gabe oroituko dut, ordea. Etxetik atera behar zuen bakoitzean, egunero poltsan sartu ohi genion bere zorrotxoa, nahiz eta ondo asko genekien, alferrik zela. Irribarre goxo eta leunez barneratzen zituen poltsara. Ez zituen, ordea, atera ere egingo.
Pixkanaka-pixkanaka ohitzen joan zen arte; perfumea botatzeaz akordatzen zen bezala, sartzen zituen poltsan betaurrekoak, diru zorroarekin batera. Naturaltasunez, norbait begira egon zitekeelako susmorik gabe, nire harridurarako.
Karameluak gordetzen zituen zorroan. Paseoan ateratzen zen bakoitzean, parkera hurbiltzen zen, eguzkitan goxo-goxo banku batean eseri eta haur mordoxka gerturatzen zitzaion. Gure amonak irribarrerik onenarekin poltsa zabaldu eta betaurreko zorrotik karameluak banatzen zituen umeen artean. Kolore, forma eta zapore guztietako goxokiak oparitzen zituen, denen gozamenerako. Zorroan, denetarik kabitzen zen eta.
Bakoitzarentzat bere goxokia izaten zuen: neskatila muxu gorriak piruleta gorria hartzen zuen beti, mutil ile hori bihurriak, limoizko karameluak izugarri atsegin zituen; beltzaran lotsati hark, berriz, handi handiak zirenak, kolore eta zapore anitzekoak nahiago zituen. Ahoan ahalik eta denbora gehien irauten zutenak.
Negu honetan utzi gaitu amonak, arratsalde euritsu batean. Eguzkia lehen izpi beroak jaurtitzen hasi den egunean ohartu dira haurrak amonaren hutsuneaz. Udaberriko lehen egun hauetan, parkera korrika batean irten direnean bankuaren alboan bildu dira denak. Zain eta zain orduak igaro dituzte, amonarik ez zaie agertu.
Harrezkero, parkeko bankua hutsik geratu da. Txorien txorrotxioek bere irribarre goxo eta umila dakarkidate gogora. Haurra nintzenean, berarekin paseora ateratzen nintzenean kantatzen zizkidan kantu ederrak entzuten ditut kukuaren eta txantxangorriaren ahotan.
Eguzkia diz-diz zeruaz jabetzen denean, begien aurrean dauzkat bere aurpegi leun, eder eta laztangarria goxoki ferekatzen zuten udako arratsaldeak. Eta haizeak ilea laztantzen didanean, bere esku leunak soinean nabaritzen ditut.
Banku horretantxe utzi dut bere betaurreko zorroa. Parkera hurbiltzen diren haur guztiek gogora dezaten karameluekin banatzen zuen goxotasuna.■