Migel Mari Jauregi ‘Altzo’ • Zaldibia
National Geographic Almitza Sega Elkartearekin, gurekin, jarri zen harremanetan 2008ko uda-udazken aldera. Arrazoi nagusia, nonbait, munduko kultura eta herri izaera ezberdinetan, oraindik ere irauten duten herri kirol jarduerak zuzenean ezagutu eta probatzea zuten. Dirudienez, ordurako Tibet eta beste hainbat lekutan ibiliak ziren antzeko helburuarekin.
Hemen, Euskal Herrian, herri kirol jaialdi ezberdinetan hartu zuten parte; harri-jasotzen, aizkoran, etab… Bi estatu batuar indartsu izan ziren protagonista nagusi; showman profesionalak biak. Guregana etorri aurretik Elgoibarko plazan ere jardun zuten harri-jasotzen etab. Washingtongoa zen programazioaren buru egiten zuena.
Zaldibiako Arruarte baserriko Etxaburu belardian jardun ziren segan, Arkaitz Arteaga eta Maria Luisa Gabirondo garai hartako Euskal Herriko txapeldunak biak. Bost orduko filmaketa lana bukatuta, Lazkaoetxe jatetxean bazkaldu genuen amerikanoekin: Zaldibiako mondejua, odolkia, indoaba, aza, txuleta, ardi gazta eta guzti.
Euskal segalaritzarentzat bizigarri polita izan zela uste dugu ‘munduaren beste aldeko ipurdian’ ere jakitera eman zelako. National Geographic-en eskutik izanik ere, Euskal Herria existitzen dela bere herri kirol eta guzti aditzera ematea ederra izan zen.
Herri kirol aniztasun multzo guzti horretan, segalaritza desagertzear dagoen espeziea da, hemen Euskal Herrian behintzat.
Europa mailako sega elkarteen antolaketa egituran partaide aktibo izateak (Euskal Herria bezala noski) biziberritu eta irauteko arnasa ematen digu. ■