Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Gure ‘beharrak’ esponentzialki handitzen diren Gabon garaia badatorkigu. Aldi hau bakarrik bagenu, ordea, gaitz erdi.
XVIII. mende amaieran hasitako industrializazioak, oinarrizko ondasun eta zerbitzuak sortuz, aurrerapen handia ekarri zien eremu industrialetako herritarrei. Orduko psikologo eta adituen arabera, bazirudien oinarrizko beharrak aseta, ordura arteko kontsumoaren igoera azkar hura baretuz joango zela eta askoz ere denbora libre gehiago izanik, ongizatean, garapen pertsonalean eta zoriontasunaren bidean murgilduz, beste fase batean sartuko zela gizakia. Logikaren barruko iragarpena izanik ere, erdiz erdi kale egin zutela begi-bistakoa dugu.
Interes ekonomikoak giza interesen gainetik jarrita, gero eta ondasun eta zerbitzu gehiago zituzten herritarrak orduan eta gehiago kontsumitzen jarraitzeko joera etengabeari hasiera eman zitzaion. Ekoizpen ekonomia batetik kontsumo ekonomiara pasata, gizarte kapitalistak ekarri duen kontsumo masiboa adikzioa bilakatzen ari da, XXI. mendeko gaixotasunetako bat kontsideratuz. Hori gutxi ez balitz, giza baloreen eta ingurumenaren hondamena ere bai berarekin batera.
Kontsumo gizartearen eta sistema ekonomikoaren beharrak ardatz izanda, marketin eta publizitate enpresek, behar ez ditugun ondasun eta zerbitzuak kontsumitzera gonbidatzen gaituzte behin eta berriro, horrek zoriontsu egingo gaituenaren mezuaz.
Ondo sentitzeko asko behar dugunaren ustea da, aditu askorentzat, momentuko plazeraren eta ondorengo antsietate nahiz depresioen jatorri nagusietako bat. ‘Behar’ horiek murrizten ikasteko, gure aurreko belaunaldietara bidaiatzea proposatzen digute, haienak eta guk, gaur egun, sentitzen ditugunak kontrastatzeko.
Banoa aitona-amonen baserrira. Ea bidean ez naizen galtzen. ■